Nota de prensa de 25/02/2015
Euskal AEko BPGn hiruhilekoen arteko % 0,7ko igoera izan zen 2014ko laugarren hiruhilekoan
Azken hiruhilekoaren urtetik urterako tasa % 1,9 izan da, eta 2014ko balantzea, berriz, BPGren % 1,2ko igoera
Euskal AEko BPGk % 0,7ko hazkundea izan du 2014ko laugarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Eustaten datuen arabera. Alegia, aurreko hiruhilekoko hazkundearekin alderatuta, bi hamarren hobea da. Hiruhileko arteko hazkundea Espainiako ekonomiarena bezalakoa izan da. Aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, berriz, % 1,9ko aldaketa izan da. Hazkundea Espainiakoa baino hamarren bat txikiagoa da (% 2,0).
Hamarren bat eta bi handiagoak dira, hurrenez hurren, 2014ko laugarren hiruhilekoko hiruhileko eta urte arteko hazkunde-datuak 2015eko urtarrilaren 29ko kontuen aurrerapenean jakinarazitakoak baino.
Eskaintzari dagokionez, BPGren urte arteko hazkundea jarduera-sektore guztien bilakaera positiboaren emaitza da, (eraikuntza izan ezik).
Hala lehen sektoreak nola industriak hazkunde positiboak izan dituzte, aurreko hiruhilekoan izandakoak baino txikiagoak izan badira ere. Zerbitzuen sektoreak, aldiz, aurreko hiruhilekokoak baino aldaketa are handiagoak ere izan ditu bere balio erantsietan. Zerbitzuen azpisektore guztietan gertatu da hori. Eraikuntzaren sektoreak, aitzitik, tasa negatiboak ditu oraindik, aurreko hiruhilekoetan izandakoak baino apalagoak, halere.
Industriak, bere aldetik, laugarren hiruhileko honetan, urte arteko % 1,0ko hazkundea izan du; hau da, hirugarren hiruhilekoko tasatik lau hamarren igo da. Horrenbestez, urte arteko hazkunde-tasa positiboa da, laugarren hiruhilekoz jarraian. Urte arteko bilakaeraren datu hori dela eta, bost hamarreneko jaitsiera dago hiruhileko artean.
Berriro ere uzkurtu egin da eraikuntza-sektorea: urte arteko tasaren jaitsiera % 2,0koa izan da, aurreko hiruhilekoan baino bost hamarren txikiagoa. Urte arteko jaitsiera txikiagoa izateak hiruhileko artean % 5,0ko hazkundea egotea ekarri du.
Zerbitzu-sektorearen jarduera orokorrak aldakuntza positiboa izan du, hala urte arteko tasan, nola hiruhileko artekoan, % 2,6koa eta % 0,7koa izan baitira, hurrenez hurren.
Zerbitzuen urte arteko % 2,6ko hazkundea azpisektore guztien bilakaera positiboen emaitza izan da: Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Garraioaren adarrak izan du hazkunde handien (% 3,0), ondoren Administrazio Publikoaren, hezkuntzaren Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen adarrak (% 2,8), eta azkenik, Gainerako Zerbitzuen adarrak (jarduera profesionalak, finantzarioak eta aseguruak, besteak beste) % 2,2ko hazkundea izan du.
Hiruhileko arteko aldakuntzari dagokionez, nabarmentzekoa da tasa positiboa izan dutela Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Garraioaren zein Gainerako Zerbitzuen adarrek (% 1,8 eta % 1,3, hurrenez hurren), baina Administrazio Publiko, Hezkuntza, Osasun eta Gizarte Zerbitzuei lotutako zerbitzuek, ordea, hiruhileko arteko % 1,5eko tasa negatiboa izan dute.
Sektore-agregatuen bilakaera positiboa izan da: urte arteko balio erantsia % 1,9 hazi da; eutsi egin dio, beraz, 2014an izandako bilakaera positiboari. Alegia, aurreko hiruhilekoko urte arteko aldakuntzaren datuarekin alderatuta, bost hamarren hobea da. Hiruhileko arteko tasari dagokionez, bosgarren hiruhilekoz jarraian, hazi egin da, % 0,6, hain zuzen ere.
Eskariari dagokionez, urte arteko tasan, nabarmentzekoa da barneko eskariaren hazkunde-tasa positiboak finkatu direla, % 2,0 hazi baita; hazkunde hori, gainera, Azken Kontsumoko Gastuan zein Kapital-eraketa Gordinean izan da.
Kanpoko sektorearen bilakaerari dagokionez, inportazio-mailak gora egin du, asko ez, baina esportazioena baino gehiago igo da.
Etxebizitzetako azken kontsumoko gastuak (Kontsumo Pribatua) berretsi egin du aurreko urtearen amaieran hasi zen bilakaera positibo apala. Hiruhileko honen hazkundea % 2,6 izan da, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago, beraz. Hiruhileko arteko tasa % 0,7 izan da, hirugarren hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago.
Kontsumo Publikoa (Administrazio Publikoen Azken Kontsumoko Gastua) % 1,8ko hazkundea izan du urte arteko tasan (aurreko hiruhilekoan baino puntu bat eta bederatzi hamarren), eta % 0,2ko hazkundea izan da hiruhileko arteko tasan.
Administrazio publikoen azken kontsumo gastuaren eta Etxebizitzetako azken kontsumoko gastuaren bilakaerak uztartuta, Azken kontsumo gastua, orotara, % 2,4 hazi da. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta % 0,6 egin du gora.
Kapital-eraketa Gordinak (Inbertsioa) 2014ko hiruhilekoko bigarren tasa positiboa lortu du jarraian; % 0,6 hazi da urtetik urtera eta % 1,2 hiruhileko artean.
Inbertsioaren joera global hori bi bilakaera kontrajarriren ondorio da berriro. Ekipo-ondasunetan eginiko inbertsioa hazi egin da, % 0,4 urtetik urtera. Hala ere, % 1,4 murriztu da hiruhileko artean. Kontrara, gainerako Kapital-eraketa gordinak, nagusiki eraikuntza-sektorearen bilakaeraren mende dagoenak, bilakaera negatiboa izan du urte arteko tasan (-% 0,7), baina positiboa hiruhileko artekoan (% 2,3).
Barne Eskariak, Azken Kontsumoko Gastuak eta Kapital-eraketa Gordinak osatzen dutenak, % 2,0ko aldakuntza positiboa izan du urte arteko tasan, eta sei hamarren igo da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Enplegu-mailei dagokienez (lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta), urte arteko % 1,0ko hazkundea nabarmentzen da, 2014ko hirugarren hazkunde positiboa, hain zuzen ere. Urteko tasa positiborik ez zegoen 2008ko bigarren hiruhilekotik Urte arteko tasa hori dela eta, % 0,5eko hazkundea izan da 2014ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuta.
Enplegu-mailaren bilakaera positiboa izan da berriro lehen eta zerbitzuen sektoreetan aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, baina negatiboa Industrian eta Eraikuntzan. Zerbitzuen sektorea nabarmentzen da guztizko enplegu-bolumenagatik, % 1,9 hazi baita urte arteko tasan; hazkunde-tasa positiboak izan dituen laugarren hiruhilekoa izan da jarraian. Lehen sektoreak ere % 1,3ko hazkundea izan du. Urte arteko beherakada handiena Industrian gertatu da (% 1,9). Halaber, Eraikuntzan ere galdu da enplegua (% 0,2).
Hiruhileko arteko tasan % 3,6ko beherakada izan du lehen sektoreak, eta % 0,6 Industriak. Eraikuntzak eta zerbitzuek hazkunde positiboak izan dituzte, % 3,1 eta % 0,7, hurrenez hurren.
Lurralde historikoen araberako BPGren bilakaerari dagokionez, Gipuzkoak izan du urte arteko hazkunderik handiena (% 2,1), eta ondoren Bizkaiak (% 1,9) eta Arabak (% 1,6). Hiruhileko arteko tasari dagokionez, Araba eta Bizkaia % 0,6 hazi dira, eta Gipuzkoa % 0,9.
2014KO BALANTZEA
2014an, BPGk % 1,2ko hazkundea izan du, eta % 0,3koa enpleguak
Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren BPGk % 1,2ko hazkundea izan du 2014an, eta gora egin dute jarduera-sektore nagusi guztiek, eraikuntzak izan ezik (- % 3,0). Lehen Sektoreak aldakuntza positiboa izan du: % 5,5. Bigarrenik, zerbitzuen sektorea dago: % 1,5eko hazkundea. Industriako sektoreak ere izan du bilakaera positiboa (% 1,0), aurreko urteetako tasa negatiboen joera hautsita.
Hiru azpisektoreek parte hartu dute zerbitzuen sektorearen bilakaera positiboan. Administrazio Publikoa, Hezkuntza eta Osasuna barne hartzen dituen adarrak erakutsi du dinamismo handien zerbitzuen sektorean: % 2,2 hazi da. Ondoren Merkataritzaren, Ostalaritzaren eta Garraioaren sektorea dago, % 1,6ko hazkundearekin. Gainerako zerbitzuek ere izan dute jarduera-mailaren hazkundea (% 1,1).
Aurreko bilakaerak erantsita, % 1,1eko hazkundea izan du Balio Erantsiak, eta positiboa ere izan da produktuen gaineko zerga garbien efektua 2014an (% 1,7ko hazkundea).
Eskaria aztertuz gero, % 1,1eko hazkundea du Barne Eskariak, eta horri gehitzen badiogu BPGren % 1,2ko hazkundea, kanpoko saldoaren ekarpen positiboa dago 2014an. Esportazioek % 3,4 egin dute gora, eta % 3,2 inportazioek.
Barne Eskariaren 2014ko hazkunde positiboak Azken Kontsumoko Gastuaren % 1,4ko hazkundea izan du oinarri, eta Etxebizitzetako azken kontsumoko gastua (% 1,6) eta Administrazio Publikoen Azken Kontsumoko gastua (% 0,9) igo dira; Kapital-eraketa Gordinak, aldiz, ez du hazkunderik izan (% 0,0). Kapital-eraketa gordinean ere izan dira bi joera kontrajarri; batetik, Ekipo-ondasunei dagokienak tasa positiboak izan ditu (% 2,2), eta bestetik, Gainerako Eraketa Gordinak, erakuntzari gehiago dagokionak, bilakaera negatiboa izan du (- % 1,0).
Enpleguaren bilakaera, lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, positiboa izan da; % 0,3ko batez besteko hazkunde estimatua izan da 2014an. Enpleguaren joerarik onena zerbitzuen sektorean izan da; hala, %1,1eko hazkundea izan da 2013ko batezbestekoarekin alderatuta. Halaber, Lehen sektorearen ere egon da enpleguaren hazkunde txiki bat (% 0,2). Aitzitik, Industrian zein Eraikuntzan enplegua galdu da berriro; - % 1,8 eta - % 2,4, hurrenez hurren.
Lurralde Historikoen araberako BPGren bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan. Araba eta Bizkaia % 1,1 hazi dira, eta Gipuzkoa % 1,4.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Hiruhileroko kontuen gaineko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko hiruhileroko kontuen gaineko datu-bankua