2014/05/14ko prentsa-oharra
Euskal AEn jaiotako haurren izen ugarienak, Ane eta Markel
Gurasoek euskal izen bakunetara joten dute
1996tik hona, Ane da neska-izena aukeratzeko orduan gurasoen kutunena, Eustaten arabera, Euskal AEn 2010-2012 artean jaiotakoen izenez ari delarik. Ondoren June, Irati, Nahia, Uxue, Izaro.
Mutikoentzako izen ugarienak: Markel, Jon, Iker, Oier, Ander, Unai.
Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat jartzeko aukera ematen du; gurasoek bakun batera jotzen dute. Ehun izen ugarienen artean ez dago konposaturik bat ere; garai batean oso-oso ohikoak ziren.
Izen bereko grafia ezberdinak
Euskal izenak dira nagusi, batzuetan bi grafia agertzen direlarik: Ane-Anne, Itxaso-Itsaso, Leire-Leyre, Jon-Ion, Aritz-Haritz. Maria eta Miren bikotean izan ezik, izen baten euskal forma nagusitzen da; horixe gertatzen da Ane-Ana, Xabier-Javier, Jon-Juan, Mikel-Miguel bikoteetan.
“Naia” eta “Nahia” izenez azalpena eman beharra dago. “Naia”, seguru asko, “Nahia”-ren aldagaitzat hartzen da; azken hau da Euskaltzaindiak onartzen duena. “Naia” zortzigarren dago neska-izenen artean, ziurrenik arestian aipatu arrazoiagatik. “Naia”, bestalde, zenbait hizkuntzatan (frantsesa, katalana, ingelesa) agertzen da, eta Espainiako toponimoetan. “Nahia” dudarik gabe euskal izena da; laugarren neska-izenen zerrendan. Bien artean neska-izen ugariena osatuko lukete (1.104 aipamen, %3,61).
Ama atzerritarrek ere euskal izenak aukeratzen dituzte
Ama atzerritarrek ere euskal izenak aukeratzen dituzte, baina badago alderik rankin orokorraren aldean. 5 neska-izen ugarienen arteko 3 –Naiara, Ainhoa, Nahia- euskal izenak dira; zerrendako aurrenekoa Sara da, hebrear jatorrikoa. Mutiko-izenetan Iker aurrena eta Ander laugarrena, euskal izenak; bigarren Adam, hebrearra; hirugarren Mohamed, arabiarra; bosgarren Rayan, zeinak hainbat jatorri eduki ditzakeen.
Amen artean Ainhoa nagusi; aiten artean Aitor
Hona hemen 2010/2012 artean ama izan zirenen izen ugarienak: Ainhoa, Leire, Nerea, Amaia, Sonia, María, Marta, Ainara, Susana, Mónica. Emakume hauek, gehienak 1972-1982 artean jaio ziren; 3 izen ugarienak euskal izenak ziren, baina izen gaztelarrak oraindik asko erabiltzen ziren. Izen ugarienak bakunak ziren, baina amen %14 inguruk María zuen izen konposatuan.
2010/2012 artean aita izan zirenen izen ugarienak: Aitor, Javier, David, Iñigo, Asier, Oscar, Gorka, Iker, Francisco Javier, Iñaki. 1970-1980 artean jaiotako gizonak ziren gehienak; izen konposatuak gutxituz, euskal izenak gehituz.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko JAIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua