2014/01/30eko prentsa-oharra
Euskal AEko establezimendu-kopurua jaitsi egin da bosgarren urtez jarraian
Jarduerari ekin eta eten zutenen arteko saldo garbia, aurreko urtearen aldean, bost mila pasa establezimendu gutxiago da
Euskal AEn, 2013ko hasieran, jarduera-sektoreetako 161.067 enpresa ari ziren, Eustaten datuen arabera, 179.285 establezimendutan (lantegietan, dendetan, bulegoetan…), urtebete lehenago baino %2,8 gutxiago.
Establezimendu kopurua sektore guztietan murriztu da, Nekazaritza, abeltzaintza eta Arrantzan (%+14,9) eta Administrazio publiko, hezkuntza eta osasungintzan (%+1,4) izan ezik. Aipagarriak dira Higiezinen jarduerak (%-19,0) eta Eraikuntza (%-8,9).
Sektore kopuruz handiena Merkataritza, garraio eta ostalaritza da, establezimendu guztien %38,3; ondoren Jarduera profesional eta laguntzaileak, %15,6 eta Eraikuntza, %12,6.
Merkataritza, garraio eta ostalaritza bada baita ere garrantzitsuena enpleguari begiratuz; Jarduera Ekonomikoen Direktorioak kontabilizatutako guztirakotik (855.093) %26,1 enplegatzen baitu. Ondoren Industria, energia eta saneamendua, %21,3, eta Administrazio publikoa, hezkuntza eta osasungintza, %20,7.
Sektore-egitura aldatu egiten da lurraldeen artean. Araban enplegatzailerik handiena Industria, energia eta saneamendua da, %28,0; ondoren Merkataritza, garraio eta ostalaritza, %22,8, eta Administrazio publikoa, hezkuntza eta osasungintza, %22,5.
Bizkaian aurrena Merkataritza, garraio eta ostalaritza, %27,3; bigarren Administrazio publikoa, hezkuntza eta osasungintza, %20,5 eta hirugarren Industria, energia eta saneamendua, %16,7.
Gipuzkoan aurrena Merkataritza, garraio eta ostalaritza, %26,0; bigarren Industria, energia eta saneamendua, %24,9 eta hirugarren Administrazio publikoa, hezkuntza eta osasungintza, %20,2.
Tamainaren araberako establezimendu-banaketa 2012an aurreko urtekoaren oso antzekoa izan zen. Apenas 2.260 establezimenduk, guztien %1,3k zituzten 50 langile edo gehiago; halere, enpleguaren %38,1 ziren. 133.796 establezimendu, guztizkoaren ia hiru laurden, ez dira 3 lanpostura heltzen eta enplegu guztiaren %19,5 bakarrik hartzen zuten.
Establezimenduen jarduera-adarraren araberako batez besteko tamainaz, enplegu-kontzentraziorik handiena, bai Euskal AEn, bai lurraldeetan, Industria, energia eta saneamenduan da. Euskal AEn establezimenduko batez besteko tamaina 14,2 enplegu da. Araban 18,0; Bizkaian 12,7 eta Gipuzkoan 14,2. Administrazio publiko, hezkuntza eta osasungintzan establezimenduen batez besteko tamaina: 14,4 Araban, 10,3 Bizkaian eta 10,6 Gipuzkoan.
ENPRESAK
Establezimenduen jardueraren euskarri diren unitate juridikoen –enpresen- %97,7k egoitza Euskal AEn dute eta 3.662k estatuaren gainerakoan. Bizkaian 80.493 enpresa daude, erdia baino gutxixeago; Gipuzkoan 55.249 (%34,3) eta Araban 21.663 (%13,4).
Enpresen batez besteko tamainak lehengoan dirau: 5,3 okupatu enpresako, eta 4,8 establezimenduko. Nortasun juridikoaren araberako azterketan alde nabarmenak daude. Titularra Pertsona Fisikoa denean, 1,4 enplegu, bai enpresako, bai establezimenduko; gainerako forma juridikoetarako batez besteko horiek 11,0 eta 8,9 okupatu dira, enpresako eta establezimenduko.
ENPRESA-DEMOGRAFIA
Urte horretan euren jarduera hasi duten enpresen eta eten dutenen arteko saldo garbia: -5.186.
Errotaziorik handiena Merkataritza, garraioa eta ostalaritzan (alten %30,5 eta bajen %31,2), Eraikuntzan (alta guztien %15,6 eta baja guztien %22,8) eta Jarduera profesional eta laguntzaileetan (alta guztien %17,1 eta baja guztien %15,5) nabarmentzen dira.
Demografia nortasun juridikoaren arabera aztertuz gero, Pertsona Fisikoaren formula juridikoarekin sortutako establezimenduak nabarmentzen dira: alten %66,6 eta bajen %60,0.
Enplegu kontuetan, Pertsona fisiko diren establezimenduetan gauzatu dira alten %45,1 eta bajen %37,5. Sozietate mugatuetan izan dira enplegu alten %34,1 eta bajen %34,5.
Establezimenduen tamainaren arabera, geruzarik dinamikoena 2 enplegu edo gutxiagokoa da, ohi bezala. Berak bakarrik alta guztien eta baja guztien %90,7 hartu ditu.
Establezimendu handiagoen (50 langile edo gehiagokoen) geruzan alten %0,1 besterik ez, eta bajen ehuneko bera. Berriz, haienak dira enplegu-alten %5,6 eta bajen %7,1.
Ohar metodologikoa: Edizio honetatik aurrera, Jarduera ekonomikoen direktorioak establezimendu eta enpresentzat Pertsona Enplegatuen kopurua eskaintzen du, Enpleguaren ordez, europar araudiarekin egokitzeko. Aldea hau da: denbora partzialeko kontratuetan lehenengoak kontratu adina pertsona kontabilizatzen ditu; bigarrenak dedikazio osokotzat baliokidetzen ditu.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal enpresen egitura eta demografiari buruzko Prentsa-oharrak
Euskal enpresen egitura eta demografiari buruzko datu-bankua