2018/06/25eko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTUAK. 2018ko MAIATZA
% 31,8 egin dute gora Euskal AEko apartamentu turistikoetako ostatu-gauek 2018ko maiatzean
Hotel, landetxe eta apartamentu turistikoetan % 11,5eko igoera izan da ostatu-gauetan, maiatzean
Euskal AEko apartamentu turistikoetan 2018ko maiatzean 24.909 ostatu-gau erregistratu dira, aurreko urteko maiatzean erregistratutakoak baino % 31,8 gehiago, Eustatek emandako datuen arabera.
Urte arteko ostatu-gauen bilakaera ere positiboa izan da hiru lurraldeetan: Araban % 38,6 egin dute gora, Gipuzkoan % 83,4 eta Bizkaian, berriz, % 0,3.
Bestalde, 2018ko maiatzean 7.008 bidaiari-sarrera erregistratu dira Euskal AEko apartamentu turistikoetan, eta igoera, beraz, % 13,7koa izan da. Lurraldeen arabera banatuta, bidaiari-sarrerek % 96,9 egin dute gora Araban eta % 26,2 Gipuzkoan, baina Bizkaiaren kasuan % 8,8 egin dute behera.
Batez besteko egonaldia 3,55 egunekoa izan da aurtengo maiatzean, 2017ko maiatzekoan baino egun erdi bat gehiago, orduan batez besteko egonaldia 3,07 egunekoa izan baitzen. Araban behera egin du batez besteko egonaldiak, iaz 7,80 egunekoa izan baitzen eta aurtengo maiatzean 5,49 egunekoa; Bizkaian 2,57 egunetik 2,82 egunera igo da; eta Gipuzkoan ere batez besteko egonaldiak gora egin du, 2017ko maiatzean 2,42 egunekoa izan baitzen eta aurtengo maiatzean 3,51 egunekoa.
2018ko maiatzeko turisten balantzea
Hotel, landetxe eta apartamentuetan, 309.686 sarrera erregistratu ziren 2018ko maiatzean, igoera, beraz, % 7,6koa izan da aurreko urteko hil beraren aldean. Bizkaian Euskal AEko sarrera guztien % 46,4 erregistratu dira, eta sarreren baturak % 5,2 egin du gora. Gipuzkoan Euskal AEko sarrera guztien % 39,2 erregistratu dira, eta igoera, beraz, % 10,3koa izan da. Arabaren kasuan, Euskal AEko sarreren % 14,4 erregistratu dira, eta lurralde honetan igoera % 8,5ekoa izan da.
Ostatu-gauek, establezimendu turistiko hartzaile guztiak kontuan hartuta, % 11,5 egin dute gora, eta Gipuzkoan igoera % 14,3koa izan da, Araban % 9,9koa eta Bizkaian % 9,6koa.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62