2018/11/26ko prentsa-oharra
JAIOTZEN ESTATISTIKA. II/2018
Jaiotzak %9,7 gutxitu ziren Euskal AEn 2018ko bigarren hiruhilekoan
Ezkongabeko amen haurrak %43,1 izan ziren
2018ko bigarren hiruhilekoan Euskal AEn 3.919 haur jaio ziren, iazko aldi berean baino %9,7 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Jaitsiera hiru lurraldeetan gertatu da, ezberdinki dena dela: bistakoagoa Araban (-%15,4) eta Bizkaian (-%10,8) Gipuzkoan (-%4,8) baino. Araban 631 haur jaio ziren; Bizkaian, 1.970; Gipuzkoan, 1.318.
2018ko apiril, maiatz eta ekainean ezkontzaz kanpo jaioak izan ziren guztien %43,1 (%44,5 2017ko hiruhileko berean). Bizkaian %46,4koa izan zen ehunekoa, Euskal AEko batezbestekoaren gainetiko lurralde bakarra; Araban eta Gipuzkoan horren azpitikoak izan ziren ehunekoak, %40,7 eta %39,3, hurrenez hurren.
2018ko bigarren hiruhilekoan, erdiak ia, 1.884, lehenengo haurrak izan ziren; 1.558 haur (%39,8) aurretik beste bat bazen familietara etorri ziren; hirugarren eta ondorengoak %12,2 izan ziren.
10 jaiotzatatik 1ean amak 40 urte edo gehiago zeukan
Jaiotzak amaren adinaren arabera banaturik, 30-34 urteko amen taldea nagusi da oraindik ere, erditzeen %35,4rekin, ondorengo taldearen parean ia (35-39 urtekoak, %35,3); bion artean dira erditzeen %70,7. Ehuneko askozaz txikiagoekin dira, aurrekoen aldean, 25-29 urteko amak (%13,0) eta 25 urtez beherakoak, %6,1. 40 urte edo gehiagokoak %10,2 dira, portzentajezko 1,4 puntu gehiago aurreko urteko hiruhileko beraren aldean.
Ama ezkongabeen amatasun-adina multzoarenaren azpitik dago, zeren ezkongabeen %9,8 25 urtez beherakoak baitziren, eta 25-29 urteen artekoak %15,7.
Amen %25,1, atzerritarrak
Euskal AEn 2018ko udaberriko jaiotzen %25,1ean ama atzerritarra zen; 2017ko aldi berean, %20,9. Lurraldeka, Araban %32,3, Bizkaian %22,4 eta Gipuzkoan %25,5.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62