2018/05/24 Prentsa-oharra
UDALERRIEN BPG 2015
Euskal AEko biztanleko PBG handiena duten 10 udalerrietatik 7tan industria-jarduerak dira nagusi
Zamudio, Ajangiz eta Olaberria dira zerrendako buruak
Euskal AEko biztanleko PBG handiena duten 10 udalerrietatik 7tan industria-jarduerak dira nagusi, Eustaten datuen arabera. Gainera, 10 horietatik 4 udalerri Bilbo Handia eskualdekoak dira eta, kasu honetan, Zerbitzuak sektoreak du pisu garrantzitsua, Zierbenaren kasuan izan ezik; bertan, industria-sektorea gailentzen da (% 77,4).
Zamudio udalerriak du, Bizkaiko lurralde historikoan, Euskal AEko biztanleko Barne Produktu Gordin (biztanleko BPG) altuena 2015ean. Bigarren eta hirugarren postuan daude, hurrenez hurren, Ajangiz eta Olaberria udalerriak, lehenengoa Bizkaian eta bigarrena Gipuzkoan. Araban Berantevilla da biztanleko BPG handiena duena, eta zortzigarrena da Euskal AEko zerrendan.
Udalerri bakoitzaren sektore-banaketari dagokionez, Zamudion antzeko pisua dute Industriak (% 47,0) eta Zerbitzuak (% 50,3), biak Parke Teknologikoaren enpresa-jarduerari lotuta. Aipatzekoa da, gainera, Ajangiz eta Olaberria udalerrietan Industria sektoreak duen pisu garrantzitsua; % 84,2 eta % 78,9, hurrenez hurren. Hala ere, Loiu udalerrian, biztanleko BPG zerrendaren laugarren postuan, aurreko biekin alderatuta, Zerbitzuak sektoreak pisu azpimarragarria du bere ekonomian (% 73,4).
Hiru hiriburuei dagokienez, Donostia dago zerrendaren buruan 2015ean, eta Euskal AEko biztanleko BPGri dagokionez posizio erlatiboaren indizea 118koa da, hau da, biztanleko BPG Autonomia Erkidegokoaren batez bestekoa baino % 18 handiagoa da. Vitoria-Gasteizek 106ko indizea du eta Bilbo zertxobait beherago dago, 99ko indizearekin.
Bilbon eta Donostian BPGren % 90 inguru Zerbitzuak sektoreak sortzen du; aldiz, Vitoria-Gasteizen Zerbitzuak sektorea % 67an kokatzen da. Ildo horretatik, Vitoria-Gasteizen Industria sektorearen ekarpena nabarmen handiagoa da (% 27,5), Donostiarekin (% 5,2) eta Bilborekin (% 4,4) alderatuta.
Hiru hiriburuen Preziotako Balio Erantsiaren guztizko bilakaera 2015ean 2014 urtearekin alderatuta aztertuta, ikus daiteke hiruetan aldakuntza positiboa izan duela, eta Vitoria-Gasteiz da urte-arteko aldaketa-tasa handiena duena (% 3,5); ondoren daude Donostia (% 2,8) eta Bilbo (% 2,6). Sektoreei dagokienez, Zerbitzuak sektorea da Preziotako Balio Erantsian pisu handiena duena eta hiru hiriburuetan erregistratu du hazkundea. Hazkunde hori Bilbon (% 3,5), nagusiki, Gainerako Zerbitzuak sektoreak eman du (% 5,3), Donostian (% 3,3) eta Vitoria-Gasteizen (% 2,6) Gainerako Zerbitzuak eta Merkataritza, ostalaritza eta garraioa izan dira.
Eskualdeei dagokienez, Arabako lurralde historikoan daude biztanleko BPG balio handienak dituzten hiru eskualdeak; lehenengoa Arabar Errioxa da, Euskal AEaren batez bestekoarekin alderatuta 179ko indizea du. Eskualde horretan zerrendaburuak dira Guardia, 374ko indizearekin, Villabuena/Eskuernaga (276) eta Eltziego (187), eta Industria sektorea da (ardo-industriarekin lotutakoa) ekonomiaren motorea.
Arabako Ibarrak (173) eta Gorbeiako Inguruak (135) eskualdeak dira lehenengo hiru postu horiek osatzen dituztenak. Laugarren eta bosgarren postuan daude, hurrenez hurren, Durangaldea (118), Bizkaian, eta Debagoiena, Gipuzkoan, 116ko indizearekin.
Aipatu behar da, eskualde horien guztien kasuan, Durangaldea eta Debagoienan izan ezik, Industria sektoreak guztizko balio erantsian duen portzentaje altua, % 55 inguru batez beste, Euskal AEko % 24,3arekin alderatuta. Aldiz, Zerbitzuak sektoreak pisu txikiagoa du, % 35 inguru, Euskal AEko % 69,0rekin alderatuta, Durangaldea eta Debagoienan izan ezik; horietan % 55,2 eta % 48,1ekoa da, hurrenez hurren.
1. grafikoa. Biztanleko BPG banaketa, eskualdeka. Euroak. 2015
Iturria: Eustat. Udalerrien BPG
Ohar metodologikoa:
2015 urteari dagokion Euskal AEko udalerrien BPGren argitalpen berri honetan, Eustatek, bost urtean behin egin ohi duen moduan, oinarri-aldaketa egin du (oinarria 2015) eta, beraz, oinarri-urte berrian definitutako marko metodologikoaren arabera egin du estimazioa. Oinarri-aldaketak esan nahi du informazio-iturriak eta estimazio-metodoak sakon berrikusi direla, eta horixe da estimazioak hobetzeko txertatu behar diren aldaketak egiteko unea.
Halaber, Kontu Ekonomikoen Europako Sistemak ezarritako irizpideei eutsi zaie (SEC 2010).
2015ko udalerrien BPG argitaratuta, 2015 oinarri hartuta, estatistika-operazio horrek urtekako izaera du. Era berean, datu-bankuan dago 2014 urteari dagokion informazioa eskuragarri. Aurreko serie historikoaren eguneraketa (1996, 2000, 2005, 2008, 2010 eta 2012 urteak), 2015 oinarri hartuta, aurrerago argitaratuko da.
Datuak interpretatzerakoan, udalerriaren BPG eta udalerriaren errenta bereiztu behar dira; BPG ekoizpenari lotuta dago, aberastasuna sortzeari, eta ekoizpen-establezimendu garrantzitsuak dituzten udalerrietan kokatzen da. Errenta, aldiz, pertsonei eta horien bizilekuari lotuta dago.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62