2014/12/16ko prentsa-oharra
Euskal AEko biztanleen %8 atzerrian jaioa da
Euskal AEko lau udalerrik bakarrik dute Espainiako batez bestekoak baino atzerrian jaiotako biztanle-portzentaje handiagoa
Eustatek landutako datuen arabera 2014an Euskal AEn atzerrian jaiotako pertsonak 182.846 ziren, guztien %8,4; Espainian %13,4, badago alderik. Extremadura, Asturias, Galizia eta Gaztela eta Leonen atzerrian jaiotakoak gehienez %8 dira; beraz, talde honetakoa da Euskal AE. 2006an atzerrian jaiotako biztanleak 107.117 ziren, %5,1. Kopurua haziz joan zen urtero, goia 2012an (185.115) jo zuelarik; gero, beheraldia etorri zen.
1. grafikoa. Atzerrian jaiotako pertsona-portzentajea, udalerrien arabera (%)
Iturria: EUSTAT. Biztanleen udal estatistika 2014ko urtarrilaren 1ean
Euskal AE osokoa baino atzerrian jaiotako pertsonen portzentaje handiagoa dutenak 62 udalerri dira: 20 Arabakoak, eta haietatik 15 %10en gainetik daude, gehienak Errioxakoak. Navaridas (%19), Berriatua (%14,7), Mañueta (%14,1) eta Ordizia (%13,4) dira Espainiako batez bestekoaren gainetik dauden 4 udalerriak.
6 udalerritan ia ez dago biztanlerik atzerrian jaiotakorik (%2tik behera); 3 Gipuzkoan, Elduain, Altzo eta Orexa; 2 Araban, Harana eta Lagran, eta Garai Bizkaian. Denek 400 biztanle baino gutxiago dauzkate.
Hiriburuek Euskal AEk baino atzerrian jaiotako pertsonen portzentaje handiagoak dauzkate: Gasteizek handiena, %11,6; Bilbok %10,1 eta Donostiak %9,4, biztanle guztien gainean.
Amerikarrak dira ugarienak
Euskal AEko atzerriko egoiliarren artean, amerikarrak %41 dira; Espainia osoan %25 pasatxo. Hauen arteko pertsona gehienak hegoamerikarrak dira: Kolonbia, Bolivia, Ekuador eta Brasilgoak dira atzerritarren ia laurdena eta amerikarren erdia pasa.
Euskal AEn bizi diren europarrak %25,8 dira, eta Espainian ia %46. Talde honetan errumaniarrak atzerritar guztien %10,9 dira; %15,9 Espainian. Paradoxikoki, errumaniarrak europarren arteko %42,1 dira, Espainia osoan baino ehuneko 7 puntu gehiago. Portugaldarrak gutxiago dira errumaniarrak baino, baina dezente gehiago dira proportzioan Euskal AEn (%11,3) Espainia osoan (%4,8) baino, europarren kopuru osoaz.
Euskal AEn afrikarren proportzioa (%25) Espainian dagoena (%21,4) baina handiagoa da. Esatekoa da halere, Espainian marokoarrak direla afrikar guztien %72 eta Euskal AEn %49,4. Euskal AEn bigarren nazionalitate afrikar ugariena aljeriarrak dira, %15,2; Espainian %5,9.
Euskal AEko atzerritarren artean txinatar eta pakistandarrak %5,9 dira, Espainian baino ehuneko puntu bat gehiago. Gure arteko ia asiar bakarrak dira, %80, Espainia osoan %69 direlarik.
Lurraldeak aintzat harturik, nazionalitateen banaketa, kontinenteen arabera, askotarikoa da. Bizkaian eta Gipuzkoan amerikarrak %40 inguru dira; Bizkaian boliviar eta kolonbiarrak amerikarren ia %45 dira, Gipuzkoan banaketa askotarikoagoa delarik. Araban amerikarrak ez dira herenera iristen; haietako ia %30 kolonbiarrak.
Europarren banaketa Bizkaia eta Gipuzkoan ezberdina da; pisu handiagoa %31,3) azken honetan, frantsesen presentzia ugariagoagatik. Errumaniarren proportzioa (europarren %55) handiena da Bizkaian; Araban eta Gipuzkoan %30 inguru.
Gipuzkoak du afrikarrik gutxien (%20,3) hiru lurraldeen artean eta horietako %61 marokoarrak dira. Araban (afrikarrak dira atzerritar ugarienak) eta Bizkaian marokoarrak gehiengoa dira afrikarren artean, %47,2 eta %43,8.
Araban (%22,6, %3,5) eta Gipuzkoan (%14,4, %9,3) garrantziaren araberako bigarren afrikar nazionalitatea aljeriarra da eta hirugarrena senegaldarra. Bizkaiko egoera Gipuzkoakoaren ifrentzua da.
Txinatarrak asiarren %60 ia dira Bizkaian; pakistandarrak %16. Gipuzkoan eta Araban pakistandarrak dira gehiengoa, batez ere Araban (%57,2).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo Biztanleen Udal Estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEKo Biztanleen Udal Estatistika. Datu-bankua