Prentsa-oharra, 2014/05/16
EAEko BPGk hiruhileko arteko % 0,3ko hazkundea izan zuen 2014ko lehenengo hiruhilekoan
Barne Eskaria lehendabizikoz igo da, azken hamabi hilabeteetan beheranzko joera izan ondoren
Euskal AEko BPG hiruhileko arteko % 0,3ko hazkundea izan du 2014ko lehenengo hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan erregistratutako tasaren joera sendotuz, Eustaten eginiko datuen arabera. Hazkundea Espainiakoa baino hamarren bat txikiagoa da, Espainiako Estatistika Institutuaren estimazioaren arabera.
Iazko lehen hiruhilekoaren aldean, Euskal AEko BPGk % 0,4ko hazkundea izan du, azken bederatzi urte arteko hiruhilekoko tasa negatiboen ondoren. Urte arteko hazkundea Espainiako ekonomiarena baino bi hamarren txikiagoa izan da (% 0,6).
Eskaintzari dagokionez, BPGren urte arteko hazkundea lau jarduera-sektore nagusien bilakaera kontrajarriaren konbinazioaren emaitza da. Hala industria-sektorearen jarduera-mailak, nola zerbitzuen sektorearen bilakaera orokorrarenak hobera egin dute. Kontrara, lehen sektoreak eta eraikuntzak balio erantsi gutxiago sortu dute.
Lehen sektoreak % 1,3ko beherakada izan du iaztik; alegia, hiruhileko arteko beherakada, orotara, % 9,5ekoa da.
Industriak, bere aldetik, lehen hiruhileko honetan, % 0,5eko hazkundea izan du; hau da, iazko laugarren hiruhilekoko tasatik bost hamarren igo da. Horrenbestez, urte arteko hazkunde-tasa positiboa da, bigarren hiruhilekoz jarraian. Urte arteko bilakaeraren datu honen arabera, hiruhileko arteko hazkundea hiru hamarrenekoa da. Hala, industria-sektorearen hiruhileko arteko aldakuntza positiboa da, laugarren hiruhilekoz jarraian (% 0,3). Berriro ere aldakuntza positiboak izan ditu manufaktura-industriak, hala urte arteko tasan, nola hiruhileko artekoan.
Berriro ere uzkurtu egin da eraikuntza-sektorea: urte arteko tasaren jaitsiera % 1,4koa izan da, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren handiagoa. Halaber, azken bi hiruhilekoen arteko hazkunde-tasa negatiboa da, -% 2,7koa, hain zuzen.
Zerbitzu-sektorearen jarduera orokorrak aldakuntza positiboa izan du, hala urte arteko tasan, nola hiruhileko artekoan, % 0,6koa eta % 0,8koa izan baitira, hurrenez hurren.
Zerbitzuen sektoreko urte arteko hazkundeko sei hamarren horiei dagokienez, sektorea osatzen duten jarduera-arloak honela bereizi behar dira: Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Garraioaren sektorearen jarduera-maila % 0,2 jaitsi da, baina Gainerako Zerbitzuenak –besteak beste, jarduera profesionalak, finantza-jarduerak eta aseguru-jarduerak barne hartzen ditu– nahiz Herri Administrazioarenak, Hezkuntzarenak, Osasunarenak eta Gizarte Zerbitzuenak gora egin dute, % 0,4 eta % 1,9, hurrenez hurren.
Hiruhileko arteko aldakuntza honi dagokionez, jarduera-azpisektore guztien hazkunde positiboa nabarmendu behar da. Merkataritza-, Ostalaritza- eta Garraio-sektorea nahiz Gainerako Zerbitzuena % 0,2 hazi dira. Herri Administrazioari, Hezkuntzari, Osasunari eta Gizarte Zerbitzuei loturiko zerbitzuak beste guztiek baino hiruhileko arteko hazkunde handiagoa izan dute, % 2,7koa, hain zuzen.
Sektore-agregatuen bilakaera positiboa izan da: urte arteko balio erantsia % 0,4 hazi da. Lehen hazkunde positiboko datua da, ondoz ondoko bederatzi beherakaden ondoren. Alegia, aurreko hiruhilekoko urte arteko aldakuntzaren datuarekin alderatuta, zazpi hamarren hobea da. Hiruhileko arteko tasari dagokionez, bigarren hiruhilekoz jarraian, hazi egin da, % 0,3, hain zuzen ere.
Eskariari dagokionez, bi datu azpimarratu behar dira. Lehena, Barne Eskariak bilakaera positiboa izan duela, hamarren bakarra hazi bada ere. Hori bai, ez da aldakuntza positiborik gertatu 2010az geroztik. Bigarrena, eta aurreko hiruhilekoetan bezala, Barne Eskariaren bilakaera ez da BPGren bilakaeraren adinakoa; hau da, kanpo-sektoreak ekonomiari eginiko ekarpena handiagoa da. Esportazio-mailak gora egin du, asko ez, baina inportazioena baino gehiago igo da.
Etxebizitzetako Azken Kontsumoko Gastua (Kontsumo Pribatua) lehenengoz igo da 2010eko amaieraz geroztik; izan ere, urte arteko bilakaera positiboa izan da, % 0,2koa, hain zuzen. Bigarren hiruhilekoz jarraian, hiruhileko arteko tasa hazi egin da (azken honetan, % 0,1).
Kontsumo publikoak ere (Administrazio publikoen azken kontsumoko gastua) joera positiboari eutsi dio, aurreko hiruhilekoko datua hobetu duenez. Urte arteko tasa % 1,0 hazi da, eta % 7,9 hiruhileko artekoa.
Administrazio publikoen azken kontsumo gastuaren eta Etxebizitzetako azken kontsumoko gastuaren bilakaerak uztartuta, Azken kontsumo gastua, orotara, % 0,3 hazi da. Aurreko hiruhilekoak eman zituen datuen aldean ere gora egin du: % 1,8.
Kapital-eraketa gordina (Inbertsioa) jaitsi egin da beste behin ere, bai urte arteko tasari, bai hiruhileko artekoari dagokienez: % 1,1 eta % 2,0, hurrenez hurren. Inbertsioaren joera bi bilakaera kontrajarriren ondorio da. Ekipo-ondasunetan eginiko inbertsioa hazi egin da, % 0,4 urtetik urtera. Hala, hiruhileko arteko tasa ere positiboa da, % 0,9koa. Kontrara, gainerako Kapital-eraketa gordinak, nagusiki eraikuntza-sektorearen bilakaeraren mende dagoenak, bilakaera negatiboa izan du, bai urte arteko tasan (-% 1,7), bai hiruhileko artekoan (-% 3,2).
Barne Eskariak, Azken Kontsumoko Gastuak eta Kapital-eraketa Gordinak osatzen dutenak, % 0,1eko aldakuntza positiboa izan du urte arteko tasan. Gauza berria da, azken hiruhilekoetan bilakaera negatiboa izan baita.
Kanpo-sektoreak ekarpen positiboa egin dio BPGri beste behin ere. Kanpo-saldoak bilakaera hobea izan du Barne Eskariak baino; izan ere, Ondasunen eta zerbitzuen esportazioen urte arteko tasak % 3,4 egin du gora, Inportazioak % 2,6 igo diren bitartean.
BPGren bilakaera dela eta, enpleguaren urte arteko tasak. lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, berriz ere egin du behera. Enplegu-maila % 0,5 jaitsi da iazkoaren aldean, % 0,1, aldiz, aurreko hiruhilekoa aintzat hartuta.
Iazko lehen hiruhilekoaren aldean, aurtengo enplegu-mailaren bilakaera negatiboa izan da jarduera-sektore guztietan, Zerbitzuetan izan ezik. Urte arteko jaitsiera handiena Eraikuntzan gertatu da berriz ere: % 4,9 jaitsi da. Bigarren jaitsierarik handiena Lehen sektorean gertatu da (% 2,4), eta hirugarrena, aldiz, Industrian (% 2,0). Zerbitzuen sektorea % 0,4 hazi da. Hiruhileko arteko tasari dagokionez, Lehen sektoreak, Industriak eta Eraikuntzak bilakaera negatiboa dute. Lehen sektorea % 1,5 jaitsi da, % 0,7 Industria eta % 3,2 Eraikuntza. Zerbitzuen sektorean besterik ez da hazi enplegu-maila, hiruhileko arteko tasari dagokionez: % 0,3.
Lurralde Historikoen araberako BPGri dagokionez, urte arteko hazkunde-tasa txikiena Bizkaikoa da (% 0,2) eta bigarren txikiena, Arabakoa (% 0,5). Gipuzkoakoa da BPGren hazkunde-tasa handiena, % 0,7 hazi baita. Hiruhileko arteko tasari dagokionez, Araba % 0,4 hazi da, Bizkaia % 0,3 eta Gipuzkoa % 0,1.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Hiruhilekoko Kontu Ekonomikoen gaineko datu-bankua