Prentsa-oharra, 2016-12-28
56 udalerrik gainditu zituzten Euskal AEko langabezia-tasak 2015ean, eta 37tan langabezia-tasa % 10etik beherakoa zen
Landunen ia % 60 goi-mailako edo lanbide-heziketako titulazioa zuten
Euskal AEko 251 udalerrietako 56tan langabezia-tasa % 16,1etik gorakoa izan zen batez beste 2015ean, eta Arabako hiru udalerritan izan zen bereziki handia: Oyón-Oionen (% 24,7), Zanbranan (% 24,5) eta Moredan (% 24,0), Eustatek landutako datuen arabera. Bestalde, beste 37 udalerritan langabezia-tasa % 10etik beherakoa izan zen, eta nabarmendu ziren bereziki Albiztur (% 3,3), Mendata (% 5,3), Orexa (% 5,4) eta Gabiria (% 5,6).
Eskualdeetako egoera oso ezberdina da. Araban zegoen Euskal AEn langabezia-tasa txikiena zuen eskualdea, Arabako Mendialdea, alegia (% 10,5), bai eta tasarik handiena zuena ere, Arabako Errioxa (% 19,1). Batez bestekoa baino langabezia-tasa handiagoa zuten beste eskualde batzuk izan ziren Markina-Ondarroa (% 16,5), Gernika-Bermeo (% 17,0), Bilboaldea (% 17,9) eta Enkarterri (% 19,1). Gipuzkoako ia eskualde guztiak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko langabezia-tasaren azpitik ibili ziren, Bidasoa Behea izan ezik (% 17,3).
Orokorrean, langabezia-tasarik txikienak udalerri txikietan izan ziren: 10.000 biztanletik beherako udalerrietan langabezia-tasa % 14,7koa izan zen, 10.000-40.000 biztanlekoetan % 15,6koa eta 40.000-100.000 biztanlekoetan % 17,8koa. Hiriburuetan langabezia-tasa biztanleria aktiboaren % 16,6koa izan zen. Bilbok izan zuen langabezia-tasarik handiena (% 18,7), eta Gasteizek % 15,8koa eta Donostiak % 13,8koa.
Gipuzkoakoak dira industrian okupazio-proportziorik handiena zuten udalerriak, Arabakoak nekazaritzan zutenak eta Bizkaikoak eraikuntzan eta zerbitzuetan zutenak
2015ean biztanleria okupatuaren % 73,5ek zerbitzuetan egiten zuen lan, % 19,4k industrian, % 5,6k eraikuntzan eta % 1,5ek nekazaritzan.
Lurralde Historikoen arteko aldeak ez dira esanguratsuak. Araban eta Gipuzkoan industrian okupatutako biztanleriaren tasa (% 22,8 eta % 23,2, hurrenez hurren) Bizkaikoa baino handiagoa zen (% 15,9), eta, hain zuzen ere, Bizkaian zeuden landun gehien zerbitzuen sektorean (% 76,8), eta Araban eta Gipuzkoan, berriz, % 70 inguru bi kasuetan. Bestalde, Araban gehiago ziren nekazaritzan okupatuta zeudenak (% 2,6), eta Bizkaian, berriz, % 1,3 eta Gipuzkoan % 1,4.
Nolanahi ere, sektoreen arabera biztanleria okupatuan alderik handienak udalerrien artean daude. Navaridasen, Baños de Ebro/Mañuetan, Yécora/Iekoran, Villabuena de Álava/Eskuernagan eta Elvillar/Bilarren, esate baterako, 10 landunetatik 2k bakarrik egiten zuten lan zerbitzuetan, eta Getxon, Plentzian, Donostian, Bilbon eta Gorlizen, esate baterako, 10etik 8k.
Industriako enpleguaren ehunekoetan nabarmentzen dira, besteak beste, Eskoriatza (% 48,6), Oñati (% 48,1), Antzuola (% 46,7) eta Aretxabaleta (% 45,4), eta Bizkaiko Lanestosa, Barrika eta Plentzian, esate baterako, 10etik 1 baino ez zen ari sektore horretan lanean.
Nekazaritzan okupazio-tasa handiak zituzten udalerri gehienak, berriz, Arabakoak dira, eta nabarmentzen dira Yécora/Iekora, Baños de Ebro/Mañueta, Elvillar/Bilar eta Villabuena de Alava/Eskuernaga, eta horietan biztanleria okupatuaren erdiak egiten zuen lan sektore horretan.
Eraikuntzaren sektorean nabarmentzen dira Beizama (pertsona okupatuen % 19,7), Belauntza (% 15,5) eta Artzentales (% 14,6).
Jarduera-sektoreen arteko aldeak nabarmenak dira Euskadiko okupatuen prestakuntza-mailaren arabera
Euskadiko biztanleria okupatuaren prestakuntza-mailari dagokionez, 2015ean okupatuen ehunekorik handienak goi-mailako ikasketak zituen (% 24,1), eta, ondoren, % 23,6k lanbide-heziketako ikasketak eta, hirugarren lekuan, % 21,0k oinarrizko ikasketak. Jarduera-sektoreen arabera, ehunekoak nabarmen aldatzen dira. Lehen sektorean oinarrizko ikasketak zituzten langileak ziren nagusi (% 40,0), eta, ondoren, bigarren mailako ikasketak zituztenak (% 20,8); Industrian lanbide-heziketako ikasketak zituztenak (% 34,0) eta oinarrizko ikasketak zituztenak (% 23,2) nabarmentzen ziren. Eraikuntzan langileek oinarrizko ikasketak (% 35,5) eta lanbide-heziketako ikasketak (% 27,4) zituzten, eta, azkenik, zerbitzuetan zeuden landun kualifikatuenak, eta goi-mailako ikasketak zitutenak % 27,8 ziren, lanbide-heziketako ikasketak zituztenak % 20,7 eta bigarren mailako ikasketak zituztenak % 19,2.
Bai jarduera-tasa bai langabezia-tasa handiak dira biztanleria atzerritarraren artean
16 urte eta gehiago zituzten atzerritarren jarduera-tasa % 73tik gorakoa zen 2015ean, eta langabezia-tasa % 36koa. Aldeak nabarmenak ziren sexuaren eta jatorriko kontinentearen arabera.
Emakumezkoen jarduera-tasa gizonezkoena baino 8 puntu txikiagoa zen ehunekoetan (% 68,9 eta % 77,5 hurrenez hurren), eta langabezia-tasa 14 puntu txikiagoa ehunekoetan (% 28,2 eta % 42,8, hurrenez hurren). Jatorriko kontinenteen arabera, langabezia-tasarik handiena Afrikako herrialderen bateko nazionalitatea zuten pertsonenena zen (% 54,8), eta neurtuena Amerikako herrialderen batekoa zutenena (% 27,8).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Biztanleria aktiboaren udal estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago