2018/10/24ko prentsa-oharra
ZERBITZUEN ESTATISTIKA. JARDUERA PROFESIONALAK ETA ZERBITZU LAGUNGARRIAK 2016
Zerbitzu Profesional eta Enpresarialen negozio-zifra Euskal AEn %8,5 hazi zen 2016an
Sektorean 123.000 pertsona aritu ziren, aurreko urtean baino %3,9 gehiago
2016an, Eustaten datuen arabera, Zerbitzu Profesional eta Enpresarialen sektoreak 9.187 milioi euro fakturatu zituen, aurreko urtean baino %8,5 gehiago. Sektorean bi hauek daude: jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak; eta jarduera administratiboak eta zerbitzu lagungarriak.
Bestalde, enplegua %3,9 hazi da, 123.042 pertsona orotara izanik 2016an, Euskal AEko ekonomiaren enplegu guztien %11,9 urte horretarako. Aldi bererako, establezimenduen kopuruan ez da kasik aldaketarik izan —%0,5 gehiago—, 28.436 establezimenduetara iritsita.
Zerbitzu Profesional eta Zerbitzu Lagungarrien barruan, nagusi da Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak izeneko dibisioa —zeinetan bilduak dauden azpisektore hauek: Jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak, Arkitekturako eta ingeniaritzako zerbitzuak, Ikerketa eta garapena, Publizitatea eta merkatu-azterketak eta Bestelako jarduera profesionalak— establezimenduen kopuruari doakionez, guztizkoaren %78,9, eta fakturazioari doakionez, %66,5, nahiz eta ez duen biltzen guztizko enpleguaren erdia, %48,6.
Dibisio horrek hobetu ditu 2016an bai negozio-zifra, %9 gehiago, bai enplegua, %3,6 gehiago, establezimendu-kopuru ia berarekin (%0,6). Nabarmena da, azken bosturtekoaren bilakaeraren barnean, azken urte horretako hazkundea negozio-zifran: 2012 eta 2016 artean negozio-zifra %10,4 gehitu zen, baina azken urtean %9. Bosturtekoaren amaieran %2,9ko gehikuntza dago enpleguan, eta %5,7koa establezimenduetan.
Emaitzak xehatuz eta jardueretan sakonduz, eta Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak delako dibisioaren barnean, nabarmendu egiten dira jarduera-adar hauek: Jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak eta Arkitekturako eta ingeniaritzako zerbitzuak. Fakturazioa antzerakoa dute, 2.632 milioi euro lehenak eta 2.248 milioi euro bigarrenak, eta bien artean dibisioaren negozio-zifraren ia %80 dute, establezimendu guztien %75,6 edukita eta enpleguaren %70,1. Aurreko urtearen aldean, 2015, bi adarrak hazi ziren bai negozio-zifran —%12,1 Arkitekturako eta ingeniaritzako zerbitzuak eta %6,8 Jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak— bai enpleguan —%3,4 Jarduera juridikoak eta kontabilitatekoak eta %3 Arkitekturako eta ingeniaritzako zerbitzuak—, baina kasik ez zen aldaketarik izan (%0,3) establezimendu-kopuruan Jarduera juridiko eta kontabilitatekoetan eta, aldiz, Arkitekturako eta ingeniaritzako zerbitzuetan %1,3ko jaitsiera izan zen.
Gainerako hiru adarretako bitan jokaera positiboa dago fakturazioan: Ikerketa eta garapenean, non %15,4ko hazkundea dagoen, eta Bestelako jarduera profesionalak delakoan, non %10,7koa den hazkundea. Aldiz, Publizitatea eta merkatu-azterketak izenekoan %1eko jaitsiera gertatu da. Halaz ere, hirurak hazi dira bai enpleguan bai establezimendu-kopuruan. Bestelako jarduera profesionaletan (zeinetan, besteak beste, dauden bilduak Diseinuko, Argazkigintzako, Itzulpengintza eta interpretazioko eta Albaitaritzako jarduerak) %5 hazi da enplegua eta %3,1 establezimendu-kopurua, Ikerketa eta garapenean %9,3 hazi da establezimendu-kopurua eta %4,7 enplegua, eta Publizitatea eta merkatu-azterketak izeneko adarrean %2,6 eta %3,2 hazi dira, hurrenez hurren, establezimendu-kopurua eta langile okupatuena.
Bestalde, Jarduera administratiboen eta zerbitzu lagungarrien dibisioan ere gertatu da hazkunde nabaria 2016an negozio-zifran, %7,5 gehiago, eta enpleguan, %4,3 gehiago, baina establezimendu-kopuruan atzera egin da apur bat (-%0,2). Establezimenduetan 2016. urtean izaniko galera txiki hori egonkortzera datorke 2012 eta 2016 artean gertatutako galera, denbora-tarte bat non establezimendu-kopurua %9,9 murriztu baita. Aldi bererako bai enpleguak bai fakturazioak antzeko eboluzioa dute: %7,4 gehiago enpleguan eta %7,2 gehiago negozio-zifran.
Dibisio hori Jarduera profesional eta zerbitzu lagungarri guztien %33,5 da negozio-zifran, %51,4 enpleguan eta %21,1 establezimendu-kopuruan.
Azpisektore horren barnean nabarmena da, guztizkoan duen parte-hartzeagatik, Bestelako zerbitzu-jarduerak izeneko adarra (Segurtasun eta ikerketako jarduerak, Eraikinetako eta lorezaintzako zerbitzuak eta Enpresentzako jarduera lagungarriak), zeinek biltzen dituen azpisektorearen enpleguaren eta establezimendu-kopuruaren lau parteetatik hiru (%76,9 eta %73,4, hurrenez hurren). 2016an izan duen bilakaera positiboa izan da langile okupatuei dagokienez, %3,4 hazi baitira, eta bereziki fakturazioari fagokionez, zeren %6,8 hazi baita, eta dibisioaren fakturazioaren %55,9 da. Establezimendu-kopuruan ez da aldaketarik egon batere (%0) 2015aren aldean, galera etengabeak eduki dituen bosturteko bati amaiera emanez, eta 2012tik %8,2ko galera izan da establezimenduetan azkenean.
Bestelako zerbitzu-jarduerak alde batera utzita, beste adar batzuk zeinek eduki duten gehikuntza positiborik fakturazioan dira Bidaia-agentziak (%11ko gehikuntza) eta, bereziki, Enpleguarekin uztartutako jarduerak (%17,2); bietan izan da, gainera, hazkunde-tasa bera enpleguan (%8,8) eta biek dute aurreko urtean baino establezimendu gehiago (%1,4 gehiago lehenak eta %2,1 gehiago bigarrenak).
Establezimenduen tamainaren zehaztasunak, enpleguaren arabera, informazio gehiago du ematen: Hasteko eta bat, mikroenpresak, 10 langile baino gutxiagoko establezimenduak, establezimendu guztien %94,4 dira, langile okupatuen %35,5 dute biltzen eta sektorearen fakturazioaren %42,9 daukate. Enpresa txikiek (10-49 langile) establezimenduen %4,4 dute, sektorearen enpleguaren %20,8 eta, 2016an, fakturazioaren %28,1 Jarduera profesional eta zerbitzu lagungarrietan oro har. Azkenik, 50 langile edo gehiagoko enpresek guztizkoaren %29,1 fakturatu zuten, enpleguaren %43,8 zuten eta establezimenduen %1,2.
Lurraldeka, 2016an hiru lurraldeek izan zuten aldeko bilakaera bat xerkaturiko adierazle nagusietan: Alde handienak fakturazioarekin daude lotuak. Bizkaiak du posiziorik aldekoena, sektorean oro har izaniko salmentetan %10,4ko hazkundea eduki zuelako; ondoren Gipuzkoa dator, %6,5eko hazkundearekin; eta gero Araba, %3,7koarekin. Oso antzekoa da enpleguan izaniko eboluzioa hiru lurraldeetan: Bizkaian eta Gipuzkoan erregistro bera dago, %3,8 gehiago enpleguan; Araban, aldiz, %4,7koa da gehikuntza. Azkenik, establezimenduen kopuruan aldaketak urriak dira Gipuzkoan eta Araban, %0,8 gehiago bi lurralde horietan, eta are urriagoak Bizkaian, %0,2 gehiago.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62