2013/12/23ko prentsa-oharra
Ospitaleetako erikortasun-estatistika. Euskal AE. 2012
2012an ospitaleratutakoen ia erdiak 65 urte edo gehiago zituen
Haurduntza, erditzea eta erdiberriaroa %4 gutxitu dira
Euskal AEko ospitaleetan, 2012an 310.389 alta eman ziren; publikoetan %76,5, pribatuetan %23,5, Eustaten datuen arabera.
Ospitaleratutakoen %97,3 Euskal AEn bizi zen (%48,8 Bizkaian, %33,2 Gipuzkoan, %15,3 Araban); %2,6 beste probintzietan (Kantabrian eta Burgosen, batik bat); %0,1 atzerrian.
Gizonak %48,4, emakumeak %51,6. Talde jendetsuena, 65 urte edo gehiagokoak. Hauek ugarituz joan dira: 2000n %39,5 ziren, 2012an %44,4; 79 urteko jendea ospitaleratzen da gehien. Garrantzian bigarren taldea, 15-55 urte bitartekoa; 2012an txikitu egin zen, erditzeak gutxitu ziren-eta.
2012an gehien diagnostikatutako patologia begi-lausoa izan zen; berriz ere nerbio-sistemaren eta zentzumen-organoen gaixotasunak izan ziren ospitaleratze-arrazoi nagusiak (%12,3). Ondoren zirkulazio-aparatua eta digestio-aparatua (%11 pasa biak), eta tumoreak eta gaixotasun osteo-muskularrak (%9 pasa bakoitza).
Aurreko urtearen aldean, ohiko ospitaleratzeak (pazienteak gutxienez egun 1 pasatzen du bertan) %0,6 gutxitu ziren 2012an (estatuan %-0,8). Haurduntza, erditzea eta erdiberriaroa bigarren urtez jarraian gutxitu ziren: 2012an %4 eta 2011n %1 .
Gizonak batez ere digestio aparatuagatik (%14) eta zirkulazio-aparatuagatik (%13,8) ospitaleratu ziren. Lehen taldean iztai-herniak eta behazun-harriak aurren eta bigarrenean bihotz-gutxiegitasuna.
Emakumeak haurduntzak, erditzeak eta erdiberriaroak eramaten dituzte ospitalera gehien bat; batez ere haurduntza aurreratuak. Nerbio-sistemaren eta zentzumen-organoen gaixotasunak (%13,6) datoz ondoren eta zirkulazio-sistemarenak (%9,8); lehen taldean begi-lausoa aurren eta bigarrenean barizeak.
Tumoreak ospitaleratzeko laugarren arrazoia ditugu (%9,5); gizon gehiago, eta ugarienak maskuria, kolon eta titian (emakumeak).
Gaixotasun osteomuskularrak (%9,2) bosgarren ditugu; gehien bat 45-64 urte bitartekoei eragin zieten eta berdintsu gizon zein emakumeei, baina belaunak eramaten ditu gizonak ospitalera eta osteoartrosiak emakumeak.
Arnas-gaixotasunak (%9) seigarren; gizon gehiago eta aurren bronkitis kronikoa eta pneumonia.
Ospitaleko batez besteko egonaldia, 5,8 egun 2012an D 2011n 6). Egonaldi luzeenak: asaldu mentalak (14,4 egun), jaiotza-inguruko gaixotasunak (11,2), infekzioak (9), tumoreak (7,9).
Ospitale-hilkortasuna %2,4; hilgarrien tumoreak (%22,8) eta zirkulazio-gaixotasunak (%22,7), hilkortasun orokorraren ordena berean.
Oharra: Datuak akutuen ospitaleetakoak dira. Ohiko ospitaleratzeak hartu dira aintzat, gutxienez gau batekoak eta egunean bertan burutzen direnak
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62
Ospitaleetako erikortasun-estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Ospitaleetako erikortasun-estatistika. Datu bankua