2018/12/11ko prentsa-oharra
BIZTANLEEN UDAL ESTATISTIKA 2018KO URTARRILAREN 1EAN
Euskal AEko biztanle atzerritarren artean amerikarrak dira nagusi
150.000 atzerritar baino gehiago daude Euskal AEn
2018ko urtarrilaren 1ean biztanleen %7, 152.187 pertsona, atzerritarrak dira Euskal AEn, Eustaten datuen arabera. Portzentajea apur bat ezberdina da lurraldearen arabera: Arabak du proportzio altuena, %8,7rekin; ondoren Gipuzkoa dator, %7,2rekin; azkenik, Bizkaia, %6,4rekin.
Euskal AEko atzerriko egoiliarren artean, amerikarrak %35 dira; Espainia osoan, %24. Nikaragua, Kolonbia, Bolivia eta Paraguaikoak dira talde horretan gailentzen, atzerritar guztien %18,2 eta amerikarren %51,8. Sexuari dagokionez, egoiliar amerikarren artean %63 dira emakumeak.
Aldiz, Euskal AEn bizi diren europarrak atzerritarren %26,9 dira; Espainian, %48. Talde horretan nabarmentzen dira Errumaniakoak, atzerritar guztien %12,2, europarren %45,2, ehuneko 15 puntu gehiago Espainian baino. Bigarrenik, nahikoa urruti halarik ere, Portugal, Euskal AEn bizi diren atzerritarren %15,2rekin. Sexuen araberako partiketan ez da ia alderik gizatalde horretan.
Afrikako herrialdeak Euskal AEn %28,7ko proportzioa dira –%20,3koa Espainian– eta afrikarren erdiak Marokokoak dira (%50,3.). Ondoren datoz Aljeria, Nigeria eta Senegal, %13,3, %10,4 eta %10,2rekin, hurrenez hurren. Lau nazionalitate horietarikoak dira afrikarren %84,2. Sexuari dagokionez, %60 baino gehiago gizonak dira, herrialde amerikarretakoen kasuaren aldean kontrakoa.
Azken tokian daude Asia edo Ozeaniatik etorritakoak, atzerritarren %9,3; horien artean, nagusi Txina eta Pakistangoak, talde horretako %78,6.
Afrikarrak Araban, amerikarrak Bizkaian eta europarrak Gipuzkoan
Araban afrikarrak dira gehiengoa duen kolektiboa (%38). Amerikarrak, ordea, ia %26 dira, eta horietarik ia laurdenak Kolonbiakoak. Errumaniakoak europarren %29 dira. Marokokoak, afrikarren ia erdiak (%48,1); eta ondoren Aljeriakoak eta Nigeriakoak daude. Pakistangoak Asiatik etorritakoen %56,8 dira.
Bizkaian amerikarrak dira nagusi (%38); nabarmendu egiten dira horietan Bolivia, Paraguai, Kolonbia eta Nikaraguakoak, ia %60. Europarren artean, Errumaniakoak nagusi (%60); afrikarren artean, Marokokoak (%46,2); asiarren artean, Txinakoak (%55) eta Pakistangoak (%21).
Nolabaiteko oreka dago Gipuzkoan europarren eta amerikarren artean. Azpimarratzekoa, Hondurastik etorritakoen tamaina, nazionalitate horretakoen ia %68 Euskal AE osoan. Errumaniarrak ez dira hain ugariak Gipuzkoan beste lurraldeen aldean. Afrikarrak prorportzio txikienean dira Gipuzkoan Euskal AEn; gehienak marokoarrak dira (%58,5), ondoren aljeriarrak eta senegaldarrak. Asiarren artean, pakistandarrak erlatiboki batezbestekoaren gainetik daude.
Atzerrian jaiotakoak 200.000 baino gehiago dira
2018ko urtarrilaren 1ean Euskal AEn atzerrian jaiotakoak 207.743 ziren, biztanle guztien %9,5. Horrek nahi du esan ezen gizatalde horretako 60.000 pertsona inguruk eskuratu dutela nazionalitate espainiarra edo jatorriz zutela zio familiarrengatik edo bestelakoengatik.
Espainian zen proportzioa %13,3koa zen. Puntu horretan, beraz, Euskal AE Gaztela eta Leonen, Galiziaren, Kantabriaren eta Andaluziaren pare dago. Autonomia-erkidego horietan atzerrian jaiotako herritarrak, gehienez, % 10era heltzen dira.
Euskal AE osokoa baino atzerrian jaiotako pertsonen portzentaje handiagoa dutenak 61 udalerri dira: 19 Arabakoak, eta horietarik 18 %10en gainetik daude, gehienak Errioxakoak. Hori hala bada ere, ehuneko handienak dituzten udalerriak barreiatuak daude: Izurtza, %18ren gainetik, Navaridas (%17,7), Berriatua (%17,7), Mañueta (%16) eta Ordizia (%15,9).
Beste muturrean, bost udalerritan ia ez dago atzerriko jatorria duten biztanlerik: hiru dira Gipuzkoakoak (Aduna, Mutiloa eta Orexa) eta bi Arabakoak (Lagran eta Harana). Biztanle gutxiko udalerriak dira, zeren handienak, Adunak, 480 biztanle baititu soilik, eta atzerrian jaiotakoen proportzioa %2ren azpitik da.
Hiru hiriburuek atzerrian jaiotakoen portzentaje handiagoak dauzkate Euskal AEk baino: Gasteizek handiena, %12,7, Bilbok %11,3 eta Donostiak %10,6 biztanle guztien artean.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62