2015/06/03ko prentsa-oharra
Euskal AEko industria-jarduera % 5,4 hazi zen 2015eko apirilean
Aurreko hilabetearen aldean, % 3,0 handitu zen Euskal AEko industria-produkzioaren indizea
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako azterketan arabera, 2015eko apirilean Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioa % 5,4 hazi zen 2014ko hilabete berarekin alderatuta, betiere lan-egutegiaren termino homogeneotan. Aurreko hilabetearekin alderatuta, hau da, 2015eko martxoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioa % 3,0 hazi zen, behin urteko sasoi horri dagozkion berezko eraginak zuzenduta.
2015eko apirileko datuak iazko apirilekoekin alderatuta, industria sektore guztietan bilakaera positiboa izan dela egiazta daiteke. Hala, kontsumo ondasunetan % 6,5eko igoera izan da, batik bat kontsumo ondasun iraunkorretan izandako % 22,5eko igoera dela-eta; izan ere, kontsumo ondasun ez iraunkorretan igoera askoz ere txikiagoa izan da (% 1,0). Energiari dagokion indizeak % 11,1eko hazkundea izan du, ekipamendu-ondasunetan % 10,0ko igoera izan da, eta, bitarteko ondasunetan, % 1,7koa.
2015eko martxotik apirilera indizeetan izandako bilakaera, berriz, positiboa izan da ekipamendu-ondasunetan (% 2,7ko igoera), bitarteko ondasunetan (% 0,7ko igoera) eta energian (% 17,5eko igoera). Kontsumo ondasunak oro har hartuta ere bilakaera positiboa izan da (% 1,7ko igoera); kasu honetan, hala ere, kontsumo ondasun iraunkorretan bakarrik izan da positiboa bilakaera (% 6,9ko igoera), kontsumo ondasun ez iraunkorretan % 0,2ko beherakada izan baita.
Euskal industrian pisu gehien duten sektoreak aztertuta, berriz, honakoak dira urte arteko alderaketa eginda 2015eko apirilean hazkunde aipagarrienak izan dituztenak: zura, papera eta arte grafikoak (% 13,0ko igoera) eta makineria eta ekipamendua ( % 10,0ko igoera).
Aldiz, badira urte arteko alderaketa eginda behera egin duten sektoreak ere: kautxua eta plastikoa (% 2,4ko beherakada), eta material eta ekipamendu elektrikoa (% 2,1eko jaitsiera).
Azterketa lurralde historikoka eginda, azkenik, industria-produkzioaren indizearen urtetik urterako bilakaera oso positiboa izan da bai Bizkaian (%8,5eko igoera) bai Gipuzkoan (% 5,5eko igoera); Araban, berriz, % 0,1eko beherakada txikia izan da. Hilabete arteko bilakaera, berriz, positiboa izan da hiru lurraldeotan apirilean: Araban % 4,3ko igoera izan da martxoarekin alderatuta, Gipuzkoan % 4,0ko igoera eta Bizkaian % 1,3ko igoera.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Industria-produkzioaren indizeari (IPI) buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Industria-produkzioaren indizeari (IPI) buruzko datu-bankua