2019/06/17ko prentsa-oharra
2018KO JAIOTZEN ESTATISTIKA
Euskal AEn % 5,8 gutxitu ziren jaiotzak 2018an
Ama izan diren emakume atzerritarren % 39,7k 30 urte baino gutxiago zituen, ama izan diren espainiarren artean, berriz, % 12,2k
2018an Euskal Autonomia Erkidegoan 16.090 haur jaio ziren, aurreko urtean baino % 5,8 gutxiago, Eustaten arabera. Ama espainiarren artean % 9,5ekoa izan zen jaitsiera; ama atzerritarren artean, berriz, jaiotzen kopurua % 7,1 handitu zen.
Lurraldeen arabera, Araban 2.683 haur jaio ziren (-% 9,4, jaitsierarik handiena), Bizkaian 7.940 (-% 6,8) eta Gipuzkoan 5.467 (-% 2,3).
Mila biztanleko 7,4 jaiotzakoa izan zen jaiotza-tasa. Zifrarik handiena Araban eman da, ‰ 8,2; Gipuzkoan, ‰ 7,6; eta Bizkaian, ‰ 7,0. Euskal Autonomia Erkidegoan tasa hori 0,4 puntu jaitsi da 2017ko datuekin alderatuta, eta 2,5 puntu 2008koekin alderatuta.
Jaiotzen % 80,8tan amek 30 urte edo gehiago zituzten
Haurrak eduki dituztenen artean, talderik handiena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeena da, jaiotza guztien % 35,4. 2017. urteko datuen aldean ehuneko sei hamarren murriztu da. Ondoren, 35-39 urte bitarteko amen taldea (% 34,8) eta 40 urte eta gehiagokoena datoz. Azken honek gero eta handiagoa izaten jarraitzen du (% 10,6; aurreko urtean baino ehuneko bost hamarren gehiago). 25-29 urte bitarteko amen jaioberriak % 13,1 izan dira; eta 20-24 bitartekoenak, % 5. Azkenik, ama nerabeak orotarakoaren % 1,1 izan dira, aurreko urteko zifra (% 1,2) baino pixka bat txikiagoa.
Amen laurdenak nazionalitate atzerritarra zuen
Amen nazionalitatea kontuan hartuz, % 25,4 atzerritarrak ziren, eta 4.079 haur eduki zituzten. 2017an % 22,3 ziren ama atzerritarrak. Amak honako nazionalitate hauetakoak ziren: 760 ama, Marokokoak; 300, Errumaniakoak; 257, Kolonbiakoak; 218, Boliviakoak; 209, Nikaraguakoak; 184, Paraguaikoak; 164, Aljeriakoak; 158, Nigeriakoak; 137, Honduraskoak; 125, Brasilgoak; eta 121 Ekuadorkoak.
Emakume atzerritarrek Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren espainiarrek baino urte gutxiagoekin eduki dituzte euren haurrak. 30 urte baino gutxiagorekin atzerritarren % 39,7 izan da ama, espainiarren % 12,2 izan den bitartean.
Amen batez besteko adina 33,5 urtekoa izan zen. Ama espainiarren artean, 34,4 urtekoa izan zen bitartean, ama atzerritarren artean, 30,9koa izan zen. 2018an ama lehen aldiz izan zirenen batez besteko adina 32,5 urtekoa izan zen.
Ezkontzaz kanpoko jaiotzen ehunekoak gora egiten jarraitzen du
2018an ezkontzatik kanpoko jaiotzak 7.135 izan ziren; jaiotza guztien % 44,3. 2017an % 43,9koa izan zen. Duela 10 urte, 2008an, ezkontzatik kanpoko jaiotzak % 30,4 izan ziren.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2018ko 8.055 lehen jaiotzak guztien % 50,1 izan ziren; bigarrenak, % 38,0; eta hirugarrenak eta ondorengoak % 11,9. 2018an bizirik jaiotakoen arteko sexuaren araberako erlazioa hauxe izan zen: 100 neskatoko 105 mutiko. Mutikoen batez besteko pisua 3.320 gramokoa izan zen, eta neskatoena, 3.212 gramokoa.
Jaiotako lekua kontuan hartuz, jaiotzen % 88 ospitale publikotan izan ziren, % 11,6 ospitale pribatutan eta % 0,4 etxean. Erditzeak 15.838 izan ziren: horietatik 15.516, bakunak; 319, bikoitzak; eta 3, hirukoitzak. Guztietatik garaiz aurrekoak 883 erditze izan ziren (% 5,6)
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62