2016/08/10eko Prentsa-oharra
ZERBITZUEN ESTATISTIKA. JARDUERA PROFESIONALAK ETA ZERBITZU LAGUNGARRIAK 2014
Euskal AEn 115.760 pertsona aritu ziren 2014an jarduera profesionalen eta zerbitzu lagungarrien sektorean, erkidegoko guztien % 11,8
Gora egin zuten, aurreko urtearekin alderatuta, establezimendu-kopuruak, fakturazioak eta enpleguak.
Eustaten datuen arabera, jarduera profesionalen eta zerbitzu lagungarrien sektorean 115.760 pertsona aritu ziren lanean 2014an (erkidegoko ekonomian dauden enpleguen % 11,8 dira), eta 8.318 milioi euro fakturatu zituen. Sektoreak 28.251 establezimendu zituen 2014an, aurreko urtean baino % 1,1 gehiago. Fakturazioak % 3,3 egin zuen gora, eta enpleguak, berriz, % 0,8, aurreko urtearekin alderatuta.
Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen azpisektorean Jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak, Arkitektura eta ingeniaritzako zerbitzuak, Ikerketa eta garapena, Publizitatea eta merkatu-azterketak eta Bestelako jarduera profesionalak biltzen dira. Fakturazio-bolumenari dagokionez azpisektorerik esanguratsuena da, bolumen osoaren % 65,8 baita. Langile-kopurua Administrazio-jardueren eta zerbitzu lagungarrien azpisektorekoa bezain handia da ia. 2014an bilakaera positiboa izan zuen: % 3,5 egin zuen gora fakturazioak eta % 0,3 enpleguak.
Azpisektore honetan Jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak eta Arkitektura eta ingeniaritzako zerbitzuak nabarmentzen dira, azpisektoreko enpleguaren % 70 eta fakturazioaren % 80 hartzen duten aldetik. Bi adarretan egin zuen gora fakturazioak aurreko urtearekin alderatuta, % 4,3 eta % 3,2, hurrenez hurren. Enpleguari dagokionez, aldiz, Jarduera juridikoen eta kontabilitatekoen adarrak enplegua sortu zuen 2014an (2013ari dagokionez % 1,0eko igoera), eta Arkitektura eta ingeniaritzako zerbitzuen adarrean % 2,0 egin zuen behera lanean ari zirenen kopuruak.
Azpisektore honetan aurreko urtearekin alderatuta bilakaera positiboena izan duen adarra Bestelako jarduera profesionalena izan da (hemen sartzen dira diseinua, argazkigintza, itzulpengintza eta interpretazioa eta albaitaritza). Adar honetako negozio-zifra % 8,2 igo zen eta lanean ari zirenen zifra % 5,8, nahiz eta 2014an azpisektorearen fakturazioaren % 7 eta enpleguaren % 10,5 bildu zituen.
Bestalde, Administrazio-jardueren eta zerbitzu lagungarrien azpisektorean alokairu-jarduerak, enpleguarekin lotutako jarduerak, Bidaia-agentziak eta Bestelako zerbitzu-jarduerak sartzen dira, eta negozio-zifra osoaren % 34,2 hartu zuen. Azpisektore honek ere bilakaera positiboa izan zuen, eta negozio-zifrak % 2,9 egin zuen gora eta enpleguak % 1,2.
Azpisektore honetan, bere garrantzia dela eta, Bestelako zerbitzu-jardueren adarra nabarmentzen da (Segurtasun eta ikerketako jarduerak, Eraikinetako eta lorezaintzako zerbitzuak eta Enpresentzako jarduera lagungarriak), eta azpisektoreko enpleguaren % 80 eta fakturazioaren % 55etik gora bildu zen bertan. Aurreko urtearekin alderatuta, adar honek gora egin zuen, igoera neurtua izan bazen ere: negozio-zifran % 0,4koa eta langile okupatuen zifran % 0,1ekoa.
Enpleguarekin lotutako jardueretan izan da hazkunde-tasarik handiena, bai azpisektore osoa bai jarduera profesional eta zerbitzu lagungarri guztiak kontuan hartuta: negozio-zifra % 14,3 hazi da eta langile okupatuena % 11,5.
Jarduera profesionalen eta zerbitzu lagungarrien sektore osoko establezimenduen tamaina aztertuta, ikusten da mikroenpresak zirela (10 langile baino gutxiago) establezimenduen % 94,6, eta fakturazio osoaren % 43,9 eta langile okupatuen % 37,3 bildu zuten. Enpresa txikiak, berriz, (10-49 langile) establezimenduen % 4,3 ziren, eta enpleguaren % 20,9 bildu zuten eta fakturazio osoaren % 27,8 fakturatu zuten. Eta, azkenik, 50 langile edo gehiago dituzten enpresek (enpresa ertain eta handiek) fakturazio osoaren % 28,3 fakturatu zuten, lanean ari ziren pertsonen % 41,8 zuten eta establezimendu guztien % 1,1 ziren.
Lurraldeak aztertuta, ikusten da hiru lurraldeetan bilakaera positiboa izan zuela sektoreak 2014an, bai fakturazioan bai enpleguan. Bizkaiak EAEko salmenta guztien % 61,4 zuen, eta Jarduera profesionalen eta zerbitzu lagungarrien sektorean % 3,0 egin zuen gora negozio-zifrak eta % 0,7 enpleguak. Gipuzkoak 2013an baino % 5,2 gehiago fakturatu zuen, salmenta guztien % 26,0 izanik, eta langile okupatuen zifrak % 0,4 egin zuen gora. Araban % 1,8 igo zen enplegua eta % 0,9 egin zuen gora negozio-zifrak, salmenta guztien % 12,6 izanik.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62
Zerbitzuen estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago