2014/09/05eko prentsa-oharra
2014ko lehen hiruhilekoan, 921 ezkontza izan ziren, iaz baino % 7,6 gehiago
Ezkontzen % 93 zibilak izan ziren
Eustaten datuen arabera, 2014ko lehen hiruhilekoan, 921 ezkontza izan ziren Euskal AEn, iazko hiruhileko berean baino % 7,6 gehiago (856) eta 2013ko laugarren hiruhilekoan baino % 32,1 gutxiago (1.356). Urteko lehen hiruhilekoan, batez ere, urtarrilean eta otsailean, ezkontza gutxi egin ohi dira.
Aurreko urteetan legez, hiruhileko honetakoa da ezkontza zibilen urteko ehuneko handiena. 2014ko lehen hiruhilekoko datua (% 92,7) iazko aldi berekoa baino handixeagoa da (% 90,8). Lurralde historikoei dagokienez, ezkontza zibilen ehuneko handiena Bizkaian izan da (% 93,9) eta txikiena, Araban (% 88,1). Gipuzkoan, ezkontzen % 92,8 izan dira zibilak.
2014ko lehen hiruhilekoan izandako 921 ezkontzetan, guztira, Euskadin bizi diren 895 gizonezko eta 887 emakumezko ezkondu ziren. Senargaietatik 749k (% 83,7) lehen ezkontza zuen honakoa. eta berriz ezkondu zirenetatik, 8 alargunak ziren eta 138, dibortziatuak. Lehenengoz ezkondutako emakumeen ehunekoa gizonezkoena baino handiagoa da (% 85,2), 756 emakume ezkondu zelako lehen aldiz. Berriz ezkondutakoen artean, 5 alargunak ziren, eta dibortziatuak, 126.
Ezkontzak ezkontideen adinaren arabera sailkatuz gero, 30 urtetik gorako senargaiak % 88,5 eta emaztegaiak % 82,1 izan ziren. Iazko lehen hiruhilekoko datuekin alderatuta, 30 urtetik gorako ezkontideen ehunekoak gora egin du sexu bietan: iaz 30 urtetik gorako senargaiak % 86,2 izan ziren eta emaztegaiak, % 80,4.
2014ko lehen hiruhilekoko ezkon berrien artean, emaztegaien % 17,2 eta senargaien % 12,8 atzerritarrak ziren. 2013ko hiruhileko beraren aldean, emaztegai atzerritarren ehunekoak gora egin du (% 1,6 igo da), ez, ordea, senargai atzerritarrena (% 0,2 jaitsi da).
Bestalde, sexu berekoen arteko 19 ezkontza izan ziren EAEn, 2013ko lehen hiruhilekoan baino gutxiago (22). Horietatik 14 emakumeen artekoak izan ziren eta 5, gizonen artekoak.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua