2015eko ekainaren 10eko prentsa-oharra
Zamudio, Olaberria eta Zierbena dira Euskal AEn biztanleko aberastasun handiena duten udalerriak
Biztanleko BPG handiena duten udalerrietan industria-jarduerak dira nagusi, Loiun izan ezik, non zerbitzuen sektorea gailentzen den (% 76)
Bizkaiko lurralde historikoko Zamudioko udalerriak izan du biztanleko BPG handiena 2012an, EUSTATek argitaratutako datuen arabera. Bigarren eta hirugarren postuan Olaberria (Gipuzkoa) eta Zierbena (Bizkaia) daude hurrenez hurren. Laugarren eta bosgarrenean Loiu eta Ajangiz agertzen dira, Bizkaikoak biak, eta seigarren tokian, Berantevillako udalerri arabarra.
Hiru hiriburuen artean, Donostia da 2012ko lehena, 113ko indizearekin; Gasteiz doa hurrena, 105eko indizearekin, eta ondoren Bilbo, bere indizea batezbestekoa baino zertxobait handiagoa delarik (101).
Udalerri bakoitzeko BPGaren sektore-banaketari erreparatuz gero, Zamudion industria (% 48,9) eta zerbitzuak (% 48,5) berdin-berdin banatzen dira, biak Teknologia Parkeko enpresa-jarduerarekin loturikoak. Lehen sektoreak duen pisu urria da biztanleko BPG handiena duten hiru udalerrien ezaugarri komuna. Bestalde, aipatzekoa da Olaberria eta Zierbenako udalerrietan industria-sektoreak duen pisua, % 74,4 eta % 81,6koa hurrenez hurren. Bi udalerriotan, zerbitzuen sektoreak pisu txikia du, % 24,8 eta % 16,6koa hurrenez hurren. Nolanahi ere, azpimarratzekoa da Loiuren (biztanleko BPGari dagokionez laugarren lekuan dagoena) ekonomiaren zati garrantzitsua zerbitzuen sektorean oinarritzen dela (% 76,0), aurreko hiruretan ez bezala.
Hiriburuei dagokienez, zerbitzuen sektoreak sortzen du Bilbo eta Donostiako BPGaren % 85 baino gehiago; Gasteizen kasuan, ostera, BPGaren % 68 baino ez du sortzen. Zentzu horretan, Gasteizko industria-sektorearen ekarpena handiagoa da (% 25,1), Bilborekin (% 6,9) eta Donostiarekin (% 5,8) alderatuz.
Eskualdeka, Araban daude biztanleko BPG balio handienak ematen dituzten hiru eskualdeak; Añanako kuadrilla dago lehen tokian, 181eko indizearekin. Eskualde horren barruan, Berantevilla (513), Zanbrana (257) eta Lantaroneko (249) udalerriak dira zerrendako lehenak. Berantevilla eta Lantaroni dagokienez, industria-sektorea da beren ekonomiaren eragilea; Zanbranaren kasuan, berriz, zerbitzuen sektorea.
Arabako Errioxako eskualdeek (173) eta Gorbeia Inguruek (136) dituzte lehen hiru lekuak. Laugarren eta bosgarren tokian Gipuzkoako Debagoiena (125) eta Arabako Mendialdea (117) daude hurrenez hurren.
Eskualde hauetan guztietan, Arabako Mendialdean izan ezik, industriak eragin handia du balio erantsian (% 50 inguru batez beste), EAEn % 24,2 delarik. Zerbitzuen sektoreak, aldiz, pisu txikiagoa du (% 40 inguru), EAEn % 68,0 delarik.
2010-2012 denboraldiko biztanleko BPGaren bilakaerari dagokiolarik, EAEko 251 udalerrien 133k (% 53) bilakaera negatiboa izan dute udalerri-mailan. 118 udalerrik baino ez dute bilakaera positiboa izan.
Zerain, Gaztelu eta Alonsotegi dira 2010 eta 2012 bitartean gehien hazi diren udalerriak, % 52,0, % 50,5 eta % 47,4ko hazkundearekin hurrenez hurren.
20.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, Santurtzi (% 9,9), Irun (% 3,7) eta Errenteria (% 2,9) gailentzen dira zentzu positiboan, eta Sestao (-% 15,4), Galdakao (-% 11,6) eta Leioa (-% 9,8) nabarmentzen dira beren aldakuntza negatiboak direla eta.
Hiru hiriburuen artean, Donostiak du bilakaerarik negatiboena, biztanleko BPGaren -% 1,4ko aldakuntza negatiboarekin. Gasteiz da hurrena, -% 0,1eko aldakuntzarekin. Bilbo, berriz, bilakaera positiboa izan duen hiriburu bakarra da (% 0,3).
1. grafikoa. Eskualde bakoitzeko biztanleko BPGaren banaketa. Euro. 2012
Iturria: Eustat. Udal BPG
Metodologiaren inguruko oharra:
Udal BPGaren argitalpen berri honek Kontuen Europako Sisteman (KES 2010) zehaztutako irizpideak onartzea ekarri du.
Datuak interpretatzerakoan, udal BPG eta udal-errenta bereizi behar dira. BPG ekoizpenari eta aberastasuna sortzeari dago uztartuta, eta ekoizpen-establezimendu garrantzitsuak dituzten udaletan jartzen du arreta. Errenta, aldiz, pertsonei eta haien bizilekuari dago lotuta.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko udal BPGri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko udal BPGri buruzko datu-bankua