2019/02/25eko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTUAK 2019KO URTARRILA
Euskal AEko apartamentu turistikoetako gaualdiak %34,5 gehitu ziren 2019ko urtarrilean
Hotelak, landa-ostatuak eta apartamentu turistikoak batera harturik, %6,4ko gehikuntza izan da gaualdietan urtarrilean
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko apartamentu turistikoetako gaualdiak 2019ko urtarrilean 18.305 izan ziren, 2018ko urtarrilaren aldean %34,5eko gehikuntza.
Gaualdiek urte arteko bilakaera positiboa izan dute Gipuzkoan eta Bizkaian, %119,7ko eta %47,2ko gehikuntzekin, hurrenez hurren, baina Araban %2,2ko jaitsiera gertatu da.
Bestalde, 2019ko urtarrilean 3.228 bidaiari-sarrera erregistratu dira Euskal AEko apartamentu turistikoetan, %15,8ko gehikuntza. Bidaiari-sarrerak %27,6 gehitu dira Bizkaian eta %17,4 Gipuzkoan, baina Araban %14,5 gutxitu dira.
Batez besteko egonaldia, aurtengo urtarrilean, 5,67 egunekoa izan da, 2018koan 4,88koa izan zelarik. Araban lehengo urteko urtarrileko 11,93 egunetik aurtengo urtarrileko 13,66ra luzatu da; Bizkaian 3,11tik 3,59ra luzatu da; Gipuzkoan, 2,86tik 5,35era.
2019ko urtarrileko turista-balantzea
Hotelak, landa-ostatuak eta apartamentu turistikoak batera, 168.704 sarrera erregistratu dira 2019ko urtarrilean, %2,4ko gehikuntza dena aurreko urteko hil beraren aldean. Bizkaian Euskal AEko sarrera guztien %47,6 kontzentratzen dira, eta sarreren batura %2,2 gehitu da. Gipuzkoan erkidegoko sarreren %38,7 daude, %4,5eko gehikuntzarekin; Araban, sarrera guztien %13,7, %2,6ko jaitsierarekin.
Gaualdiek %6,4 egin dute gora establezimendu turistiko hartzaileen guztizkoan, eta gorakada hori hiru lurraldeetan gertatu da. Gipuzkoan %9,8 igo dira gaualdiak, Bizkaian %5,6 eta Araban %1,0.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62