2018/11/19ko prentsa-oharra
2018ko bigarren hiruhilekoan %4,1 gutxitu da ezkontza-kopurua Euskal AEn aurreko urtearekiko
Atzerriko naziotasuna duten ezkontide-kopurua, goraka
2018ko bigarren hiruhilekoan Euskal AEn 2.306 ezkontza izan ziren, iazko aldi berean baino %4,1 gutxiago, Eustaten arabera. 52 ezkontza homosexual izan ziren; 25 gizon artean, 27 emakume artean. Gainerako 2.254 ezkontzak heterosexualak izan ziren.
Ohi denez, bigarren hiruhilekoan nasaiki hazi zen ezkontza-kopurua, bereziki ekainean; aldiz, neguko hilabeteetan ezkontza gutxi izaten da.
2018ko udaberriko hilabeteetan ezkontzen %83,7 zibilak izan ziren, 2017ko hiruhileko berean baino 0,6 puntu gehiago, baina 2018ko lehen hiruhilekoaren (%93,1) azpitik. Aipatu portzentajea ezkontza heterosexualena da bakarrik; ezkontza homosexual guztiak zibilak direnez, 2,3 puntu gehitu beharko genituzke.
2018ko bigarren hiruhilekoko 2.306 ezkontzetan, bizilekua Euskal AEn duten 2.192 gizon eta 2.194 emakume ezkondu ziren. 1.891 senarrentzat (%86,3) horixe zen lehen ezkontza; 24 alargun eta 277 dibortziatu beste behin ezkondu ziren. Emakumeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonenaren antzekoa izan zen: ezkongabeak, 1.884 (%85,9); alargunak, 14; dibortziatuak, 296.
Ezkontideen %87,2k, 30 urte baino gehiago
Ezkontideen adinari doakionez, senarren %90,8k 30 urtetik gora zituzten eta emazteen %83,6k. 2017ko aldi berean proportzioa handiagoa izan zen gizonen kasuan, %91,8, eta apur bat txikiagoa emakumeenean, %83,1.
Lurraldea kontuan hartuz, Araban 319 ezkontza izan ziren, %0,6ko jaitsierarekin aurreko urtearen aldean; Gipuzkoan, 734 ezkontza, %6,3ko jaitsiera; Bizkaian, 1.144 ezkontza, %4,0ko jaitsiera. Beste alde batetik, 109 bikotek bizilekua Euskal AEtik kanpoan kokatu zuten.
2018ko apiril, maiatz eta ekaineko gizon ezkonberrien %7,4 eta emakume ezkonberrien %10,7 atzerritarrak ziren. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean 5 hamarren gehiago da hori gizonen artean eta 2 gehiago emakumeen artean.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62