2015/06/29ko prentsa-oharra
BIZTANLEEN UDAL ESTATISTIKA (BUE) 2001-2014
2001 eta 2014 bitartean, 93.000 pertsonatan hazi zen Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle kopurua
2014an, 64 urtetik gorakoek biztanle guztizkoaren % 20,7 hartzen zuten; hau da, 2001ean baino % 3 gehiago
Eustatek prestatutako datuen arabera, EAEko biztanleria 93.667 pertsonatan hazi zen 2001 eta 2014 bitartean: hau da, % 4,5 goratu zen. 2012an erregistratu zen biztanleen kopuru handiena; izan ere, 2.181.590 biztanlera ere heldu zen, 2001ean baino 102.380 pertsona gehiago.
Gipuzkoak soilik gehitu zuen urtero biztanle kopurua 2001 eta 2014 arteko denboraldian: guztira, 36.197 biztanle gehiago lortu zituen (% 5,4 hazi zen biztanle kopurua). Denboraldi berean, antzekoa izan zen Arabako biztanle-hazkundea –zehazki, 35.453 pertsona gehiago–, baina altuagoa hazkunde erlatiboa, % 12,5era iritsi baitzen. Bizkaiak ere handitu zuen biztanle kopurua hamahiru urteotan, baina kopuru apalagoetan, aintzat harturik lurraldeko biztanle-kopurua: 22.034 biztanle gehiago izateak % 2ko hazkundea eragin zuen. Elkarren bestelakoak izan ziren, batetik, Gipuzkoako hazkundea –aribidean oraindik– eta Bizkaikoa eta Arabakoa –lurralde horietako biztanle kopurua beherabidean hasi baitzen 2012tik aurrera–.
Vitoria-Gasteizek eta Donostiak ere biztanle kopurua handitu zuten 2001 eta 2014 bitartean, lehenengoak bigarrenak baina hamar aldiz gehiago, ordea. Denboraldi berean, 3.009 biztanle gutxiago zenbatu ziren Bilbon. Hazkunde-erritmoak desberdinak izan ziren hiru hiriburuetan: Vitoria-Gasteiz 2012an iritsi zen biztanle kopuru altuena izatera; Donostia eta Bilbo, berriz, 2009an. Donostiak ondoren izandako biztanle-galerak ez zuen eragin 2001 aurreko mailetarainoko jaitsiera; Bilbon, ordea, biztanle gutxiago zenbatu ziren 2014an, 2001ean baino.
Getxok, Portugaletek, Sestaok eta Basaurik galdu zituzten biztanle gehien 2001-2014 urte-arteko aldian (Bilbo Handiko udalerriak laurak); lauron artean, 7.168 biztanle gutxiago erregistratu ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle-dentsitate handieneko udalerriak biltzen dira eskualde horretan: guztiek zituzten 6.000tik gora biztanle/km2-ko. Portugaletek zuen dentsitate handiena 2014an: 14.642 biztanle/km2-ko.
Halaber, biztanleak galdu zituzten 2001 eta 2014 artean Arabako Mendialdeko zenbait udalerrik: hain zuzen, Kuartangok, Haranak, Lagranek eta Añanak, km2-ko 7 biztanle baino gutxiagokoak guztiak.
2001ean, 65 urtekoek edo gehiagokoek biztanleen guztizkoaren % 25 hartzen zuten EAEko 54 udalerritan; 2014an, 20 udalerri izatera igaro ziren.
2001ean, EAEko biztanleen % 18k zituen 65 urte edo gehiago; 2014an, % 20,7 izatera igaro zen portzentaje hori. 2001ean, 163 udalerrik gainditu zuten batez besteko portzentaje hori; paradoxikoki, 2014an, 91 udalerri izateraino jaitsi zen kopuru hori. Izan ere, 2001ean, biztanle guztien % 52,1 biltzen zen udalerri horietan; 2014an, berriz, % 57,4.
Horrez gainera, 137 udalerrietan jaitsi zen 65 urtetik gorakoen proportzioa bi data horien artean, nahiz eta, guztira, biztanleen % 8,8 besterik ez den biltzen udalerriotan. Horrek esan nahi du udalerri handienetan bildu ohi dela adinduen hazkundea. Hala, Vitoria-Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Barakaldok hartu dituzte 2001 eta 2014 bitartean guztira gehitu diren 76.212 adinduen % 36,2.
65 urteko eta gehiagokoen ehunekoaren aldakuntza-tasak, udalerri bakoitzeko. 2001-2014.
Bizkaiko bi eskualdetan (Enkarterri eta Arratia-Nerbioi) eta Arabako lautan (Gorbeialdean eta Arabako Mendialde, Errioxa eta Lautadan) besterik ez da beheratu adinduen ehunekoa aldi horretan. Nolanahi ere, nabarmengarria da Arabako Mendialdeko udalerrietan bildu ohi den adindu-proportzio altua: % 27 batez bestez 2014an, 2001eko % 29,2ren aldean.
2001ean, zazpi autonomia-erkidegok gainditzen zuten EAEko adinduen ehunekoa; 2014an, berriz, ez ziren hiru besterik. Horrek esan nahi du azkarragoa dela talde horren gorabidea gure erkidegoan. Europako beste herrialdeekin alderaturik, ohar gaitezke Italiak soilik gainditzen zuela EAEko ehunekoa 2001ean, baina, 2014an, Alemania batu zitzaiola, % 16,6tik, % 20,8ra igaro baitzen denboraldi horretan.
EAEn, bere horretan mantendu da 65 urtek edo gehiagoko pertsonen eta 16 urtetik beherakoen arteko ratioa 2001etik 2014rako denbora-tartean: 1,4, hain zuzen. Antzekoa zifra izan da Espainia osoan denbora-tarte berean, baina txikiagoa: 1,1. Nolanahi ere, 184 udalerrietan soilik beheratu da erlazio hori bi urte horien arteko denboran, eta guztizko biztanleriaren laurdena hartzen dute udalerriok soilik.
Lagrango udalerriaren kasua muturrekoa da; izan ere, 10 adindutik gora zituen 16 urtetik beherako bakoitzeko 2001ean; 2014an, berriz, 8/1eko ratiora arte jaitsi zen. Jarraian, Harana eta Añana udalerriek izan zituzten ratio altuenak 2001ean: 7/1 eta 6/1, hurrenez hurren. Egongune bera mantendu zuten bi udalerriek 2014an ere, baina ratio txikiagoekin. Ostera, 2001ean, hiru udalerrik zituzten 15 urtera arteko 1,5 gazte baino gehiago 65 urteko edo gehiagoko bakoitzeko: Urnietak, Sopelanak eta Anoetak. Hiruren artean, 17.869 biztanle batzen dituzte. 2014an, 2tik gorakoa izan zen gazte eta adinduen arteko ratio altuena; Larraulen, Iruran eta Dulantzin erregistratu ziren halakoak, baina baterako biztanle kopurua ez da iristen 5.000 biztanel izatera hiru udalerrien artean.
Banaketaren muturreko egoerak, batez ere, Arabako udalerrietan erregistratzen dira; izan ere, neurri txikia dutenez, edozein fenomeno demografikok, migrazioak esaterako, alda dezake banaketa.
Metodologiaren inguruko oharra: 2001-2014 seriea jendarteratzearekin batera, Biztanleen Udal Estatistika osatzen amaitu du Eustatek; beraz, orain, eskura dago Euskadiko udalerri guztien 2001-2014 denboraldiko demografia-egiturei buruzko informazioa.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEKo Biztanleen Udal Estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEKo Biztanleen Udal Estatistika. Datu-bankua