2018-07-30eko prentsa-oharra
ZERBITZUEN ESTATISTIKA. OSTALARITZA 2016
Euskal AEko Ostalaritza-sektorearen negozio-zifra % 7,7 hazi zen 2016an
Sektoreak 57.500 enplegatu baino gehiago okupatu zituen. Hortaz, azken bost urteetan kopuru hori ia % 10 hazi da.
Ostatu-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak, eta jan- eta edari-zerbitzuak eskaintzen dituztenak barne hartzen dituen ostalaritza-sektoreak 3.897 milioi euro fakturatu zituen 2016an, aurreko urtean baino % 7,7 gehiago Eustatek emandako datuen arabera.
Establezimenduen kopurua ia aldatu ez den bitartean —% 0,4 gehiago, 13.973 establezimenduetara iritsiz—, enplegua % 3,0 hazi da, guztira 57.511 pertsona okupatuz 2016an, hau da, okupatu guztien % 5,6. Adierazgarriagoa da azken bost urteetako bilakaera: establezimenduen kopurua % 1,3 murriztu den arren enplegua % 9,7 hazi da, eta fakturazioa % 25.
Ostalaritzaren barruan, jan eta edarien atala —aldi berean, jatetxeak, janarien beste zerbitzu batzuk eta edarien establezimenduak barne hartzen ditu— nagusi da: establezimenduen % 91,9, enpleguaren % 89,5 eta fakturazioaren % 86,9 barne hartzen ditu. 2016an bere negozio-zifra % 7,1 hobetu zuen eta enpleguak % 2,7 egin zuen gora, establezimendu kopurua ia aldatu ez zen arren (-% 0,2). Gainera, azken bosturtekoan, 2012tik 2016ra, 225 establezimendu gutxiago zeuden arren 5.000 langile gehiago zituzten. Ondorioz, negozio-zifra % 25 hazi zen.
Hotelen eta beste mota bateko ostatuen azpisektoreek osatutako ostatu-zerbitzuen dibisioan enplegua % 5,5 hazi da eta negozio zifra % 11,8. Hori guztia % 8 establezimendu gehiagorekin. Hala ere, aurreko urteetako tasa negatiboen edo nuluen ondorioz, azken urte honetan enpleguak gora egin duen arren, azken bost urteak kontuan hartzen baditugu, enplegua % 2,2 murriztu da. Aitzitik, establezimenduen bolumena eta negozio-zifra % 4,4 eta % 24,5, hurrenez hurren, hazi dira epe berbera kontuan hartzen badugu.
Jarduerako mailak gehiago bereiziz emaitzak analizatzen baditugu, jan-edanen dibisioaren barruan, jatetxeek dute garrantzi handiena. Dibisioaren fakturazio osoaren % 47,3 eta enpleguaren % 43,3 ordezkatzen dute. Aurreko urtearekin alderatuz, azken urtean bere negozio-zifra % 11 hazi da eta enplegua % 7. Edarien establezimenduen azpisektoreak ere bilakaera positiboa izan du, fakturazioa % 7,2 eta enplegua % 2,4 haziz. Bertan, azpisektoreko lanpostu guztien % 39 biltzen da eta negozio-zifraren % 42,5. Azkenik, Janarien beste zerbitzuetan —besteak beste, catering-a barne hartzen da— landunen (-% 6,1) eta negozio-zifren (-% 8,2) kopuruak murriztu egin dira.Enpleguaren % 17,7 eta Janarien eta edarien dibisioaren fakturazioaren % 10,2 ordezkatzen ditu.
Bestalde, ostatu-zerbitzuen dibisioa hotelen eta beste mota bateko ostatuen azpisektoreek osatzen dute. Horien artean aurrenekoak dauka pisu handiena: enpleguaren % 75,3 eta 2016ko fakturazioaren % 81,7. Biek aurreko urteko fakturazioarenak baino zifra hobeak eskaintzen dituzte: hotelen kasuan % 11,5 gehiago eta beste mota bateko ostatuen kasuan % 13,3 gehiago. Bertan enpleguak ere gora egin du, lehen kasuan % 3,9 eta bigarrenean % 10,7.
Lurraldeen arabera, 2016ko fakturazioari eta enpleguari dagokienez, hiru lurraldeetan bilakaera positiboa eman zen. Datu onenak Gipuzkoan aurkitu ditugu; bertan, salmentak % 10,2 hazi dira eta landunen kopurua % 3,7. Araban, enpleguari dagokionez, antzeko hazkundea eman da (% 3,8), baita fakturazioa ere (% 8). Bizkaiko datuak ere positiboak dira. 2015eko datuekin alderatuta, salmentak % 5,8 hazi dira eta enplegua % 2,2.
Ostalaritza-sektoreko establezimenduen tamaina analizatuz, ikus daiteke mikroenpresak (10 langile baino gutxiago) establezimendu guztien % 93,3 zirela eta guztizko fakturazioaren % 61,6 eragin zutela. Halaber, bertan landun guztien % 57,6k egiten zuten lan. Enpresa txikiak (10 eta 49 arteko pertsona okupatuak) establezimendu guztien % 6,4 ziren, enpleguaren % 26,6 ordezkatzen zuten eta % 28,3 fakturatu zuten. Azkenik, 50 enplegatu edo gehiagoko enpresek (enpresa ertain eta handiak) guztiaren % 10,1 fakturatu zuten eta enplegatutako pertsona guztien % 15,9ri ematen zioten lana. Establezimendu guztien % 0,3 ziren.
Hiru estratu horiek azken bost urteetan gehikuntzak erregistratu badituzte ere, enpresa txikiek (10 eta 49 langile artekoak) lortu dituzte emaitza onenak. Ostalaritzak oro har irabazi dituen 5.088 enpleguetatik 3.505 estratu horri dagozkio. Horri esker, estratu horren pisua hazi egin da, 2012an zuen % 22,4tik jada aipatu dugun 2016ko % 26,6ra.
Informazio gehiago.
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62