2018/06/28ko prentsa-oharra
SEKTORE PUBLIKOAREN AURREKONTUEN ESTATISTIKAK. 2016
Euskal AEko Administrazioetako aurrekontu-saldo ez finantzarioa positiboa izan zen berriz 2016an, bederatzi urteren ondoren
Euskal AEko Administrazioetako diru-sarrerak %3,4 gehitu ziren 2016an, eta gastuak %1,4
Euskal AEko Administrazioen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udal administrazioak, euren erakunde autonomoekin eta udalez gaindiko eta azpiko erakundeekin batera) diru-sarrera sendotuak -17.175 milioi euro 2016an- %3,4 gehitu ziren aurreko urtearen aldean, Eustaten arabera. Gastuetan, 16.664 milioi orotara, %1,4ko igoera izan zen. Halatan, 511 milioiko aldearekin gailendu zitzaizkien sarrerak gastuei.
Operazio ez finantzarioetan ere sarrerak gehiago hazi ziren gastuak baino, %3,9 lehenak eta %1,9 gastu ez finantzarioak. Hortaz, aurrekontu-saldo ez finantzarioa iragan zen izatetik 2015ean 102 milioi eurokoa izatera 2016an 200 milioikoa, zeina den lehendabiziko saldo positiboa 2007tik. Nolanahi den ere, Eusko Jaurlaritzaren saldoak segitzen du izaten 400 milioiko balio negatibo bat; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-administrazioenak, hala ere, positiboak dira.
Bestalde, operazio finantzarioengatik, hala diru-sarrerak nola gastuak murriztu egin ziren 2016an. Lehen kasuan, %1,9 (1.501 milioi euro orotara); bigarrenean, %4,7 (1.190 milioi euroko gastu finantzarioak orotara).
Diru-sarrera ez finantzarioen hazkuntza ohikoei zor zaie (%+3,4); sarrera guztien %91 izan ziren. Halaber, pisu txikikoak badira ere, kapital-eragiketengatik izaniko sarrerak %42,4 hazi ziren.
Zerga-sarrerak (sarrera guztien %80) %3,7 gehitu ziren 2016an eta denak izan ziren positiboak aurreko urtearen aldean. PFEZ eta BEZa nabarmentzen dira, bolumenean zein hazkunde-tasetan. BEZari doakionez, sarrerak %3,4 hazi ziren, eta zerga-sarrera guztien %37,4 izan ziren. Bestalde, PFEZ %4,6 hazi zen, eta guztira %35,1 izan zen. Hirugarren toki batean Zerga Bereziak daude, zerga-sarreren %10,3, zeinak %3,3 hazi ziren. Udal Zergak %1,1 gehitu ziren eta Beste Zergak %1,4. Hazkunde positiboak ere izan arren, txikiagoak.
Ohiko beste sarrerak (besteak beste, tasak, transferentziak eta ondare-sarrerak), ohiko guztien %10,4, %1,3 gehitu ziren.
Gastu ez finantzario ohikoak %1,9 gehitu ziren. Ohiko horiek eduki zuten inportantzia handiena gastu ez finantzarioen hazkundean. Langile-gastuak %1,8 gehitu ziren (gastu guztiaren %21,4); ohiko transferentziak %2,2 gehitu 2015aren aldean (gastu guztiaren %29,3); azkenik, ohiko beste gastuak %1,7 gehitu ziren.
Gastuak Inbertsioetan eta Kapital-transferentzietan %1,7 hazi ziren (+25 milioi) 2015aren aldean; guztiaren %8,6 dira.
Eusko Jaurlaritzak aurrekontu-saldo negatiboa du berriro; positiboa, lurralde-administrazioek (Aldundiek eta Tokiko Entitateek). Zehazkiago, Eusko Jaurlaritzaren saldo negatiboa 400 milioi eurokoa da, nahiz eta 84 milioi euroan hobera egin duen 2015ean izan zenaren aldean. Hiru lurraldeetan saldo positiboak daude: Araban eta Bizkaian hobera egin dute, 24,6 eta 179,6 milioi euroan hurrenez hurren, baina Gipuzkoakoak okerrera egin du 10,9 milioi euroan.
Euskal AEko Administrazio Publikoetako zor bizia 11.423,9 milioi eurokoa izan zen 2016ko abenduaren 31n. 2016ko pasibo berriak 1.437,8 milioi izan ziren; amortizazioak, 960,4 milioi.
2016. urtearen amaieran, zor bizi osoaren %76,7 Eusko Jaurlaritzarena da; Bizkaiarena, %11,8; Gipuzkoarena, %6,0; Arabarena, gainerako %5,5a.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62