2014/04/15eko prentsa-oharra
Euskal AEko biztanleria landuna %0,5 jaitsi eta langabezia-tasa %15,5 da 2014ko lehen hiruhilekoan
Jarduera-tasak %57,2tan dirau, baina okupazio-tasa hiru puntu hamarrenez jaitsi da
Euskal AEko lan-merkatuko 2014ko lehen hiruhilekoko datuen arabera, okupatuak 886.300 ziren, hiru hilabete lehenago baino 4.800 gutxiago, (%-0,5), Eustaten datuen arabera. Langabezia-tasa %15,5 da; 2013ko laugarren hiruhilekoaren aldean 0,3 ehuneko puntu gehiago.
Landunen eta langabeen bilakaeren ondorioz, jarduera-tasa %57,2 da 2014ko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan bezalaxe.
Bizkaian 4.000 okupatu gutxiago daude, Gipuzkoan 1.300; Araban 700 gehiago. Gizon okupatuak aurreko hiruhilekoan baino 3.400 gutxiago dira eta emakumeak 1.300.
Okupazio-jaitsierarik handiena, industrian eta zerbitzuetan
Biztanle okupatuak 6.200 gutxiago dira industrian, 2.700 zerbitzuetan eta 800 nekazaritzan; eraikuntzan 5.000 gehiago.
Okupazio-tasa, 16tik 64 urtera bitarteko biztanle-kopuruaren gainean landunek duten ehunekoa, %63,4 da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,3 puntu gutxiago. Tasa hori gizonezkoentzat %67,2koa da eta emakumezkoentzat %59,7koa.
Okupazio-tasarik altuena, Gipuzkoak, %66,3, aurreko hiruhilekoaren aldean 0,2 puntu gehiago; Arabak %64, 0,2 puntu gehiago; baxuena Bizkaiak, %61,5, 0,6 ehuneko puntu gutxiago azken hiruhilekoan.
Kontratu mugagabea duten soldatakoen kopurua murriztu egin da, 532.900 delarik; aldi baterakoa dutenak (kontraturik ez dutenak barne) gutxiago dira, 164.200 guztira.
Familia-etxeen %5,7tan pertsona aktibo guztiak langabezian daude
2014ko lehen hiruhilekoan zenbatesten da Euskal AEn gutxi gorabehera dauden 858.400 (aurreko hiruhilekoan baino 5.900 gehiago) familia-etxeetako heren batean ez dagoela pertsona aktiborik. Erdia pasatxoan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude, aurreko hiruhilekoan baino 2.900 familia gutxiago; pertsona aktibo guztiak langabezian dituztenak 48.900 dira (guztirakoaren %5,7).
Langabezia-tasa %15,2tik %15,5era hazi da
Langabeak, hots, lan bila aritu, bilatzeko kudeaketa aktiboak egin eta gainera lanerako prest daudenak, urteko lehen hiruhilekoan 162.800 direla zenbatetsi da, 2.700 gehiago aurreko hiruhilekoan baino. Gizonezko langabeak 85.800 dira, 400 gehiago. Emakumezkoak, 2.300 gehiago hiruhilekoan, guztira 77.000.
2014ko lehen hiruhileko datuen arabera, langabezia-tasa %15,5 da, 0,3 puntu gehiago aurreko hiruhilekoaren aldean. Gizonen langabezia, %15,4 (ehuneko 0,1 puntu gehiago); emakumeena 0,4 puntuz hazi da, %15,6 delarik. Gazteen langabezia-tasak altuena izaten segitzen du, %37,2; horrenbestez, 16-24 urte bitarteko 17.700 gazte aktibo daude langabezian.
Langabe-hazkunderik handiena, Araban (+2.400); langabezia-tasa, %16,7. Bizkaian %16,7ko tasa dugu; langabe kopuruan 700 pertsona gehiago, 91.100 guztira. Gipuzkoan aurreko hiruhilekoan bezalaxe dago langabezia, %13,1.
EUROSTATen arabera (Europar Batasuneko Estatistika Bulegoa), 2014ko otsailean, 28-EBko langabezia-tasa %10,6 zen, eta Espainiakoa %25,6.
Ohar metodologikoa
2014ko lehen hiruhileko honetatik, Biztanleria Jardueraren Arabera Inkestaren emaitzak kalkulatzen dira 2026ko Biztanleria-Proiekzio berriekin. Eustatek Biztanleria-Proiekzioak bost urtez behin eguneratzen ditu, eta 2026ko hauen abiapuntua 2011ko Biztanleria eta Etxebizitza Zentsuak dira. 2006 biztanle-oinarri hartuta argitaratutako datuen aldean, 16 urte eta gehiagoko biztanleak 37.600 gutxiago dira 2013ko laugarren hiruhileko honetan.
Datorren maiatzean 2006-2013 aldiko informazio guztia biztanle-oinarri berriaz eguneratuko da.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
(BJA) Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestari buruzko prentsa-ohar gehiago
(BJA) Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestari buruzko datu-bankua