2018/11/15eko prentsa-oharra
BIZTANLEEN UDAL ESTATISTIKA (BUE) 2018
Ia 5.000 bizilagun gehiago ditu Euskal AEk 2018ko urtarrilaren 1ean
Igoerarik handiena Arabari dagokio, bai kopuru absolutuz bai portzentajez
Euskal AEko biztanleria, 2018ko urtarrilaren 1eko datarekin, 2.180.449 bizilagunek dute osatzen, aurreko urteko gorako joera mantenduz, Eustatek eginiko datuen arabera. Zehazki, 2017an baino 4.630 biztanle gehiago daude Euskal AEn, eta 2012ko zifretara hurbiltzen ari da, noiz izan baitzen biztanleriaren maximo historikoa.
Hiru lurraldeek irabazi dute biztanlerik 2017 eta 2018 artean, eta Araba da gehien irabazi duena, 1.926 egoiliar gehiagorekin, zeinak ekarri duen handiagoa izatea hango biztanleria 2012an erregistraturikoa baino, 2013 eta 2014ko jaitsieren ondoren. Gipuzkoa datorkio jarraian, 1.468 pertsona gehiagorekin, eta 2012tik duen goranzko joera mantentzen du; orotara, 8.675 biztanle irabazi ditu zazpi urte hauetan. Bizkaiko kasuan, 1.236 egoiliar gehiago badu ere, 13.472 pertsona galdu ditu 2012aren aldean, eta ondorioz Euskal AEko biztanleriak, guztira, ez du berreskuratu 2012ko muga.
Hiru hiriburuetan handitu da biztanleria 2017 eta 2018 artean, eta Gasteizen hazi da gehien, 1.561 pertsona gehiagorekin. Donostiak eta Bilbok 431 eta 413 biztanle irabazi dituzte, hurrenez hurren. Aldi zabalagoan eginez gero analisia, guztiaz ere, emaitzak ezberdinagoak dira: Bilbon eta Donostian 2009an izan ziren maximo historikoak; handik aurrera beherakada etengabea eduki du Bilbok, 12.246 biztanle gutxiagorekin azken bederatzi urteotan. Donostiako biztanlerian gorabeherak izan dira, baina emaitza da ezen 2009aren aldean 1.585 egoiliar gutxiago dituela. Gasteizko kasuan, 2013 eta 2014an izan ezik, biztanleriak gora egin du beti, eta 2018an lortu du egoiliar-zifrarik handiena, 243.815, zeina den 2009an baino 9.074 biztanle gehiago.
Euskal AEko gainerako udalerrietan ez da biztanle-aldakuntza nabarmenik gertatu 2017 eta 2018 artean. Halatan, Amorebieta-Etxanok irabazi du biztanle gehien, 208 pertsona gehiagorekin, %1,1 izan dena. Portzentaje txikia ere, baina kontrako norabidean, izan du Getxok, udalerria non kopuru absolutuan biztanle-jaitsierarik handiena gertatu den, 263 bizilagun.
2008 eta 2018 artean Basaurik, Getxok, Portugaletek, Santurtzik eta Sestaok 1.000 biztanle pasa galdu zuten, orotara 10.815 biztanleko galera. Denak Bilbo Handiko udalerriak dira, eskualdea non dauden Euskal AEn biztanle-dentsitaterik handiendun udalerriak, km karratuko 5.000 pasa; Portugaleten da maximoa, 2018an, 14.506 biztanlerekin km karratuko.
Eboluzio negatibo hori Bilbo Handiko eskualdean errepikatzen da, zeinak galdu baititu 14.052 biztanle azken 10 urteetan; aldiz, Arabako Lautadak 13.918 irabazi ditu aldi berean.
Euskal AEko 34 udalerritan 65 urte edo gehiagokoak guztizkoaren laurden pasa dira
2018an Espainian 65 urte eta gehiagoko pertsonak %19,2 dira; Euskal AEn, %22, baina badira beste komunitate autonomo batzuk %24tik gorako portzentajeak dituztenak, nola Asturiasko Printzerria, Gaztela eta Leon eta Galizia. Europarekin konparatuta, Italia bakarrik dago Euskal AEko proportzioaren gainetik, hiru hamarren bakarrik hala ere. Sexua kontuan hartuz, emakumeen artean %24,6 dira 65 urte eta gehiagokoak, eta %19,2 gizonezkoen artean.
Euskal AEko batez besteko adindunen portzentajearen gainetik 85 udalerri daude; 166, portzentaje berean edo azpitik. Lehenengoen artean Bilbo, Donostia eta Barakaldo daude, zeinek duten Euskal AEko guztizko biztanleriaren %29,0. 2008an, batez bestekoaren gainetiko portzentajeak zituzten udalerriak askozaz gehiago ziren, 135. Halaber, bi daten artean 61 udalerri daude non txikitu egin baita proportzioa 65 urte baino gehiagokoena, baina udalerri horietan biztanle guztien %2,2 bakarrik bizi dira.
Bada alderik udalerrien artean egoiliarren adinari doakionez eta, zehazkiro, 65 urte eta gehiagokoen portzentajean: Irurako %9,9tik Haranako %39,0ra. Aipaturikoaz gain, beste lau udalerri daude %12ren azpitik: Larraul, Alegría-Dulantzi, Iruña Oka eta Arakaldo; denon artean 6.938 biztanle dituzte guztira. Bestalde, hiru udalerri daude %30en gainetik: Harana, Lagran eta Elantxobe; hiruren artean, orotara, 777 egoiliar dituzte.
Eskualdeetan, nabarmengarria da Arabako Mendialdean den adindunen proportzio altua, guztizkoaren %27,3, eta ondoren Markina-Ondarroa dator, %23,4rekin, eta jaisten da portzentajea Plentzia-Mungiako %16,6raino.
85 urte eta gehiagokoak %2,2 ziren 2008an eta %3,7 2018an; igoera hori, ordea, ez da antzera banatzen emakumeen eta gizonen artean. Hala, gizonen kasuan ehuneko 1,1 puntutan egin du gora 10 urte hauetan eta, emakumeenean, 1,8 puntutan. Ondorioz, 85 urte edo gehiago dituzten emakumeak Euskal AEn guztizkoaren %5 dira, baina gizonen kasuan %2,4ra da jaisten ehunekoa. 100 urte eta gehiagokoen kasuan, prozesua biziagoa izan da: 2008an 364 pertsona zeuden egoera horretan eta hamar urte geroago 669 dira; %84,3, emakumezko.
Euskal AEn 65 urte eta gehiagoko 1,5 pertsona daude 16 urtetik beheragoko bakoitzeko; Espainian, guztira, 1,2koa da ratioa. Asturiasko Printzerriko erlaziotik urruti gara oraindik, hor 2,1ekoa baita.
Erlazio horren gainetik 68 udalerri dira. Kasu batzuk muturrekoak dira, nola, adibidez, Harana (6), Lagran eta Elantxobe (4 pasa biok). Kontrako aldean Irura, Baliarrain, Larraul, Alegría-Dulantzi, Arakaldo eta Alkiza dira, zeinek 15 urte bitarteko 2 gazte baino gehiago baitute 65 urte edo gehiagoko pertsona bakoitzeko.
Arabako udalerrietan ditugu muturreko kasuak adinaren araberako biztanle-banaketan, batez ere tamaina txikiagatik eta migrazioa bezalako fenomenoek banaketan duten eraginagatik.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62