2016/02/17ko prentsa-oharra
Eustaten argitalpen batean Euskal AEko bi hamarralditako gizarte-aldaketa aztertzen da, denboraren erabileraren bidez
Monografikoa eskuragarri dago webean
Eustatek argitara berri du, formatu elektronikoan, euskal biztanleen denbora banaketaren azterketa. Monografikoa eskuragarri dago Eustaten webean: “Bi hamarkadako gizarte-aldaketa Euskal AEn denboraren erabileraren bitartez. Denbora-Aurrekontuen Inkesta, 1993-2013.”
Azken bi hamarraldietako gizarte-aldaketa nagusien analisia eskaini nahi da, Eustatek 1993-2013 bitartean bost urtero eginiko Denbora-Aurrekontuen Inkestetako datuak aztertu ondoren.
Hainbat datu interesgarri: 2013an euskal hiritar batek 11 ordu eta 56 minutu pasatzen zituen batez besteko egun batez behar fisiologikoetan eta norbera zaintzen, 1993an baino 31 minutu gehiago. Lan ordainduan/prestakuntzan 2 ordu eta 48 minutu, 1993an baino 21 minutu gutxiago; gizarte-bizitzan 44 minutu, orain bi hamarraldi baino 26 minutu gutxiago.
Aisian, bai aktiboan, bai pasiboan, 4 ordu eta 26 minutu, 26 minutu gutxiago; joan-etorrietan ordubete eta 13 minutu, 15 minutu gehiago; etxeko lanetan 2 ordu eta 24 minutu, 16 gutxiago; etxeko beste pertsonak zaintzen 29 minutu, 10 gehiago.
Denbora Aurrekontuen Inkestak xehe-xehe esaten digu egunerokotasunean biztanleek zertan pasatzen duten denbora, jarduera bakoitzean zenbat.
Inkestako datuak ustiatuz, banakoek nahiz talde sozialek hainbat jardueratan ematen duten denbora jakin ahal izan da, betiere adinaren, generoaren, laneko egoeraren, ikasketen edo lurraldearen aldagaien arabera.
Eguneroko jarduerak zenbait epigrafetan multzokatzen dira: behar fisiologikoak (lo egitea, jatea eta norbera zaintzea batik bat); lan ordaindua eta prestakuntza; etxeko lana; etxeko lagunak zaintzea; aisialdi aktiboa eta pasiboa; joan-etorriak.
Argitalpenean erakutsi nahi izan da krisialdiak zenbateraino eragin dion euskal gizarteari denboraren erabileran.
Azpimarragarri da jorratu gabeko gai-arloak ekarri direla oraingoan, esaterako elikadura-ohiturak, lo egitekoak, nazioarteko konparazio-azterketa.
Monografikoa unibertsitateko analisten eta Eustaten lankidetzaren fruitu da, parte-hartzaile nagusiak izan direlarik: EHU, Madrilgo Konplutensea, Madrilgo Autonoma, Matía Fundazioa, DESTATIS (Alemaniako Estatistika Institutua).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62