2018/11/30eko prentsa-oharra
BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ESTATISTIKA (BEE). HEZKUNTZA. 2016
2016an Euskal AEn lau pertsonatatik batek unibertsitate-prestakuntza zuen
Lan Hezkuntzako hiru titulaziotatik bi goi-mailakoak dira 2016an
Hamar urte eta gehiagoko pertsonen artean lautik batek, %25,3k, 499.124 pertsonak guztira, goi-ertain edo goi-mailako unibertsitate-ikasketak zituen, izan daitezen bukatuak ala ez, 2016an, Eustaten datuen arabera.
2011n 475.598 pertsona ziren ikasketa-maila horietan beretan (%24,1); hortaz, ehuneko 1,2 puntuko hazkundea dago. Emakumeen artean proportzioa handiagoa da, %27,4, eta gizonen kasuan txikiagoa, %23, zeinek dakarren emakumeen aldeko diferentzia handiagotzea: 2011n ehuneko 3,5 puntu ziren, 2016an 4,4.
Beste muturrean, 10 urte eta gehiagokoen %0,4 analfabetoak ziren 2016an; gizonen %0,2, emakumeen %0,5. 65 urte bete bitartean, tasa %0,1 zen, eta hortik aurrera %0,9. 2011ren aldean, nolanahi dela ere, txikiagoa da puntu erdi.
Ikasketa-mailen arteko aldeak, lurraldeka, txikiak dira. Bigarren mailako ikasketadunen portzentajerik handienak Araban dira, %22,9, %21,8 delarik Euskal AE osoan. Bizkaian unibertsitate-ikasketadunak %26,1 dira, Erkidegoan %25,3. Gipuzkoan Lan Hezkuntza eginikoak %19 dira, ehuneko 1,1 puntu gehiago Euskal AEn baino.
Eskualdeka, aldeak handiagoak dira. Unibertsitate-ikasketadun franko edukitzeagatik nabarmentzen dira Plentzia-Mungia (%34,5), Donostia (%27,6), Gorbeia Inguruak (%27,0) eta Bilbo Handia (%26,7). Lan Hezkuntzan, Enkartazioak (%21,8), Arabako Ibarrak (%21,7), Debagoiena (%21,5), Kantauri Arabarra (%21,4) eta Arratia-Nerbioi (%21,2). Bigarren mailako ikasketei doakienez, Bidasoa Beherea (%23,8), Arabako Lautada (%23,5) eta Errioxa Arabarra (%23,4).
10 urte eta gehiagoko biztanleak Euskal AEn, unibertsitate-ikasketadunak, eskualdeka (%). 2016
Iturria: Eustat. Biztanleriaren eta etxebizitzen estatistika
2016an handitu da goi-ikasketak dituzten pertsonen kopurua 2011ren aldean
Ikasketa-mailaren arabera (alegia, buruturiko ikasketak zeinek ematen duten dagokien titulua), 2016an 10 urte eta gehiagoko biztanleriaren %20k zeukan goi-ertain edo goi-mailako ikasketarik. Emakumeen kasuan, %22,1ek; gizonenean, %17,7k. 2011rekin konparatua, ehuneko 1,5 puntuz hazi da goi-ertain edo goi-mailako ikasketak dituztenen kopurua.
Lan Hezkuntza dutenak ere gehitu egin dira, 2011ko %15,6tik 2016ko %16,6ra; tituludun gizonezko gehiago daude (%19,7) emakumezko (%13,7) baino. Halaber, 2016an ikusi da ezen Lan Hezkuntzan goi-ikasketak dituztenak direla erdi-ikasketadunak halako bi, 66.269 pertsona 33.822ren aldean.
Bizkaiak du unibertsitate-tituludun ehunekorik handiena bere biztanleen artean, %21; Gipuzkoak, %19,1; eta Arabak, %18,2. Lan Hezkuntzako tituludunen ehunekorik handiena Gipuzkoak du, %17,7; Arabak, %16,7; Bizkaiak, %15,9.
Unibertsitate-ikasketadunen artean hamarretarik bederazi ari ziren lanean 2016an
2016an okupazio erlatibo handieneko titulazioa unibertsitatekoa zen (%91). Lan Hezkuntzak segitzen dio gertutik (%88,5 eta %86,9, hurrenez hurren, oinarrizko edo erdi-mailarako eta goi-mailarako). Alderantzizko tokian dira titulurik batere ez duten pertsonak, zeinen artean okupazio-maila %64,2koa den.
Biztanleriaren orotarakoan pertsona okupatuen %47,4 emakume dira; unibertsitate-mailan proportzioa %58,5era da heltzen, eta bakarra da emakume okupatuen proportzio handiagoa duena. Gainerako titulazio-mailetarako, gizon okupatuen ehunekoak %54,8 (bigarren mailako ikasketadunak) eta %61 (titulazio gabeko personak) artean dira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62