Prentsa-oharra 2017/07/26
Euskal AEko Administrazio Publikoen finantzaketa-premia 1.763 milioikoa izan zen 2015ean
BPGren % 2,5eko defizita ekarri zuen horrek 2015ean, hamarren bat gutxiago aurreko urtekoaren aldean
2015ean Administrazio Publikoen defizita (Euskal Administrazioa, lurraldean ezarritako Estatuko Administrazioa eta Gizarte Segurantza) % 0,2 jaitsi zen, eta 1.763 milioi eurokoa izan zen, Eustatek landutako datuen arabera. Zehazki, Administrazio Publikoek 24.721 milioi euroko baliabide ez finantzarioak kudeatu zituzten 2015ean, Enplegu ez finantzarioak 26.484 milioi eurokoak izan ziren bitartean.
Euskal AEn, Administrazio Publikoen finantzaketa-premian izandako beherakada baliabide ez finantzarioak zerbait gehiago igo zirelako gertatu zen, enplegu ez finantzarioen aldean; hala, 2014an baliabideak % 0,8 gehitu ziren bitartean, enplegu ez finantzarioek % 0,7 egin zuten gora.
BPGri dagokionez, % 2,5ekoa izan zen defizita, hamarren bat gutxiago aurreko urtekoaren aldean. Eboluzio hori inguruko herrialdekoen antzekoa da. Hala, Estatu osoan BPGren defizita jaitsi egin zen 2014ko % 6,0tik 2015eko % 5,1era, eta Europar Batasuna-28 osoan BPGren % 3,0tik 2014an % 2,4ra jaitsi zen 2015ean.
Baliabide ez finantzarioen barruan, hauek dira partida adierazgarrienak: Kotizazio sozialak (baliabideen % 32,9), Ekoizpenaren eta inportazioen gaineko zergak (% 30,2) eta Errentaren, ondarearen… gaineko zergak (% 25,7). Aurreko urtearen aldean, azken horiek igo ziren gehien, % 1,7, hau da, 108 milioi euro; Kotizazio sozialak ere zerbait gehitu ziren 2014koen aldean, % 0,5; Ekoizpenaren eta inportazioen gaineko zergek, aldiz, % 1,4 egin zuten behera. Oro har, Baliabide ez finantzarioak 197 milioi gehitu ziren 2014aren aldean.
Enplegu ez finantzarioak 26.484 milioi eurokoak izan ziren, hau da, 193 milioi gehiago 2014aren aldean. Prestazio sozialak eta Gauzazko transferentzia sozialak: merkatuan eskuratutako ekoizpena (hezkuntzako, osasuneko kontzertuak eta gastu farmazeutikoa hartzen ditu barnean) batura gastuaren % 48,1 da eta 100 milioi egin zuen gora aurreko urtearekiko, hau da, % 0,8. Soldatarik gabeko ordainsariak (gastuaren % 25,2) % 2,3 egin zuen gora eta Bitarteko kontsumoa (gastuaren % 13,9) da gehikuntzarik handiena izan zuen partida, % 8,2, alegia. Bestalde, Kapital-eraketa gordinak (gastuaren % 4,8) % 16,3 egin zuen behera 2014arekiko, hau da, 247 milioi.
Ikuspegi instituzionaletik, Euskal AEn, Lurraldean ezarritako Estatuko Administrazioak 644 milioi euroko finantzaketa-gaitasuna lortu zuen 2015ean, 2014an baino % 5,1 gehiago, eta Lurraldean ezarritako Gizarte Segurantzak 2.031 milioi euroko finantzaketa-premia, % 1,4 gutxiago 2014aren aldean.
Euskal Administrazioei dagokienez, finantzaketa-premia 2014ko 320 milioitik 2015eko 375 milioira igo zen, 55 milioi gutxiagoko saldoa, alegia. Eusko Jaurlaritzari dagozkion erakundeen multzoak 198 milioi eurotan murriztu zuen bere finantzaketa-premia, eta 439 milioi eurokoa izan zen 2015ean.
Arabako Foru eta Udal Administrazio osoan, saldo positiboak hobera egin zuen 11 milioi eurotan, 2014ko 10 milioiko saldo negatibotik 2015eko milioi 1eko saldo positibora; Gipuzkoa osoan ere, saldo positiboak 43 milioi egin zuen gora, eta 84 milioiko finantzaketa-gaitasuna lortu zuen 2015ean. Aitzitik, Bizkaia osoan, okerrera egin zuen saldoak: 2015ean 22 milioi euroko saldo negatiboa lortu zen, 2014ko 285 milioiko saldo positiboaren aurrean.
Administrazio Publikoen azken gastuaren egituran, Kapital Eraketa Gordinak gutxitzen jarraitzen du bere partaidetza Barne Eskari Publikoan; 2015ean % 9,9koa da, portzentajezko 6,2 puntu gutxiago 2011az geroztik. Aitzitik, Azken Kontsumoko Gastua, hau da, administrazioek ondasunen eta zerbitzuen ekoizpenean egindako gastuaren baturak gehi etxebizitzak hornitzen dituzten merkatu-ekoizleek ekoiztutako ondasunen eta zerbitzuen eskuraketak (gauzazko transferentzia sozialak) handitu egin du bere partaidetza, 2011n % 83,8koa izatetik 2015ean % 90,1ekoa izatera.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62