2013/12/02ko prentsa-oharra
Jaiotzak %3,1 gutxitu dira Euskal AEn 2012an
Ama atzerritarren jaiotza gehiago eta espainiarren gutxiago
2012an Euskal AEn 20.553 haur jaio ziren, aurreko urtean baino %3,1 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Ama atzerritarren artean %1,5eko hazkundea, eta espainiarren artean %3,9ko murrizketa.
1976tik aurrera, jaiotzek beheranzko joera nabarmena izan zuten; joera hori, dena dela, moteldu egin zen 80ko urteen amaieran, eta 1994an heldu zen mailarik apalena. Harrezkero goraka, apalki eta gora-beherekin.
Arabak du (%-4,0) jaitsierarik handiena, guztira 3.293 jaiotza; Bizkaian 10.342 haur jaio ziren (%-3,2) eta Gipuzkoan 6.898 (%-2,3).
Jaiotzak mila biztanleko 9,3 izan ziren, 70eko hamarraldikoetatik oso urruti. Kopururik handiena Araban da (‰10,1), Gipuzkoan ondoren (‰9,8) eta Bizkaian (‰8,9).
Jaiotzen %80,3an amak 30 urte baino gehiago zituen
Haurrik gehien 30-34 urte bitarteko amenak dira, %40, dezente gutxitu badira ere. Ugarituz darraite 35-39 urtekoen (%33,6) eta 40tik gorakoen (%6,8) haurrek. Azken bost urteetan bezalaxe, 25-29 urteko amen haurrek (%14,1) eta 20-24koenek (%4,4) gutxituz darraite. Bizirik jaioen %1,2 ama nerabeek (253 guztira) ekarri zituzten; kopuru hau ere pittin bat beheraka.
Amen %17 atzerritarra zen
Amen %17, atzerritarrak; guztira 3.482 haur ekarri zituzten. 575 ama, Marokokoak; 295, Errumaniakoak; 265, Kolonbiakoak; 244, Boliviakoak; 156, Ekuadorkoak; 152, Aljeriakoak; 151, Paraguaikoak; 140, Brasilgoak; 135, Txinakoak.
Emakume atzerritarrak urte gutxiagoekin amatzen dira, Euskal AEn bizi diren espainiar naziotasuna dutenak baino; erdiak ia (%48,9) 30 urte baino gutxiagorekin.
Amen batez besteko adina, 33 urte. Espainiarren artean 33,7 urte; atzerritarren artean, 29,6.
2012an aurreneko haurra izandako amen batez besteko adina, 32 urte.
10 urtetan bikoiztu egin dira ezkontzaz kanpo jaioak
2012an ezkontzatik kanpoko jaiotzak 7.365 izan ziren, guztien %35,9; 2011n baino %1,3 gehiago. Arabak eta Bizkaiak Euskal AEko batez bestekoa baino ehuneko handiagoak izan zituzten, %36,7 eta %36,2; Gipuzkoak, berriz, balio erlatibo txikiagoak (%35). 2002koa (%18) eta oraingoa alderatuz gero, azken 10 urteetan ezkontzaz kanpo jaiotakoak bikoiztu egin dira.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2012ko lehen jaiotzak, 11.252, guztien %54,8 izan ziren; bigarrenak %36,6 eta hirugarrenak eta ondorengoak %8,6.
Erditzeak 20.086 izan ziren: horietatik 19.561, bakunak; 512, bikoitzak; eta 13, hirukoitzak. Erditze guztietatik, 1.230 garaiz aurrekoak izan ziren (%6,1).
2012an bizirik jaiotakoen artean, 100 neskatoko 109 mutiko jaio ziren. Mutikoen batez besteko pisua, 3.326 gramo; neskatoena, 3.202.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua