2018/06/05 prentsa-oharra
INDUSTRIA PRODUKZIOKO INDIZEA, 2018ko APIRILA
Euskal AEko industria-jarduerak % 0,5 egin zuen behera 2018ko apirilean
Industria-produkzioko indizeak % 2,6ko hazkundea metatu izan du 2018ko lehen lauhilekoan
EUSTATek landutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioak % 0,5 egin zuen behera apirilean, lan-egutegiko termino homogeneoetan, 2017ko apirilarekin alderatuta. 2018ko lehen lau hiletako balantzean, ikus daiteke % 2,6ko hazkundearekin itxi dela lehen lauhilekoa, 2017ko aldi berarekin alderatuta.
Aurreko hilarekin, hau da, 2018ko martxoarekin, alderatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioa % 3,3 jaitsi zen, behin urte-sasoiko ondorioak zuzenduta.
2018ko apirileko indizearen bilakaerak, 2017ko apirileko indizearen aldean, oso bestelako emaitzak eman ditu industria-sektore handietan. Ekipo-ondasunak % 4,3 hazi dira, baina Energiak % 3,0 egin du behera eta Bitarteko ondasunek % 1,8. Kontsumo-ondasunek, oro har, % 4,8 egin dute behera. Horien barruan, kontsumo-ondasun iraunkorrek baldintzatzen dute beherako maila handi hori, % 13,7 egin baitute behera; izatez, kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek askoz ere beherakada txikiagoa izan dute (% 1,3).
Hilen arteko aldakuntzari erreparatuta, 2018ko apirilaren eta 2018ko martxoaren arteko aldakuntzak bilakaera negatiboak ditu industria-sektore handi guztietarako, salbu Energiarako, ez baitu aldakuntza adierazgarririk izan (% 0,0). Bitarteko ondasunek % 3,4 egin dute behera, ekipo-ondasunak % 0,5 jaitsi dira eta kontsumo-ondasunek, oro har, % 4,1 egin dute behera —kontsumo-ondasun iraunkorrak % 9,9 jaistearen eta kontsumo-ondasun ez-iraunkorrak % 1,8 jaistearen ondorioz—.
Urte arteko aldakuntzei erreparatuta, euskal industrian pisu gehien duten sektoreen artean, 2018an hauek egin dute gora: Garraio-materialak, % 6,2, Makineria eta tresneriak % 2,5 eta Metalurgiak eta metal-produktuek % 0,6.
Aitzitik, sektore hauetan gertatzen dira beherakadarik handienak: Zura, papera eta arte grafikoak, urte arteko beherakada % 5,7koa da; Material eta tresneria elektrikoa, % 4,8 jaitsi da; eta Elikagaien industriak, edariak eta tabakoa, % 2,2ko beherakada.
Lurralde historikoen arabera, industria-produkzioko indizearen apirileko urte arteko bilakaera positiboa izan da Gipuzkoan —% 5,4 egin du gora—, baina Araban % 2,1 egin du behera eta Bizkaian % 5,0 egin du behera.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62