2018/12/14ko prentsa-oharra
I+G ESTATISTIKA BIOTEKNOLOGIAN 2017
Euskal AEko I+G gastuak bioteknologian mailarik gorena lortu zuen 2017an, %10,1 hazita
Bioteknologiako I+G gastua I+G osoaren %6,8 izan zen; Administrazio Publikoak %56,5 finantzatu zuen
Eustaten datuen arabera, 2017an Euskal AEko I+G barne-gastua bioteknologiarekin erlazionatutako jardueretan 93,2 milioi eurokoa izan zen, 2016an baino %10,1 gehiago. Gastu hori izan zen I+G barne-gastu osoaren %6,8. Langile enplegatuak 2.116 izan ziren. DOBn (Dedikazio Osoko Baliokidetzan) 1.346 pertsona izan ziren, I+Gra bideraturiko DOB langileen %7,2. Datu horiek, hala bioteknologiako gastuan nola DOBn aritzen den langile-kopuruan, serie historikoaren altuenak dira.
I+G gastua bioteknologian %10,1 handitu zen aurreko urtearen aldean eta DOB langileak %9,0. Ikertzaileak, bestalde, 1.031 pertsona izan ziren (DOB), %6,9ko hazkundearekin.
Aurreko urteetan bezalaxe, emakume ugari daude I+G adar horretan, bioteknologian lanaldi osoan aritu zirenen %59,5 2017an.
Bioteknologia-ikerkuntzan 103 erakunde aritu ziren 2017an; Enpresak sektorekoak ziren haietako 89. Orobat, 103 horietatik, 67k bioteknologiari eman zioten I+G barne-gastuaren erdia baino gehiago.
Barne-gastuaren %63, enpresek egina
Aurreko urteetan bezala, Enpresetan da I+G barne-gastu osoaren portzentajerik handiena (%63,0) bioteknologian, 2016an baino ehuneko 1,4 puntu gehiago (%61,6).
Bestalde, Goi-mailako Irakaskuntzak (%30,6) eta Administrazio Publikoak (%6,4) egikaritu dute 2017ko gainerako gastua (%37,0); portzentaje hori %38,4 izan zen 2016an.
Administrazio Publikoak bioteknologia I+Gren %56,5 finantzatu zuen
Funtsen jatorriari so, bioteknologiarekin lotutako barne I+G jarduerak, 2017an, Administrazio Publikoak (%56,5) eta Enpresek (%28,6) finantzatu zituzten oroz gain. Gainerakoa, Atzerriko funtsek (%9,3), Goi-mailako Irakaskuntzak (%4,9) eta Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek (%0,7).
Bioteknologia-ikerkuntzatik lortutako produktuak, batez ere, Giza Osasunean (%74,0) eta Elikaduran (%8,9) aplikatzen dira. Gainerako arloetan banatzen da beste %17,1a, antzeko portzentajeekin: Ingurumena, Industria, Animalien osasuna eta akuikultura eta Nekazaritza eta baso-produkzioa.
Bioteknologiako I+G jardueretarako oztopo nagusiak, denbora/kostua erlazioa eta kapitalerako irisbidea
Azkenik, 2017an berriz hauek dira oztopo nagusiak bioteknologia-ikerkuntzan garapen-jardueretan aurrera egiteko: denbora/kostua erlazioa (%91,3) eta I+G egiteko kapitala lortzea (%87,4). Arautze-betekizunak hirugarren tokian dira, %79,6rekin.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62