2019/02/08ko prentsa-oharra
BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ESTATISTIKA (BEE). 2016
Euskal AEko pertsona okupatuen %58,6k lan egiten dute bizileku ez duten udalerri batean
Emakumeak gizonak baino neurri txikiagoan doaz beste udalerri batera
Euskal AEn 16 urte edo gehiagoko 531.182 pertsonak lan egiten dute bizileku ez duten udalerri batean, Eustaten datuen arabera. Zehazki, 473.263 pertsona okupatu (%52,2) doaz lan-kontuengatik beste udalerri batera lurralde beraren barnean, 39.408 (%4,3) Euskal AEko beste lurralde batera, 14.736 (%1,6) beste komunitate autonomo batera eta 3.775 (%0,4) atzerrira.
Sexuari begira, emakumeek gizonek baino neurri handiagoan dute lan egiten bizileku duten udalerri berean, %45,2 lehenek eta %38,0 bigarrenek; halaber, gizonek emakumeek baino ehuneko handiagoak dituzte kasuetan non lanpostua lurraldeko beste udalerri batean dagoen (5,3 puntu gehiago) edo beste lurralde batean (1,0 puntu gehiago).
Araba da lurraldea higikortasun txikiena erregistratzen duena lan-kontuengatik, zeren pertsona okupatuetan hamarretarik zazpik lan egiten baitute bizileku duten udalerri berean, Gasteizek duen pisuagatik. Erlazio hori murriztu egiten da Gipuzkoan hamarretarik laura eta Bizkaian hamarretarik hirura.
Eskualdeka, lan-higikortasuna handiagoa da Gorbeia Inguruetan (%83,3k lan egiten dute beste udalerri batean), Plentzia-Mungian (%82,9k), Arabako Ibarretan (%81,7k), Arratia-Nerbioin (%80,3k) eta Tolosaldean (%79,2k). Aldiz, Arabako Lautada (%19,4k), Donostialdea eta Debagoiena (%54,2k) eta Errioxa Arabarra (%55,3k) dira lan-higikortasun txikieneko eskualdeak.
Udalerrika, lan-kontuengatiko lekualdatzea, bereziki, gertatzen da biztanleria urriko udalerrietan (1.000 biztanle baino gutxiagokoetan), nola diren Gaztelu, Sukarrieta, Fruiz eta Arantzazu, zeinetan hamar pertsonatatik bederatzik lan egiten duten bizilekua ez den beste udalerri batean. Alderantzizko norabidean, lan-higikortasunik txikiena hiriburuetan erregistratzen da, eta baita tamaina erdiko udalerri batzuetan ere, nola Irunen, Oñatin, Arrasaten eta Azpeitian, eta Arabako udalerri batzuetan nola Guardia, Eskuernaga eta Eltziego.
Oro har, araua da ezen, zenbat eta tamaina handiagokoa izan udalerria, orduan eta kanporako lekualdatze gutxiago dagoela. Horrela, bizilekuko udalerrian lan egiten dutenak %22 dira 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan eta %68,8 hiriburuetan, nahiz eta 40.001-100.000 biztanleko udalerrietan proportzioa apur bat txikiagoa den (%26,7) 10.001-40.000 biztanlekoetan baino.
Bestalde, hiriburuen arteko aldeak aipagarriak dira: horrela, Gasteizen lan-higikortasunak eragiten dio, batez ere, hiriko biztanleria okupatuaren %15,1i; Donostian, ordea, %34,3ri, eta %41,6ri Bilbon.
Euskal AEko lurralde arteko lekualdatzeei doakienez, Araban bizilekua duten pertsona okupatuak, bereziki, Bizkaira doaz (%4,8) eta %2 bakarrik Gipuzkoara; halaber, Bizkaian berdintsu dira banatzen lekualdatzeak Araba (%2,3) eta Gipuzkoa (%2) artean; azkenik, Gipuzkoako okupatuen %2,3k dute lanpostua Bizkaiko udalerrietako batean eta %0,9k Arabako batean.
Ikuspegi zabalago batetik, Arabak beste lurraldeetatik 13.700 langile ditu hartzen, Gipuzkoak 12.220 eta Bizkaiak 10.229.
Gipuzkoan bizilekua dutenen %0,5 doaz atzerria lanera, Euskal AEko batezbestekoaren gainetik, zeren muga ondokoa baita Gipuzkoa. Bizkaikoak batezbestekoan dira (%0,4) eta neurri txikiagoan Arabakoak (%0,3).
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62