2015/06/30eko prentsa-oharra
2013. urtean, ostalaritzako enpresen negozio-zifra % 2,3 handitu zen
Sektoreak 53.000 pertsona gehiagori eman zien lana eta mikroenpresak (10 langile baino gutxiago) establezimenduen % 94,7 izan ziren
Ostalaritza sektoreak (ostatu-emate eta jaki eta edarien zerbitzua) 5.264 milioi euro fakturatu zituen 2013an, Eustaten jasotako datuen arabera; hau da, 2012. urtean baino % 2,3 gehiago. Enpleguari dagokionez, 872 pertsona gehiago aritu ziren lanean. Horrek esan nahi du 53.295 pertsonak egin zutela lan 2013an; hau da, % 1,7ko igoera gertatu zela. Hala ere, osotasunean, 60 establezimendu garbi baino pixka bat gehiago galdu ziren, % 0,4; beraz, 14.088 zeuden martxan.
Jaki eta edarien atala –jatetxeak, bestelako jaki-zerbitzuak eta edari establezimenduak barne hartzen ditu– da garrantzitsuena, fakturazio-bolumenari dagokionez, % 88,4koa baita, eta bilakaera onena ere atal honek izan du: bere fakturazioa % 2,7 hazi zen eta enplegua %2,5. Aldiz, ostatu-zerbitzuen atalak –hotelak eta bestelako ostatu-zerbitzuak azpiatalak barne hartzen ditu– negozio-zifra osoaren % 11,6 bereganatu zuen eta bilakaera negatiboa izan zuen: bere negozio-zifran jaitsiera txiki bat izan zuen (–% 0,5) eta enplegua % 4,6 jaitsi zen.
Maila zehatzagoan, jaki eta edarien atalaren barruan, jatetxeen jarduera da garrantzitsua: fakturazioa kopuru osoaren % 44,1ekoa izan zen eta enplegua % 41ekoa. Hala, bere negozio-zifra % 3,5 hobetu zuen aurreko urtearekin alderatuta eta enplegua % 0,3 handitu zen. Edari-establezimenduen azpisektoreak aurreko urtean baino pisu pixka bat txikiagoa izan zuen: fakturazioa % 2,2 txikitu zuen, baina enpleguan igoera txiki bat izan zuen, %0,7koa. Azkenik, atal honetan, bestelako jaki-zerbitzuen azpiatalaren bilakaera nabarmentze da –catering-a barne hartzen du, besteak beste–. Bere negozio-zifra %12,6koa eta enplegua % 19,8koa bakarrik baldin badira ere, azken honetan hazkunde adierazgarria izan du (% 11,6), baita negozio-zifran ere (% 20,3).
Ostatu-zerbitzuen kasuan, hotelen azpisektoreak enpleguaren % 5,8 galdu du eta negozio-zifra % 1,4 murriztu. Hala, negozio-zifra osoaren % 81,5 bereganatu du eta atal horretako enpleguaren % 77,8. Aldiz, bestelako ostatuen azpisektorearen negozio-zifra % 3,6 handitu da, baina enplegatutako jende kopuruan ez da aldaketa nabarmenik izan (% 0,1).
Lurraldeka, sektore osoa kontuan hartuta, 2013an, fakturazioan hiru lurraldeek bilakaera positiboa izan zuten, eta Bizkaia kenduta, enplegu arloan ere bai. Fakturazioari dagokionez, 2013an, Gipuzkoan, non Euskal AEko salmenta guztien % 35 egin baitziren, salmentek % 2,5 egin zuten gora eta % 4,8 enpleguak. Araban, enpleguaren hazkundea % 2,9koa izan zen eta fakturazioarena % 1,6koa; salerosketen kopuru osoaren % 14 bereganatu zituen. Bizkaian, ostalaritza sektorearen fakturazioa 2012an baino % 2,4 handiagoa izan zen; hala, guztizko salmenten % 51 bereganatu zituen, baina langile kopurua % 0,7 murriztu ziren.
Ostalaritza sektoreko establezimenduen neurria aztertuz gero, establezimenduen % 94,7 mikroenpresak (10 enplegatutik behera) direla ikus dezakegu. Mikroenpresa horiek fakturazio guztiaren % 64,8 sortu zuten, eta landunen % 59,3 jardun ziren haietan. Enpresa txikiak (10-49 pertsona landun) establezimenduen % 5,1 ziren; enpleguen % 22,8 haiei zegozkien eta % 23,6 fakturatu zuten. Azkenik, 50 langileko edo gehiagoko enpresek (enpresa ertain eta handiek) guztizkoaren % 11,6 fakturatu zuten eta landunen % 17,9ri eman zioten enplegua. Establezimenduen % 0,2 ordezkatzen du talde honek.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Zerbitzuen estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiagoo