2015/06/26ko prentsa-oharra
SEKTORE PUBLIKOAREN AURREKONTUEN ESTATISTIKAK 2013
Euskal AEko administrazioen diru-sarrerak % 0,1 handitu ziren 2013an
Gastu totalak % 0,6 murriztu ziren
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen diru-sarrera finkatuen guztikoa (hau da, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udal-administrazioak, haien erakunde autonomoak eta udalez gaindiko eta azpiko entitateak) % 0,1 handitu zen 2013an, Eustatek prestatutako datuek erakusten dutenez.
Gastuen bilakabidea, berriz, negatiboa izan zen 2013an: -% 0,6. Horren ondorioz, aurrekontu-saldo ez-finantzarioa 188 milioi euro gehitu da (2012an -293 milioi eurokoa izan zen, eta 2013an, berriz, -105 milioi eurokoa).
Eragiketa arrunten bidezko diru-sarrerak % 0,4 murriztu ziren, eta kapital-eragiketengatik lortutako diru-sarrerak, berriz, % 2,4. Horrenbestez, eragiketa ez-finantzarioen bidezko diru-sarreren guztizkoa % 0,4 txikiagoa izan zen, 2012ko datuen aldean.
Finantza-eragiketengatik onartutako eskubideak % 5,0 handitu ziren, batez ere pasibo finantzarioak handitu izanagatik: 2012an, 1.482,2 milioi euro izan ziren; 2013an, berriz, 1.549,3 milioi euro.
Gastuen atalean, % 1,8 handitu ziren eragiketa arruntengatik 2013an onartutako betebeharrak. Langileen gastuak guztizkoaren % 21,4 dira, eta % 3,9 handitu ziren, baita transferentzia arruntak ere. Azken horiek guztizko gastuaren % 28,5 dira, eta % 3,4 handitu ziren 2012ko datuekin alderatuta. Beste gastu arruntak % 0,7 murriztu ziren, baina alderantzizko bilakabideak izan dituzte osagaietan: ondasun eta zerbitzu arrunten gastuak % 1,2 murriztu ziren, baina finantza-gastuak % 8,5 handitu (308 milioi euro guztira 2013an).
Diru-sarreren analisiak erakusten duenez, BEZagatik onartutako eskubideak % 3,0 handitu ziren 2012 eta 2013 artean, eta zerga bidez sartutako diruaren % 34,9 izan zen. Horrez gain, BEZak beste diru bildu du PFEZak, nahiz eta % 1,4ko murrizketa izan duen. Hirugarren eta laugarren tokian, hurrenez hurren, zerga bereziak eta sozietateen gaineko zerga daude. Biek izan dute bilakabide positiboa 2013an: % 1,5 zerga bereziek eta % 5,5 sozietateen gaineko zergak. Udal-zergek % 2,5eko hazkundea izan zuten.
Euskal AEko Herri Administrazioen zor bizia, 2013ko abenduaren 31n, 9.889,7 milioi eurokoa zen. 2013an hartutako pasibo berriak 1.602,4 milioi izan ziren, eta amortizazioak, berriz, 517,7 milioi. Zorrari dagokionez, BPGaren % 15,0 izan zen 2013an.
2013ko abenduaren 31n, 68.085 langilek ziharduen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetan –hau da, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udal-administrazioak, haien erakunde autonomiadunak eta udalez gaindiko eta azpiko entitateak–: % 0,6 gutxiago, 2012ko datuen aldean.
Euskadiko sektore publikoa eratzen duten gainerako erakundeak gehiturik –elkarte publikoak, irabazi asmorik gabeko fundazio eta erakundeak, unibertsitatea eta bestelako erakunde publikoak–, 123.476 langilek jarduten zuen: hau da, % 1,1 gutxiago, 2012ko datuen aldean.
Gizon-emakumeen banaketa aurreko urteetako modukoa izan da: langileen % 60,9 emakumeak; % 39,1 gizonak. Enplegu-harremanari dagokionez, lanpostu finkoa dute langileen % 68,6k.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62
EUSKAL AEko SEKTORE PUBLIKOAREN AURREKONTUEN ESTATISTIKEI BURUZKO PRENTSA-OHAR GEHIAGO
EUSKAL AEko SEKTORE PUBLIKOAREN AURREKONTUEN ESTATISTIKEN GAINEKO DATU-BANKUA