Prentsa-oharra, 2019/02/14
GIZARTE BABESAREN KONTUA 2017 (A)
Euskal AEko gizarte-babesaren gastua % 2,7 hazi zen 2017an
Biztanleko gastua 8.204 eurokoa izan zen, 2016an baino % 2,5 gehiago, eta BPGren % 24,2 izan zen
Euskal AEn gizarte-babesaren gastua termino absolutuetan eta per capita % 2tik gora hazi zen, Gizarte Babesaren Estatistika Integratuen Europar Sistemako (SEEPROS) metodologia jarraituz Eustatek landutako datuen arabera. Zehazki, balio absolutuetan 473 milioi hazi zen 2016 urtearekin alderatuta, hau da, % 2,7, eta per capita gastua % 2,5 handiagoa izan zen. BPGri dagokionez, gizarte-babesaren gastua BPGren % 24,2 izan zen 2017an.
Administrazio-gastuak kenduta, gizarte-prestazioen balioa 17.608 milioi eurokoa izan zen 2017an, eta 2016koarekiko % 2,8 egin zuen gora, beraz.
Gastuaren analisi xehatuan, gizarte-prestazioak funtzioen arabera aztertu dira, 2016ko datuak kontuan hartuta, horiek baita behin betiko datuen azken urtea.
Funtzioen araberako gastuaren banaketa bere horretan mantendu da azken urteotan. Pisu handien duten funtzioak Zahartzaroa eta Gaixotasuna/Osasun-laguntza dira; biak batuta prestazioen gastuaren % 69,2 dira. 2016an hazkunde handiena izan duten funtzioak dira: Zahartzaroa % 4,4 hazi zen eta 7.406 milioi eurora iritsi, eta Gaixotasuna/Osasun-laguntza % 3,0 hazi zen, eta 4.447 milioi eurora iritsi zen.
Gizarte-bazterkeriaren gastua ere gehien hazi denetakoa izan da, % 3,1 hazi zen 2016an; hala ere, pisu gutxien duen funtzioetako bat da, prestazioen guztizkoaren % 3,2a baino ez baita.
Etxebizitza funtzioari dagokionez -horrek alokairua sustatu eta kudeatzeko programak eta alokairua ordaintzeko laguntzak barne hartzen ditu-, pisu gutxien duen funtzioa da, prestazioen guztizkoaren % 0,9a. 2016an % 10,0 hazi zen eta 150 milioi eurora iritsi.
Familia/seme-alabak funtzioa prestazioen gastuaren % 3,5 izan zen 2016an. SEEPROSen azken gidaren arabera (ESSPROS Manual and user guidelines, 2016 edition), kontuaren edizio honetan funtzio honek barne hartzen duen haur-hezkuntzaren gastuari dagokion zenbatekoa berriz kalkulatu da (hezkuntzari dagokion gastua ez da SEEPROSen eremuan barne hartzen, gizarte-laguntzari dagokion zatia baino ez baitu barne hartzen). Familia/seme-alabak funtzioak 602 milioi euroko gastua izan zuen 2016an, aurreko urtean baino % 1,0 gutxiago, eta hori haur-hezkuntzako ikasle kopuruaren jaitsierari dago lotuta.
Gehien jaitsi zen funtzioa Langabezia izan zen, % 12,9ko tasa negatiboa izan zuen, eta gastua 1.081 milioi euroko izan zen, 2015ean baino 160 milioi euro gutxiago. Funtzio horren gastua 2010ean prestazioen guztizkoaren % 10,7 izatetik 2016an % 6,3 izatera igaro da.
Langabezia funtzioa % 7,5 ere jaitsi zen 2017an eta hori, batetik, langabezia-prestazioak jasotzen dituen pertsona-kopuruaren jaitsierarekin dago lotuta, zeina 2017an % 10,0 jaitsi baitzen (% 14,5 eta % 17,5 aurreko bi urteetan), eta, bestetik, erregistratutako langabeziarekin ere du lotura, zeinek 2014tik 2017ra tasa negatiboak eman baititu: % -2,1 2014an eta % -8,6 2017an.
Gizarte-babesean gastua egiten duten erakunde-unitateei dagokienez, Gizarte Segurantzako Sistemak eta Estatuko Administrazioak egindako gastua gastu osoaren % 60,2 izan zen 2016an, eta % 1,9 egin zuen gora 2015ekoarekin alderatuta.
Euskal Administrazioek egindako gastua % 32,6koa izan zen, eta 5.676 milioi eurora iritsi zen 2016an, 2015ean baino % 3,0 gehiago. Euskal Administrazioak taldearen barruan gizarte-zerbitzuen sistema publikoa dago eta osatzen dute Eusko Jaurlaritzak (Lanbide barne dela), foru-aldundiek eta tokiko administrazioek. Horien gastuak % 4,0 egin zuen gora, eta 2015ean 2.053 milioikoa izatetik 2016an 2.136 milioikoa izatera pasatu zen. Hazkunde handiena Baliaezintasuna eta Zahartzaroari lotutako gastuarena izan zen, eta horrek barne hartzen ditu egoitza-zerbitzuak, etxez etxeko laguntza, enpleguaren zentro bereziak eta menpekotasunarekin lotutako dirulaguntzak. Bestalde, Administrazioaren gastuaren barruan dagoen osasun-sistema publikoaren gastuak % 2,3 egin zuen gora, eta 2015ean 3.460 milioikoa izan zen eta 2016an 3.540 milioikoa.
Europarekin alderatzeko, 2016 urteari dagozkion Eurostatek argitaratutako azken datuak aztertzen dira. Adierazleetako bat biztanleko gizarte-babeseko gastua da, Erosteko Ahalmenaren Parekotasunean (EAP) neurtuta: Euskal AErena 8.682koa izan zen, EBkoaren gainetik (8.232), Espainiakoaren gainetik (6.349), Irlandakoaren gainetik (7.238) edo Erresuma Batuaren gainetik (7.842). Taularen goiko postuetan daude Luxenburgo (14.469) eta Austria (11.095).
Gizarte-babeseko beste adierazle bat BPGren portzentajea da; Euskal AEn % 24,4koa da 2016an, Europar Batasunaren bataz bestekoaren azpitik (% 28,1), baina Espainiaren gainetik (% 24,3) eta Luxenburgoren gainetik (% 22,0), azken hori biztanleko gastuaren lehenengo postuetan dago.
Informazio gehiago.
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62