2016/03/07ko prentsa-oharra
EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA 2016
Euskal AEn emakumeek bi aldiz denbora gehiago pasatzen dute etxeko lanetan gizonek baino
Gizonen batez besteko errenta 10.000 euro handiagoa emakumeena baino
Euskal AEko genero-aldeak bistaratzeko moduetako bat da ikustea emakume eta gizonen denboraren erabileraren bilakaera, egunerokotasuneko zeregin nagusien multzoetan.
Berriki Eustatek argitaratu du, digitalki, azken bi hamarraldietako gizarte-aldaketa nagusien analisia. Eustatek 1993-2013 bitartean bost urtero eginiko Denbora-Aurrekontuen Inkestetako datuak aztertu ondoren egin da analisia; datu mordoa dakar, genero ikuspegitik.
Egunerokotasuneko zeregin nagusien multzoak azterturik, alde nagusia etxeko lanetan emandako denboran da; bai 1993an, bai hogei urte geroago, emakumeek denbora gehiago lan horietxetan. 1993an 3 ordu eta 13 minutu gehiago gizonek baino; 2013an ordubete eta 31 minutu gehiago.
1993an emakumeek lau aldiz denbora gehiago pasatzen zuten etxeko lanetan gizonek baino. 2013an, bi aldiz gehiago. Emakumeek denbora gutxiago pasatzen dute etxeko lanetan, eta gizon gehiago aritzen dira.
Hobera egin da, baina ezberdintasunak indartsu dirau; 2013an, emakumeek bi aldiz denbora gehiago pasatzen dute etxeko lanetan gizonek baino.
1993an, lan eta prestakuntzan, emakumeek emandako denbora gizonenaren erdia zen; 2013an, hiru laurden. Lan eta prestakuntzan, 1993-2013 bitartean emakumeak 2 ordu eta 4 minututik 2 eta 22ra joan dira, goraka; gizonak beheraka, 4 ordu eta 15 minututik 3 eta 16ra.
Etxeko pertsonak zaintzeko denboran ikusten da baita ere genero-alderik, eta mantendu egiten direla. 2013an, emakumeak 36 minutuz; 21ez gizonak.
Errenta banaketa
2013an, gizonek batez besteko 24.414 euroko guztizko errenta zuten; emakumeek 14.526, 9.888 euro gutxiago.
Gizonen eta emakumeen errenta pertsonalen arteko alde nabarmenenak 60 eta 64 urte artean; gizonena, batez beste, 17.892 euro gehiago.
18 urteko eta gehiagoko biztanleen errenta pertsonalik altuena 55 eta 59 urte bitartean, batez beste 25.897 euro. Emakumezkoen kasuan batez besteko errentarik handiena 50 eta 54 urte artean (batez besteko 19.116 euro); gizonezkoenean 55 eta 59 urte artean eta nabarmen handiagoa (33.311).
“Genero-arraila” bazen familiaren diru-sarreretan 2013an. Errenta-jasotzaile nagusia gizon ala emakume izan, bada alderik. Familian errenta-jasotzaile nagusia gizon denean, batez besteko diru-sarrerak 44.384 euro dira eta familia gehienak geruza ertain eta goikoetan metatzen dira; emakume denean familiaren batez besteko errenta 33.430 eta beheko errenta-geruzetan daude.
Emakume bat buru duten familiek 1,8 kide izaten dituzte batez beste; gizon bat bada, 2,2, aintzat hartzeko moduko ñabardura.
Emakumeen etxeko lan ez-ordaindua
2013an Euskal AEko etxeko produkzioaren balioa, 21.342 milioi, BPGren %32,4. Produkzio honen balioaren %66,7 emakumeena, %33,3 gizonena.
Etxeko Lanaren Kontu Sateliteak emandako datuak dira; helburu nagusia etxeguneek egindako produkzio-jardueren irudi orokor bat eskaintzea eta balio ekonomikoa zenbatestea, zeinaren zati nagusia ez baita jasotzen BPGren zenbatespenetan. Jarduera nagusiak: ostatua, zaintza, hezkuntza, elikatzea, arroparekikoak.
Azken 20 urteetan gizonen parte-hartzea etxeko lanetan 13 puntuz gehitu da (1993ko %20,7tik 2013ko %33,3ra), baina emakumeena bi aldiz handiagoa da oraindik (1993an %79,3; %66,7 2013an).
Azken bost urteetan gizonen parte-hartzea ehuneko bost puntu inguru gehitu da, 2008ko %28,6tik 2013ko %33,3ra.
Emakumeen ekarpen nagusiak: Arroparekikoak eta beste (%77,1; Zaintzak eta hezkuntza (%68,8); Elikatzea (%64,3); Ostatua ematea (%62,4). Gizonen ekarpen nagusia: Ostatua ematea (%37,6); txikiena, Arroparekikoak eta beste (%16,9).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62