2016/08/02ko Prentsa-oharra
Merkataritza elektronikoak gora egiten jarraitzen du 2015ean Euskal AEn, bai zifra ekonomikoetan bai erabiltzen duten enpresen portzentajean
Euskal enpresen % 26,4k erabili zuten merkataritza elektronikoa, iaz baino % 1,6 gehiagok, alegia, eta salmentek ere % 13, 3 egin zuten gora
Eustaten datuen arabera, gora egiten jarraitzen du merkataritza elektronikoak Euskal AEn, bai zifra ekonomikoetan, eurotan, bai erabiltzen duten enpresen ehunekoan. Hala, enpresen % 26,4k erabili zuten 2015ean merkataritza elektronikoa, iaz baino % 1,6 gehiagok.
Sarearen edo bestelako sistema elektronikoen bidez, esate baterako, posta elektroniko bidez edo datu elektronikoen elkartrukearen bidez (EDI eta bestelako sareak), sortutako negozio-bolumena 13.732,6 milioi eurokoa izan zen egindako salmenta elektronikoei dagokienez, eta 10.518,0 milioi eurokoa egindako erosketei dagokienez.
Iazko zifrekin alderatuta, merkataritza elektronikoaren bidezko salmentak % 13,3 igo ziren Euskal AEko enpresetan, eta % 12,8 sistema hori bera erabiliz egindako erosketak.
Lurraldeak aztertuz, ehunekoak oso antzekoak badira ere, Bizkaia nabarmentzen da, lurralde horretan egin baitute gora gehien erosketa elektronikoek 2015ean, % 13,7, alegia, eta salmentek, berriz, % 12,7. Bestalde, Araban egin dute gora gehien salmentek, % 14,9, hain zuzen, eta erosketetan izandako igoera % 11,9koa izan da. Gipuzkoari dagokionez, erosketa elektronikoetan % 11,7ko igoera izan da eta salmentetan % 12,3ko hobekuntza.
Lurralde bakoitzaren pisua aztertuta, ikusten da hiru lurraldeen artean antzera banatzen direla salmenta elektronikoak, nahiz eta Bizkaiak duen ehunekorik handiena (Autonomia Erkidego osoko % 36,2), eta Gipuzkoak eta Arabak parte-hartze bera dute aurten, % 31,9koa, alegia. Erosketetan, aldiz, Bizkaiak kopuru osoaren % 51,6 bereganatzen du 2015ean, Gipuzkoak % 31,6 eta Araba, berriz, Euskal AEn egindako erosketen % 16,8rekin geratzen da.
Establezimenduen tamainari erreparatuta, 10 langile edo gehiago dituztenak dira merkataritza elektronikoan diru gehien mugitzen dutenak: salmenta guztien % 81,6 eta erosketa guztien % 68,2.
Merkataritza elektronikoan parte hartzen duten Euskal AEko enpresen ehunekoari dagokionez, 2015ean % 1,6 egin dute gora, eta gaur egun % 26,4 dira. Ikusten da, gainera, zifra ekonomikoen arabera salmenta elektronikoak erosketen gainetik badaude ere, baliabide elektronikoen bidez erosketak egiten dituen enpresa-kopurua, % 23,9, baliabide hori bera erabiliz saltzen duena baino askoz ere handiagoa dela, % 6,5, alegia.
Kalkuluen arabera, 43.700 dira Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritza elektronikoa erabiltzen duten establezimenduak. Prozedura horren bidez egindako erosketak erosketa guztien % 31,3 dira eta salmentak, berriz, salmenta guztien % 36,8.
Zifrak aldatu egiten dira enpresen tamaina kontuan hartzen bada. Eta, esate baterako, 10 langile edo gehiago dituzten enpresen % 30,0ek erabiltzen dute merkataritza elektronikoa, iaz baino % 1,2 gehiagok. Segmentu horretan ere askoz ere gehiago dira erosketa elektronikoak egiten dituztenak, % 25,3, eta pisu gutxiago dute salmentak bide hori erabiliz egiten dutenek (% 11,4). Biek egin dute gora aurten, % 0,3 eta % 0,6, hurrenez hurren.
Erosketa elektronikoak egiteko erabilitako baliabideari dagokionez, % 45,4 posta elektroniko bidez (e-mail) egin dira, % 30,4 EDI eta bestelako sareen bidez, eta gainerako % 24,2 web-orrien bidez. Salmenta elektronikoen kasuan, berriz, % 47,6 EDI eta bestelako sareen bidez egin dira, % 28,0 posta elektroniko bidez eta % 24,4 web-orrien bidez.
Merkataritza elektroniko bidez 2015ean egindako salmenten bezero-motari dagokionez, salmenta elektronikoen % 78,5, hau da, gehienak, beste enpresa batzuetara bideratu dira (B2B izeneko merkataritza), % 20,8 kontsumitzaile partikularretara (B2C) eta gainerako % 0,7 beste batzuetara, esate baterako, administrazio publikoetara (B2G).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak; prentsa ohar gehiago
Informazioaren gizartearen inkesta. Enpresak; datu-bankua