2018/11/23ko prentsa-oharra
Informazioaren gizartearen inkesta. IGI-Administrazioa. 2018
Euskal AEko ia administrazio publiko guztiek dute web-orririk eta %63,6k dute software librerik 2018an
e-Administrazioaren zerbitzuak darabiltzate Euskal AEko enpresen %91,0k
Euskal AEko ia administrazio publiko guztiek, %98,6k, dute web-orririk 2018an, Eustaten datuen arabera. Halaber, %63,6k dute software librerik erabiltzen beren jardueretan. Enpresen sektoreari doakionez, administrazio publikoetan sartuagoak daude Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT).
Oinarrizko IKT ekipamenduez bezainbatean, Euskal AEko Administrazio Publikoaren ia establezimendu guztiek dute horrelakorik 2018an. Halatan, establezimendu publikoen %99,7k dute hala ordenagailurik nola posta elektronikorik eta Interneterako konexiorik. Nahiz eta den ezarpen txikieneko IKT ekipamendua, establezimendu publikoen %86,5ek du telefono mugikorrik.
2018an IKT ekipamenduak darabiltzaten enplegatu publikoen portzentajeak ere oso handiak dira. Ordenagailua langile publikoen %90,5ek darabil; posta elektronikoa, %92,3k; eta %87,7k Internet. Enpresaren sektorean, pertsonalaren erabileraren portzentaje horiek dira, hurrenez hurren, %72,4, %67,6 eta %66,4.
Portzentaje altu horiek, hala ekipamenduetan nola pertsonalaren erabileran, establezimendu publikoetan ageri dira enplegu-geruza zein-nahi delarik ere. Hortaz, Administrazio Publikoan ez du kasik eraginik establezimenduen tamainak.
Gainera, establezimenduen %99,7k darabil informatika-segurtasunerako neurriren bat: antibirusak (%99,1ek), zerbitzari seguruak (%96,8k), suebakiak (%95,4k), segurtasun zerbitzuak (%86,3k) eta autentifikatzeko mekanismoak (%85,5ek), nagusiki.
Interneten sartzeko erari dagokionez konexioa duten establezimenduetan, denek, %100ek, dute sarbidea konexio finkoen bitartez eta, gainera, %76,2k dute sarbidea konexio mugikorren bidez. Lehenen artean zuntz optikoa da nabarmentzen (kablea, FTTH…), %84,8k; ADSL, %65,7k.
Askoz web-orri gehiago (%98,6) enpresetan (%53,1) baino
Euskal AEko Administrazio Publikoak garrantzi handia dio ematen Interneten egoteari web-orri bidez. Horren erakuskari da establezimendu-portzentaje altuak, %98,6k, edukitzea web-orririk. Areago, %99,2koa da ehuneko hori 10 enplegatu eta gehiagoko establezimenduetan; tamaina bereko enpresen kasuan, %92,0.
Web-orrietan, nagusiki, erakundearen gaineko informazio orokorra izan ohi da, kasuen %99,6, informazio-pribatutasunaren adierazpena, %73,9, ematen dituzten zerbitzuen zerrenda, %59,1, eta enplegu-eskaintzak, %56,1, besteak beste.
Hizkuntzak zeinen bidez sar daitekeen: euskaraz web-orrien %99,2tan, gaztelaniaz %98,8tan, ingelesez %33,6tan eta beste hizkuntza batzuen bitartez %16,4tan.
Euskal AEko establezimendu publikoen %63,6k software librea dute
Establezimendu publikoen %63,6k software librea dute 2018an; esaterako, Internet nabigatzaileak, ofimatika-programak, sistema eragile doako edo irekiak (Linux…), etab. 10 langile eta gehiagokoetan, %70,3k.
Bestalde, merkataritza elektronikoan establezimendu publikoen %20,3k hartzen du parte 2017ko abenduko datarekin.
Euskal AEko enpresek Internet erabiltzen dute, nagusiki, Foru Aldundiekin; ondoren, Administrazio Zentralarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin
Euskal AEko enpresen %91,0k burutzen du izapide elektronikorik Administrazio Publikoarekin 2018an. Izapidetzea izan liteke zuzena, hirugarrenen bidez (aholkularitzak…) edo bion bidez. Hala, enpresen %46,0k egin du izapide zuzenen bat; %71,5ek hirugarrenen bidez.
10 langile edo gehiagokoetan, izapidetze elektronikoa %96,0 da. Enpresa horiek, duten tamaina handiagoagatik dituzten baliabideengatik, zuzenekora jotzen dute gehiago, %84,2, ezen ez hirugarrenen bidez, %52,9.
Izapideok egiten dituzte enpresek era elektronikoz gehien bat Foru Aldundiekin (%83,5) eta Administrazio Zentralarekin (%67,6). Ehuneko horietan eragina dute zerga nagusiekiko eskumenek. Ondoren, Eusko Jaurlaritzarekin (%48,7), tokiko entitateekin (%26,5) eta Europar Batasunarekin eta besterekin (%8,8).
10 langile edo gehiagoko enpresetan ehunekoak altuagoak dira, berriz ere. Foru Aldundiekin, tamaina horretako enpresen %86,1ek. Ondoren, Administrazio Zentralarekin %85,3k, Eusko Jaurlaritzarekin %75,4k, tokiko entitateekin %45,8k eta, azkenik, Europar Batasunarekin eta besterekin %22,9k.
Oharra: Informazioaren gizartearen inkesta-IGI-Administrazioa delakoaren laginaren diseinua berrikusi da; horrela, Administrazio Publikoaren lagina handiagoa eta adierazgarriagoa da orain. Horrek guztiak zabalkundea hobetu du, ekipamenduei buruzko informazioa eskaintzen delarik, orain arteko enpresen Administrazio Publikoarekiko interakzioez gain.
Informazio gehiagorako:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62