2018/09/05eko prentsa-oharra
(Ohar hau berrikusia izan da, errore bat gertatu baitzen egutegiaren eraginak eta urtaroenak zuzentzeko prozesuan, uztailaren 25a jaieguntzat hartu baitzen)
INDUSTRI PRODUKZIOAREN INDIZEA (IPI), 2018KO UZTAILA
Euskal AEko industri jarduera %1,3 gehitu zen 2018ko uztailean
%2,6ko gehikuntza eduki du industri produkzioaren indizeak 2018ko lehen zazpi hiletan
Eustaten datuen arabera, 2018ko uztailean %1,3 gehitu zen Euskal AEko industri produkzioa lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, 2017ko hil beraren aldean. 2018ko lehen zazpi hiletan %2,6ko hazkundea eduki du, 2017ko aldi beraren aldean.
Urtaroen eragina zuzenduta, 2018ko uztailean %2,4 jaitsi zen Euskal AEko industri produkzioa, aurreko hilarekin alderatuta.
2018ko uztaileko indizearen bilakaerak, 2017ko uztailekoaren aldean, emaitza ezberdinak dakartza sektore industrial handietan. Ekipoko ondasunak %3,2 hazi dira eta Bitarteko ondasunak %2,2, baina Energia %8,4 jaitsi da. Kontsumo-ondasunak, oro har, %4,7 gehitu dira. Horien barnean, Kontsumoko ondasun ez-iraunkorrak dira igoeraren eragileak, %7,8 gehitu baitira eta Iraunkorrak, aldiz, %2,3 jaitsi.
2018ko uztaileko hil arteko aldakuntza, 2018ko ekainaren aldean, bakarrik da positiboa Kontsumo-ondasunetan oro har, %0,1eko igoerarekin, zeren Kontsumoko ondasun iraunkorrak %3,8 hazi baitira eta Ez-iraunkorrak %1,1 jaitsi. Tarteko ondasunak %0,9 beheratu dira, Ekipoko ondasunak %3,5 jaitsi dira eta Energia %4,5 gutxitu da.
Euskal AEko industriako pisurik handieneko sektoreen artean, hazkunderik handienak izan dituztenak urte artean hauek izan dira: Elikaduraren, edarien eta tabakoen industriak, %8,3; Garraio-materiala, %6,4; eta Zurgintza, papera eta arte grafikoak, %4,5.
Alderantzizko norabidean, %11,0ko jaitsiera gertatu da Energia elektriko, gas eta lurrunaren sektorean eta %0,4koa Kautxu eta plastikoarenean.
Lurraldeetan, Industri Produkzioaren Indizearen uztaileko urte arteko bilakaera positiboa izan da Araban, %7,0ko igoerarekin, Gipuzkoan ez da aldaketarik izan (%0,0) eta Bizkaian %0,5 jaitsi da.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62