2017/02/27ko prentsa-oharra
Jaiotzak % 2,3 jaitsi dira 2016ko hirugarren hiruhilekoan
Ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztien % 43 izan dira
2016ko hirugarren hiruhilekoan, Euskal AEn 4.746 jaiotza izan dira. Horrek esan nahi du aurreko urteko aldi berean baino % 2,3 jaiotza gutxiago izan direla, Eustaten datuen arabera. Araba izan da jaitsiera handiena izan duen lurraldea, 795 haur jaio baitira, aurreko urteko hiruhileko berean baino % 4,7 gutxiago; Bizkaian (2.320 jaiotza) jaiotzak % 3,5 jaitsi dira eta Gipuzkoan (1.631 jaiotza), aldiz, jaiotzek % 0,7 egin dute gora.
10 amatik 8k 30 urte baino gehiago dituzte
Jaiotzak amaren adinaren arabera banatuz gero, 30-34 urteko amen taldeak nagusi izaten jarraitzen du, erditzeen % 36,6 biltzen ditu-eta. Talde horren ondotik adinez goragoko hurrengo taldea dago, 35-39 urtekoa, jaiotzen % 35,3 biltzen dituena, % 12,9 biltzen dituen 25-29 urteko taldeak baino bi bider eta erdi gehiago. Muturretako adin-taldeen artean, 25 urtetik beherakoen taldeak jaiotzen % 5,9 biltzen ditu eta 39 urtetik gorakoenak % 9,3.
Ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztien % 43,1 dira. Ehuneko hori aurreko urteko aldi berekoa (% 41,4) baino handiagoa da. Hiruhileko honetan amen batez besteko adina 33,4 urtekoa da: ama ezkonduek 33,9 urte dituzte batez beste, ama ezkongabeek 32,5 urte eta dibortziatuek 35,7 urte.
Ama atzerritarrek nazionalitate espainiarrekoek baino 3,3 urte gutxiago dituzte
Euskal Autonomia Erkidegoan 2016ko uztailean, abuztuan eta irailean ama izan diren emakumeen % 21,7 atzerritarrak dira. Ehuneko hori Araban bakarrik gainditu da, % 28,4ra iritsi da-eta. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, nazionalitate atzerritarreko amak % 20,6 eta % 20,1 izan dira, hurrenez hurren.
Emakumeak ama izaten direneko adina ere aldatu egiten da nazionalitatea kontuan hartzen badugu. Izan ere, atzerritarren batez besteko adina 30,8 urtekoa izan da eta nazionalitate espainiarreko amena 34,1 urtekoa.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, erdiak baino gehiago (2.454 haur) lehenengo seme-alabak izan dira 2016ko udako hilabeteetan: 1.786 (% 37,6) beste seme-alabaren bat zuten familietara iritsi dira eta % 10,7 hirugarrenak edo hurrengoak izan dira.
Lehen seme-alaba izan duten emakumeen kopurua % 5,6 jaitsi da; alabaina, % 0,8 igo dira bigarren haurra izan dutenen kasuak, eta hirugarrena edo hurrengoak izan dituztenen kasuetan igoera % 3,5ekoa izan da, betiere 2015eko hiruhileko beraren aldean.