2018/09/20ko prentsa-oharra
HIRUHILEKO KONTUAK II/2018
Euskal AEko BPGk urte arteko %2,9ko hazkundea izan zuen 2018ko bigarren hiruhilekoan
Ekipo-ondasunetan eginiko inbertsioa, %6,1eko gehikuntzarekin, izan da lehena urte arteko hazkundean, eta enplegua %2,1 hazi da
2018ko bigarren hiruhilekoan, Euskal AEko BPG %2,9 gehitu da aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, Eustaten datuen arabera. 2018ko lehen hiruhilekoaren aldean, %0,6ko aldakuntza gertatu da, aurrekoan baino bi hamarren gutxiago.
2018ko bigarren hiruhilekoko hazkunde-datuak hamarren bat hobeak dira, urte arteko tasan, Kontuen Aurrerapenean 2018ko uztailaren 27an emaniko datuak baino, hiruhileko arteko tasa mantenduz.
Eskaintzaren ikuspegitik, 2018ko bigarren hiruhilekoko BPGren urte arteko hazkundea jarduera-sektore guztiei zor zaie, nahiz eta denek motelago egin duten aurrera, lehen sektoreak eta Eraikuntzarenak izan ezik.
Lehen sektoreak eduki du %0,8ko eboluzio positiboa aurreko urteko hiruleko beraren aldean. Urte arteko datu horrek %6ko gehikuntza ekarri du hiruhileko artean.
Industriaren sektoreak jokamolde positiboa mantendu du bigarren hiruhileko honetan, %3,1eko gehikuntza-tasarekin, nahiz eta aurreko bi hiruhilekoetan izan zena baino txikiagoa izan. Hiruhileko arteko bilakaera ere positiboa izan da, %0,1ekoa. Manufaktura-industriak errepikatu du guztizkoaren jokamoldea urte artean, eta hamarren bat azpitik da industriatik oro har hiruhileko arteko aldakuntzan.
Eraikuntzaren sektorea izan da dinamikoena hiruhileko artean, eta puntu bat eta lau hamarren hobetu du bere urte arteko tasa aurreko hirulekoaren aldean, %4,1era iritsiz. Hiruhileko arteko tasan, %2,0 hazi da.
Zerbitzuen sektoreak aldaketa positiboak erakusten ditu, hala urte artean nola hiruhileko artean, jardueraren hiru azpisektoreetan; tasa txikiagoekin, hala ere, aurreko hiruhilekoaren aldean. Oro har, sektore horrek %2,8ko gehikuntza izan du urte artean eta %0,4koa hiruhilekoko tasan. Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioaren adarra %2,7 hazi da, guztizkoa baino hamarren bat gutxiago eta aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gutxiago; halaber, Beste Zerbitzuak delakoa –zeinetan dauden, besteak beste, jarduera profesionalak, jarduera finantzarioak eta aseguruak-, %3,0ko urte arteko gehikuntza-tasarekin, bi hamarren gainetik da sektoreak oro har izan duen gehikuntzatik, nahiz eta hamarren bat txikiagoa izan 2018ko lehen hiruhilekoan izaniko urte arteko tasa baino; azkenik, Herri Administrazioa, Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte Zerbitzuak delako adarra %2,3 hazi da, aurreko hiruhilekoan izan zuen tasa baino 6 hamarren gutxiago.
Hiru azpisektoreen hiruhileko arteko aldakuntzak oso antzekoak izan dira hiruhileko honetan. Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioaren adarra da, %0,3ko igoerarekin, tasa txikiena izan duena, zazpi hamarren aurreko hiruhilekoaren azpitik. Herri Administrazioa, Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte Zerbitzuak delako adarrak %0,4ko gehikuntza eduki du hiruhileko artean, 3 hamarren gutxiago aurreko hirulekoan baino, eta Beste Zerbitzuak delakoak %0,5ekoa, zazpi hamarren gutxiago.
Sektore-agregatuen joerak Balio Erantsiaren %2,9ko bilakaera positiboa ekarri du. Aurreko hiruhilekoan izandako urte arteko datua baino bi hamarren txikiagoa da hori. Hiruhileko artean bilakaera positiboa gertatu da, %0,5ekoa hiruhileko honetan.
Eskariaren aldetik, nabarmena da berriz Barne Eskariaren sendotasuna, zeina hazi den %3,0, 2018ko lehen hiruhilekoan izan zen tasaren antzekoa. Dituen bi osagarrien eboluzioa (Azken Kontsumoko Gastua eta Kapitalaren Eraketa Gordina) positiboa izan da bietan, eta Kapitalaren Eraketa Gordina izan da nagusi, %4,8 hazi baita. Azken Kontsumoko Gastua %2,5 igo da, aurreko hiruhilekotik hiru hamarren azpitik.
Kanpo-sektorean hiruhileko honetan hazkunde handiagoa gertatu da inportazioetan (%2,4) esportazioetan (%2,2) baino, eta kanpo-saldoak ekarritakoa negatiboa izan da.
Familia-etxeetako Azken Kontsumoaren Gastuan (Kontsumo Pribatua) motelago hazi da 2018ko lehen hiruhilekoaren aldean. %2,6 hazi da, aurrekoan baino hiru hamarren gutxiago. Hiruhileko arteko tasa %0,6koa izan da, aurreko hiruhilekokoa baino hamarren bat txikiagoa.
Kontsumo Publikoa (Herri Administrazioen Azken Kontsumoko Gastua) %2,0 gehitu da urte artean, sei hamarren gutxiago aurreko hiruhilekoan zenbatetsiriko urteko datua baino.
Azken Kontsumoko Gastua (non dagoen sartua Herri Administrazioen Azken Kontsumoko Gastua eta baita Familia-etxeetakoa ere) %2,5 gehitu da. Aurreko hiruhilekoaren aldean, %0,5eko hazkundea gertatu da.
Kapital Eraketa Gordina (Inbertsioa) %4,8 gehitu da urte artean, aurreko hiruhilekoan baino puntu bat eta hamarren bat gehiago. Hiruhileko-tasa %1,5ekoa izan da. Inbertsioaren jokamolde orokor hori oinarritua da dituen bi osagarrien eboluzio positiboetan, zeinek kasu bietan eduki baitituzte lehen hiruhilekoan baino gehikuntza handiagoak. Ekipo-ondasunetan eginiko inbertsioa izan da hobea, %6,1 gehitu da urte artean eta %0,2 hiruhileko artean. Kapital Eraketa Gordinaren gainerakoek –zeinak dauden Eraikuntzarekin lotuagoak- %4,0ko gehikuntza izan dute urte artean, aurreko hiruhilekoan baino puntu bat gehiago, eta %2,3ko hiruhileko-tasa.
Guztira, Barne Eskaria oro har %3,0 gehitu da.
Enpleguan (Lanpostuak Dedikazio Osoko Baliokidetzan neurtuta) nabaria da enplegu-mailan izaniko hazkundea oro har: %2,1 gehitu da urte artean. 2018ko lehen hiruhilekoaren aldean, urte arteko tasa horrek %0,6ko hazkundea ekarri du.
Enplegu-mailaren eboluzioa, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, positiboa izan da jarduera-adar guztietan, lehen sektorean izan ezik, non %0,3ko tasa negatiboa gertatu den, nahiz eta lehen hiruhilekoan izanikoa baino hamarren bat hobea izan. Nabarmendu da Eraikuntzaren sektorearen datua, %3,4ko hazkundearekin, krisia hasi zenetik tasarik handiena. Zerbitzuetan mantendu da lehenagoko hiruhilekoen erritmoa enplegua sortzeko, %2,2ko gehikuntzarekin, aurreko hiruhilekoaren azpitik hamarren bat. Azkenik, Industriak ere mantendu joera positiboa, %1,8ko hazkundearekin, 2018ko lehen hiruhilekoaren gainetik hamarren bat.
Hiruhileko arteko tasan sektore guztiek eduki dituzte tasa positiboak: %1,3 lehen sektorean, %0,6 industrian, %1,0 eraikuntzan eta %0,5 zerbitzuen kasuan.
Lurraldeetan, urte artean, BPG %3,0 gehitu da Araban, hazkunderik handiena; ondoren, %2,9 Gipuzkoan; hirugarrenik, %2,8 Bizkaian. Hiruhileko artean, Araba eta Gipuzkoa %0,6 hazi dira; Bizkaia, %0,5.
Ohar metodologikoa: Eustatek ekarri ditu Hiruhileko Kontuetara Euskal AEko Kontu Ekonomikoetako 2016ko behin betiko datuak eta 2017ko aurrerapen-datuak; hiruhilekoetako serieak berriz zenbatetsi behar izan dira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62