2019/10/09ko prentsa-oharra
JAIOTZEN ESTATISTIKA. Izen ugarienak. 2016-2018
Euskal AEn jaiotakoen artean izen ohikoenak Ane eta Markel dira berriz ere
Ane da 1996tik neska-izen kutunena
1996tik hona Ane da neska-izena hautatzeko tenorean gurasoen kutunena, Eustaten arabera, Euskal AEn 2016-2018 artean jaiotakoen izenez ari delarik. Ondoren June eta Laia daude bigarren eta hirugarren eta, jarraian, Irati, Nahia eta Nora.
Mutikoentzako izen ugarienak Markel, Jon eta Julen dira, eta gero Aimar, Ibai eta Ander.
2016-2018 aldirako 25 izen ohikoenen taldean lau sartu berri dira, neskato-izenen artean, Alaia, Alba, Sofia/Sofía eta Jare, eta atera dira Leire, Naroa, Libe eta Maren, 2014-2016 aldikoekin alderatuta. Mutiko-izenei doakienez, Luken, Luka eta Aiur sartu dira taldean, Xabier, Alex eta Ekain mugituz.
Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat jartzeko aukera ematen du. Ehun izen ugarienen artean ez dago konposaturik bat ere, garai batean oso-oso ohikoak ziren arren.
Izen bereko grafia ezberdinak
Euskarazko izenak dira nagusi, batzuk grafia ezberdinekin erregistratuak: June-Yune-Iune, Leire-Leyre edo Jon-Ion, besteak beste, izen ezberdin bezala tratatzen diren arren. Bertsioak azenturik egoteagatik edo ez egoteagatik bakarrik bereizten direnean, Martin-Martínen bezala, biak izen berekotzat hartzen dira, eta beren maiztasunak gehitu egiten dira.
Ama atzerritarrek euskarazko izenak ere aukeratzen dituzte
Ama atzerritarrek euskarazko izenak ere aukeratzen dituzte gehienbat, baina badago alderik hurrenkera orokorraren aldean. Nesken kasuan, 5 izen kutunen artean bi daude euskarazkoak: Alaia eta Nahia hirugarren eta bosgarren postuetan daude, hurrenez hurren; zerrendako lehena Sara da, hebrear jatorrikoa, Sofía ondoren, greziar jatorrikoa, eta laugarren postuan Aya, arabiar jatorrikoa. Mutikoen artean, laugarren eta bosgarren lekua betetzen duten Ander eta Mikel dira izen euskarazkoak; lehen postua Adamentzat da, izen hebrearra, bigarrena Mohamedek du, arabiar jatorrikoa, hirugarrena Rayanek.
Amen artean Leire, María eta Nerea dira nagusi; aiten artean, Aitor, David eta Mikel
Hona hemen 2016-2018 artean ama izandakoen 10 izen ugarienak: Leire, María, Nerea, Ainhoa, Laura, Amaia, Ainara, Marta, Cristina eta Estibaliz. Emakume horiek gehienak 1975-1990 artean jaio ziren; bost izen euskarazkoak zituzten hamar ugarienen artean, baina gaztelaniazko izenak oraindik asko erabiltzen ziren, batez ere Maríarekin konposatuak.
Urte haietan guraso izan ziren gizonei doakienez, hauek izan ziren gehien errepikatu ziren 10 izenak: Aitor, David, Mikel, Jon, Iker, Javier, Asier, Iñigo, Gorka eta Iñaki. 1973-1988 artean jaiotako gizonak ziren gehienak kasu horretan, garai bat zeinetan izen konposatuek jada sinpleei bidea uzten zieten eta euskarazkoak nagusi ziren.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62