2014/05/30ko prentsa-oharra
Eustatek webean jarri berri dituen piramide interaktiboen bidez euskal biztanleria 1976tik 2026ra bitartean ikus daiteke
Piramide interaktiboetan biztanleria denboran zehar ikus daiteke, inguru geografiko, adin-talde eta sexuaren arabera
2026an Euskal AEn 2.077.333 pertsona biziko dira, %51,7 emakume eta %48,3 gizon. 1976an 2.071.778 pertsona ziren, %50,4 emakume eta %49,6 gizon.
Datu hauek Biztanleria Piramide Interaktiboetan ikus daitezke. Lanabes berri hau Eustaten webean dugu dagoeneko eta hari esker Euskal AEko biztanleen bilakaera ezagut dezakegu modu grafiko eta dinamikoan 1976tik 2026ra.
Biztanleriaren bilakaera sexu, adin edo lurraldearen arabera ikus daiteke. Beraz, jakin dezakegu bai iraganaren, bai etorkizunaren (aurreikuspenez) berri.
2026an Euskal AEn 1.073.136 emakume eta 1.004.197 gizon biziko dira. %26,5ek, 65 urte edo gehiago izango ditu; %55,7k 20-64 bitarte eta %17,8k 19 edo gutxiago.
2026an, 14 urteko zenbat gazte? Adinaren araberako biztanleria ikustea posible da. Urte hartan, biztanleen %1,0k (20.950ek) 14 urte izango ditu; 85 urtekoak %0,60, 13.157 pertsona, izango dira eta %1,10ek, 23.542k, 40 urte izango dituzte.
Biztanleria-piramide interaktiboak lanabes indartsua dira planifikatzeko orduan, hezkuntzan, osasungintzan, gizarte zerbitzuetan, Herri Administrazioak datu fidagarriak, denboran zeharrekoak behar dituenean biztanleriaz oro har eta zenbait taldez bereziki. Erabilgarria da oso ikasketa eta ikerkuntzan, bai enpresan, bai irakaskuntzan.
“Inguru geografikoa aukeratu” erabiliz, Euskal AEko datuak agertuko zaizkigu edo hiru lurraldeetakoak. Lurralde batekoekin aritu nahi izanez gero, bigarren kutxa bati esker 2010-2013ko datuak, udalerri guztietakoak, ikusi ahal izango ditugu.
Esaterako, 2013an, Arabak 316.287 biztanle zituen (%50,9 emakumeak, %49,1 gizonak); Bizkaiak 1.150.792 (%51,7 emakumeak, %48,3 gizonak) eta Gipuzkoak 707.891 (%51,0 emakumeak, %49,0 gizonak).
Bilbo zen hiriburu jendetsuena (347.769),Gasteiz ondoren (238.911) eta Donostia (181.026). Datuak sexuaren eta adin-taldearen arabera ere ikus daitezke.
Biztanleria osoaren banaketa hiru adin-tartetan egin daiteke, taula baten bidez (guztira, portzentajeak, sexu-ratioa). Tarteak alda daitezke erabiltzaileen nahierara.
Animazio-aukeretan, jarraipen-hautagailua nabarmentzen da, zeinaren bidez biztanleria osoaren, belaunaldi baten edo adin zehatz baten bilakaera agertzen den.
Piramidearen beste aukera baten bidez gizon eta emakume kopuruen arteko aldea ikusiko dugu; alegia zein adinetan edo adin-taldetan diren gizonak edo emakumeak gehiago edo gutxiago.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62