2016/07/21eko prentsa-oharra
Euskal AEk lortzen du munduko maila altuenetakoa giza garapenean
2010etik bi postuz aurreratu ondoren, zortzigarren dago, Giza Garapenaren Indizearen (GGI) sailkapenaren arabera
Eustaten datuen arabera, Euskal AE gizarte garatuenetakoa da planetan, Giza Garapenaren Indizearen arabera. Nazio Batuen Garapenerako Programaren (NBGP) metodologia erabili da kalkulua egiteko, 2010-2014 aldian.
NBGPren azken txostenean, 2014ko datuekin, 188 estatu sailkatzen dira, bizi baldintzen arabera. 0tik 1erako eskalan ezartzen da GGI; hartzen dira kontuan bizi-itxaropena jaiotzean, haurren eskola-urteak, espero direnak; 25 urte edo gehiagokoen eskola-urteak batez beste eta per capita errenta gordin nazionala.
2014an Euskal AEk 0,915eko GGI zuen, zortzigarren; gure aurretik, Norvegia, Australia, Suitza, Danimarka, Herbehereak, Alemania eta Irlanda; AEBetako maila berean. Espainia 26. dago, 0,876; azkena Niger, 0,348.
2010etik 2014ra 10.etik 8.era pasatu gara, Erresuma Batua eta Zeelanda Berria aurreraturik.
2010-2014 aldian hobera egin dugu osasun eta hezkuntzan; bizi-itxaropena 82,6tik 83,4ra luzatu da, bakarrik Hong-Kong (84,0) eta Japonia (83,5) daude aurretik.
Espero izandako eskola-urteak 18,1etik 18,8ra luzatu dira, aurretik bakarrik Australia (20,2), Zeelanda Berria (19,2), Islandia (19,0).
Batez besteko eskola urteetan 10,2 urtetik 10,8ra pasatu gara aipatu aldian; besteren artean aurretik Alemania eta Erresuma Batua (13,1 batez beste).
Per capita errenta nazional gordina gutxitu egin zaigu (42.100 dolar azken urtean, erosteko ahalmenaren parekotasunean); GGIn liderra denak, Norvegiak, 65.000 dolarretakoa du.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62