2017/07/31ko prentsa-oharra
Euskal AEko lau udalerritatik hirutan jaitsi zen langabezia-tasa 2016an; 65 udalerritan % 10etik beherakoa zen
Landunen % 60,8k unibertsitateko edo lanbide-heziketako ikasketak egin ditu
Euskal AEko lau udalerritatik hirutan, hau da, 251 udalerrietatik 189tan jaitsi da langabezia-tasa 2016an, aurreko urteko datuekin alderatuta eta Eustatek bildutako datuen arabera. 65 udalerritan langabezia-tasa % 10etik beherakoa zen, aipatzekoak dira Orexa (% 1,7), Gaintza (% 3,7) eta Peñacerrada-Urizaharra (% 4,0). Aldiz, 59 udalerritan langabezia-tasa batez bestekoaren gainetik zegoen, bereziki altua Lanestosa (% 26,4), Oyón-Oion (% 25,0), Sestao (% 23,9) eta Karrantza Harana/Valle de Carranza (% 23,2) udalerrietan.
Orokorrean, langabezia-tasarik txikienak udalerri txikietan izan ziren; 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan langabezia-tasa % 13,7koa izan zen, 10.000-40.000 biztanlekoetan % 14,6koa eta 40.000-100.000 biztanlekoetan % 17,4koa. Hiriburuei dagokienez, Bilbon jaso zen langabezia-tasarik altuena (% 18,7), Gasteizen % 15,0 eta % 12,4 Donostian.
2015eko datuekin alderatuta, langabezia-tasak behera egin du lau tamaina-mailetan. Ezberdintasun handiena 40.000 biztanletik beherako udalerrietan dago, langabezia-tasa ehuneko puntu bat jaitsi delako, eta baxuena 40.000-100.000 biztanleko udalerrietan erregistratu da.
Eskualdeei dagokienez, guztietan jaitsi da langabezia-tasa, Enkarterrin izan ezik; bertan, ehuneko 0,5 puntu igo da, aurreko urtearekin alderatuta. Araban daude Euskal AEko langabezia-tasa baxuena dituzten eskualdeak: Gorbeialdea (% 10,1) eta Arabako Mendialdea (% 10,4). Bizkaian daude, aldiz, langabezia-tasa altuena duten eskualdeak: Enkarterri (% 19,6) eta Bilbo Handia (% 17,7). Gipuzkoako eskualdeei dagokienez, gehienak daude Euskal AEko langabezia-tasaren batez bestekoaren azpitik, Bidasoa Behea izan ezik (% 16,3).
Gipuzkoakoak dira industrian okupazio-proportziorik handiena zuten udalerriak, Arabakoak nekazaritzan zutenak eta Bizkaikoak eraikuntzan eta zerbitzuetan zutenak
2016an, biztanleria landunaren % 73,9k zerbitzuetan egiten zuen lan, % 19,2k industrian, % 5,8k eraikuntzan eta % 1,1ek nekazaritzan.
Lurralde Historikoei dagokienez, ez dago alde nabarmenik. Araban eta Gipuzkoan industrian lan egiten zuten landunen tasa (% 22,4 eta % 23,1, hurrenez hurren), Bizkaikoa baino handiagoa zen (% 15,8). Bizkaian, zerbitzuetan lan egiten zuten landunen tasa (% 77) hiru lurralde historikoetako altuena zen; Araban % 70,7koa zen eta Gipuzkoan % 70,4koa. Gainera, Araba da nekazaritzan lan egiten zuten landunen tasarik handiena zuen lurraldea (% 2,1); Bizkaian % 0,9koa eta Gipuzkoan % 1ekoa izan zen.
Eskualdeei dagokienez, azpimarratzekoa da industria-espezializazioa Debagoienan (% 38,5) eta Goierrin (% 37,5); nekazaritza-espezializazioa Arabako Errioxan (% 21,9) eta zerbitzuetakoa Bilbo Handian (% 80,2).
Edonola ere, alderik handienak udalerrien artean daude. Navaridasen, Baños de Ebro/Mañuetan, Elvillar/Bilarren, Yécora/Iekoran edo Villabuena de Álava/Eskuernagan, 10 landunetik 2k baino ez zuten zerbitzuen sektorean lan egiten; Getxon, Plentzian, Donostian, Bilbon, Gorlizen edo Sopelan, besteak beste, 10 landunetik 8k ere zerbitzuetan lan egiten zuen.
Nabarmentzekoak dira industria-enpleguaren ehuneko altua dela eta, Gipuzkoako Antzuola (% 46,5), Oñati (% 46,3), Ikaztegieta (% 43,5) eta Eskoriatza (% 43,3), besteak beste. Aldiz, Bizkaiko Lanestosa, Plentzia, Barrika, Artzentales, Getxo edo Bilbo moduko udalerrietan, 10etik 1ek baino ez zuen industrian lan egiten.
Bestalde, nekazaritza-sektoreko okupazio-proportzio altuenak dituzten udalerri gehienak Araban daude: aipatzekoak dira Baños de Ebro/Mañueta, Yécora/Iekora edo Elvillar/Bilar, bertako biztanleriaren erdiak egiten baitu lan sektore horretan.
Eraikuntzaren sektorean nabarmentzekoa da Beizama udalerria, % 22,6ko tasarekin, eta ondoren datoz Lanestosa eta Añana, biak % 18,5ekin.
Jarduera-sektoreen arteko aldeak nabarmenak dira landunen prestakuntza-mailaren arabera
Prestakuntza-mailari dagokionez, 2016an biztanleria landunaren heren batek baino gehiagok zituen unibertsitate-ikasketak (% 36,6). Lanbide-heziketako ikasketak zituztenak dira ondorengoak (% 24,3) eta hirugarren postuan daude oinarrizko ikasketak dituztenak (% 20). Jarduera-sektorearen arabera, ehunekoak nabarmen aldatzen dira, lehenengo sektorean baitira oinarrizko ikasketak dituztenak nagusi (% 43,7), lanbide-heziketako ikasketak dituztenak daude ondoren (% 20,2); industrian, azpimarratzekoa da lanbide-heziketa duten pertsona kopurua (% 35,1) eta oinarrizko ikasketak dituztenak (% 21,8); eraikuntzan oinarrizko ikasketak dituzten pertsonak dira gehiengoa (% 34,1) eta lanbide-heziketakoak dituztenak (% 27,6); zerbitzuetan, azkenik, okupazio kualifikatuena dago, goi-mailako unibertsitate-ikasketak dituztenak (% 41,6), lanbide-heziketa dutenak (% 21,3) eta bigarren mailako ikasketak dituztenak (% 18,6).
Jarduera-tasa eta langabezia-tasa, biak dira altuak atzerriko biztanleriaren artean
16 urte eta gehiago zituzten atzerritarren jarduera-tasa % 64tik gorakoa izan zen 2016an, eta langabezia-tasa % 35,5ekoa, 2015ekoa baino ehuneko puntu erdi txikiagoa.
Emakumezkoen jarduera-tasa gizonezkoena baino 4,4 puntu txikiagoa zen (% 61,9 eta % 66,3, hurrenez hurren) eta langabezia-tasa 3,5 puntu txikiagoa (% 33,7 eta % 37,2, hurrenez hurren); bi kasuotan 2015eko datuekin alderatuta diferentzia estutzen ari da. Jatorriko kontinenteen arabera, langabezia-tasarik altuena Afrikako herrialderen bateko nazionalitatea zuten pertsonena zen (% 60,7), eta Asiakoena zen baxuena (% 22,6).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62