Prentsa-oharra, 2016-12-30
BERRIKUNTZAREN INKESTA. 2015
Gora egin du enpresa berritzaileen ehunekoak EAEn, eta % 16,9 izan ziren 2015ean
Berrikuntza teknologikoak egiten dituzten eta finantziazio publikoa jasotzen duten enpresen % 67k Eusko Jaurlaritzatik jasotzen dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen % 16,9k berrikuntzak –teknologikoak edo ez– egin zituzten 2015ean, 2014an baino ehuneko 4 hamarren gehiagok, Eustatek landutako datuen arabera. Berrikuntzak egin zituzten 10 langile edo gehiagoko enpresak bakarrik kontuan hartuta, enpresa berritzaileak % 34,6 izan ziren, 2014an baino ehuneko 0,1 gehiago.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen % 11,9k, hau da, 19.338 enpresak, berrikuntza teknologikoak egin zituzten 2013-2015 aldian, eta aurreko aldiarekin alderatuta, beraz, ehuneko 0,3 puntuko beheraldia izan zen. Berrikuntza teknologikotzat hartzen da enpresek produktu berri edo nabarmen hobetu bat (ondasuna edo zerbitzua) merkaturatzea –2015ean enpresen % 7,8– edo establezimenduan bertan prozesu berri edo nabarmen hobetu bat ezartzea –% 9,2–.
Hala ere, 10 langile edo gehiago dituzten enpresak bakarrik kontuan hartuz gero, ehuneko hori 28,2koa da, aurreko urtean baino ehuneko 0,7 puntu gehiago. Tamaina horretako enpresei dagokienez, % 17,6k produktuan egin zuten berrikuntza, eta % 22,3k prozesuetan.
Euskal enpresek BPGren % 3,5 gastatu zuten berrikuntza teknologikorako jardueretan
Euskal enpresek 2.443,2 milioi euro gastatu zituzten 2015ean berrikuntza teknologikorako jardueretan, aurreko urtean baino % 1,2 gutxiago. Gastu hori BPGren % 3,5 izan zen.
Berrikuntza teknologikorako beharrezkoak diren jarduera nagusien artean nabarmentzen dira barneko I+Gn egindako gastua –gastu osoaren % 52,1–, makinak eta ekipamendua erostea –% 19,7–, kanpoko I+G erostea –% 16,9– eta gainerako jarduerak – % 11,3–.
Berrikuntza teknologikoak egiten dituzten enpresen % 26,6k finantziazio publikoa jasotzen dute
Laguntzen jatorriari erreparatuz gero, Eusko Jaurlaritzak emandakoak nabarmentzen dira, eta enpresa berritzaile guztiek jasotako laguntzen % 17,9 dira. Horrek esan nahi du berrikuntzak egiten dituzten eta laguntzak jasotzen dituzten enpresen % 67,3k Eusko Jaurlaritzatik jasotzen dituztela laguntzak. 10 langile edo gehiago dituztenen kasuan, % 51,3k jasotzen dituzte laguntzak, eta kasu honetan ere, Eusko Jaurlaritza da finantzaketa emaile nagusia: berrikuntza-gastuak dituzten tamaina horretako enpresen % 35,9 finantzatzen du. Beste era batera esanda, 10 langile edo gehiago dituzten eta laguntzak jasotzen dituzten enpresen % 70ek Eusko Jaurlaritzatik jasotzen dituzte laguntzak.
Berrikuntza teknologikoak egiten dituzten ia enpresa guztiek, % 91,7k, uste dute berrikuntzak eragin positiboak dituela
Enpresen % 84,4ren ustez berrikuntzak eragin positiboa du bere produktuetan, bai ondasunetan bai zerbitzuetan; % 71,4ren ustez eragin positiboa du barne-prozesuetan; % 54,3ren ustez eragina du enpleguan eta % 46,0ren ustez badira beste eragin positibo batzuk ere, hala nola, ingurumen-inpaktu txikiagoa edota langileen osasunaren hobekuntza.
10 langile edo gehiago dituzten enpresa berritzaileen kasuan, % 93,3k uste dute berrikuntzak ondorio positiboak dituela, eta tamaina honetako enpresetan gainerako ehunekoak dira % 83,9, % 69,3, % 60,7 eta % 46,0, hurrenez hurren.
Enpresen erdiak baino gehiagok uste du hainbat faktorek zaildu egiten dutela berrikuntza teknologikoa
Zehazki, % 57,0k uste du faktore jakin batzuek zaildu egiten dutela berrikuntza teknologikoa. Faktore horien artean ekonomikoak dira nagusi. Enpresek azpimarratzen dituzte gehiegizko arrisku ekonomikoak (% 41,1), berrikuntza egitearen kostu handia (% 44,8) eta finantziazio-iturririk ez izatea (% 37,6). 10 langile edo gehiago dituzten enpresen kasuan, % 66,1ek uste dute hainbat faktorek zaildu egiten dituztela berrikuntzak, eta traba berberak azpimarratzen dituzte.
Berrikuntza ez-teknologikoa
Berrikuntza ez-teknologikoari dagokionez, antolakuntzan eta merkaturatzean egindako berrikuntzak sartzen dira, eta enpresen % 9,5ek egiten dituzte. Antolaketan berrikuntzak egitea enpresaren barne-funtzionamenduan antolaketa-metodo berriak ezartzea da, eta euskal enpresen % 5,5ek egiten dituzte. Merkaturatzean berrikuntzak egitea aurrekoetatik nabarmen desberdinak diren eta sekula baliatu ez diren estrategia edo kontzeptu komertzialak gauzatzea da, eta euskal enpresen % 6,7k egiten dituzte. 10 langile edo gehiago dituzten enpresetan, berrikuntza ez-teknologikoa % 19,9 da, eta antolaketan berrikuntzak eginez (% 16,5) eta merkaturatzean berrikuntzak eginez (% 9,1) lortzen da.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko berrikuntzaren inkesta. Prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko berrikuntzaren inkesta. Datu-bankua