2019/09/26ko prentsa-oharra

ETXERIK GABEKO PERTSONENTZAKO BALIABIDEEN ESTATISTIKA. 2018

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal Autonomia Erkidegoko etxerik gabeko pertsonentzako zentroen sareak 2018. urtean 2016. urtean baino % 25,6 pertsona gehiago ostatatu zituen egunero batez beste

Euskal Autonomia Erkidegoak 56,2 milioi euro bideratu zituen kolektibo horrentzat, hots, Estatu osoko gastuaren % 19 eta 2016. urtean baino % 18,4 gehiago

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen sareak 2018. urtean 276 zentro eta zerbitzuk osatutako sare baten bitartez artatu zituen etxerik gabeko pertsonak. Egunero 2.979 pertsonari eman zien ostatu batez beste, 2016. urtean baino % 25,6 gehiagori, Eustatek landutako datuen arabera. Ostatu hartu zuten pertsona horien artean, 722 bat “etxegabeak” ziren, bizitegi-bazterketa larrian zeudenak. Sare horretan 2.583 langilek jardun zuten eta 56,2 milioi euroko gastua izan zuen, 2016. urtean baino % 18,4 gehiago.

Sareak 3.755 ostatu-plaza izan zituen, 2016. urtean baino % 28 gehiago, eta % 79,3ko okupazio-maila. Gainera, eguneko 1.914 plaza izan zituen, % 85,7ko okupazioarekin. Otorduei dagokienez, egunero 4.751 zerbitzu (gosariak, bazkariak eta afariak) eman ziren batez beste. Kaleko esku-hartzeari dagokionez, 15 talde arduratu ziren egunean batez beste 329 pertsona artatzeaz.

Laburbilduz, esan daiteke 2018. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan etxerik gabeko pertsonak artatzeko zerbitzuak gastuaren igoera garrantzitsua izan zuela bereizgarri. Horrek baliabide gehiago ekarri zuen, bai azpiegiturei bai enpleguari dagokienez, eta, orobat, gora egin zuen artatutako pertsona kopuruak.

graf0016770_01_e.png

Euskal Autonomia Erkidegoan Estatu osoko ostatu-plazen % 19 eskaini ziren

Etxerik gabeko pertsonak artatzeko euskal sarean bi ezaugarri nabarmentzen dira: euskal zentroen tamaina txikiagoa eta zentro horietan lan egiten duten gizataldeen profesionalizazio handiagoa. Ildo horretan, kontuan izan behar da Euskal Autonomia Erkidegoan % 54 soldatako langileak direla eta % 37 boluntarioak, eta Estatuan zifra horiek % 37 eta % 56 direla, hurrenez hurren.

Baliabide horien erabilerari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko ostatu-zentroetan egunero etxerik gabeko 2.979 pertsonak lo egin zuten batez beste, hau da, Estatu osoan lo egin zuten pertsona guztien (18.001) % 16,5 izan ziren.

Baliabideen lurralde-banaketa: hiriburuek kontzentratzen dituzte baliabide gehienak

Etxerik gabeko pertsonek hiri handietan kontzentratzeko joera dute. Hori dela eta, baliabideak ere hiru euskal hiriburuetan kokatu ziren gehienbat. Vitoria-Gasteizen Arabako ostatu-plazen % 98 eta otordu-plazen eta eguneko zentroetako plazen % 100 kokatu ziren. Bilbaok Bizkaiko ostatu-plazen % 75,5, otordu-plazen % 76 eta eguneko zentroetako plazen % 67,5 kontzentratu zituen. Gipuzkoako lurraldeak erakusten du lurralde-eredu deszentralizatuena. Izan ere, Donostia/San Sebastianen eskaini ziren ostatu-plazen % 55,7, otordu-plazen % 65,6 eta eguneko zentroetako plazen % 41,8.

Zentroen erdiek baino gehiagok zerbitzu hauek eskaintzen dituzte: informazioa, harrera, orientazioa, lagun egitea eta zerbitzu pertsonalak

Euskal Autonomia Erkidegoko zentroen sare osoan hainbat prestazio eskaini ziren, etxerik gabeko pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratuak. Autonomia-erkidegoko 276 zentroen % 72,8k “informazioa eta harrera” zerbitzua eman zuten, % 65,2k “orientazioa eta bideratzea”, % 63k “lagun egitea”, % 36,2k “lanbide-orientazioa” eta zerbitzu pertsonalak, hala nola garbitasuna (% 50,4), ikuztegia (% 47,8) eta jantzitegia (% 25). Osasun-arretari, arreta psikologikoari eta juridikoari dagokienez, zentroen % 18,1ek, % 34,4k eta % 32,2k eman zituzten, hurrenez hurren. Gainera, zentroen % 36,6k Internet sarbidea eskaini zuten.

Artatutako pertsonen erdiak baino gehiago atzerritarrak izan ziren

Etxerik gabeko pertsonak artatzeko zentroen erdiak egoera espezifiko zehatzik gabeko pertsonenganantz bideratuta zeuden, larrialdiko premietara egokitzen diren baliabideak dira-eta. Egoera espezifikoen eraginpean dauden pertsonak artatzen dituztenen artean, adikzioak —alkohola eta drogak— dituzten pertsonei zuzendutako zentroak (% 38,8), immigranteei zuzendutakoak (% 33) eta genero-indarkeriaren edo gizakien salerosketaren biktima diren emakumeak artatzen dituztenak (% 27) nabarmentzen dira.

Artatutako biztanleen sexuari dagokionez, zentro gehienak bi sexuetako pertsonei zuzenduta egon ziren (% 72,8), baina desberdintasunak ikusten dira lurralde historiko batetik bestera: Gipuzkoak izan zuen zentro mistoen proportziorik handiena (% 85,3), Arabak % 71,9 eta Bizkaiak % 64,1. Bizkaian zentroen % 19 emakumeentzat bakarrik izan ziren eta Gipuzkoan eta Araban % 10 izan zen horien proportzioa.

Euskal Autonomia Erkidegoan artatutako pertsonen erdiak baino gehiago (% 52,1) atzerritarrak izan ziren. Lurralde-banaketa antzekoa izan zen: Araban % 55,8, Bizkaian % 54 eta Gipuzkoan % 48,2.

Gastu arrunta 56,2 milioi eurokoa izan zen, % 86,5 administrazio publikoek finantzatua

Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen sarean etxerik gabeko pertsonak artatzeak 56,2 milioi euroko gastu arrunta ekarri zuen 2018. urtean, hots, 2016. urtean baino % 18,4 gehiago. Gastu horren gehiena (% 81,6) ostatu-zentroetara bideratu zen, 45,9 milioi euro gastatu baitzituzten. Horrek esan nahi du artatutako pertsona bakoitzaren urteko batez besteko gastua 15.392 eurokoa izan zela.

Administrazio publikoek —aldundiek eta udalek gehienbat— gastu horien % 86,5 finantzatu zituzten. Gainerakoa (% 13,5) erakundeen baliabide propioen (% 8,5), erakunde pribatuen (% 3,3), partikularren dohaintzen (% 1,4) eta enpresen (% 0,3) bitartez finantzatu zen. Finantzaketa-eredua antzekoa izan zen Bizkaian eta Gipuzkoan, finantzaketa publikoa % 84 izan baitzen. Araban, alabaina, ia finantzaketa osoa publikoa izan zen (% 97,8).

Zentroen sarean diharduten langile guztien % 70,5 emakumeak dira

2018. urtean 2.583 pertsonak lan egin zuten baliabide horietan; erdiak baino gehiago (% 54,5) soldatako langileak izan ziren eta % 37,2 langile boluntarioak. Soldatako langileak 2016. urtean baino % 26,3 gehiago izan ziren. Langile boluntarioen kopurua proportzio txikiagoan handitu zen (% 12,5). Gizarte-zerbitzuetan oro har gertatzen den moduan, enplegua emakumeena da gehienbat, eta emakumeen presentzia handiagoa da soldatako langileen artean (% 72,5) boluntarioen artean (% 66,8) baino.

722 etxegabek lo egin zuten aterpetxeetan eta eskakizun txikiko zentroetan; gehienak gizonak ziren

Ostatu-zentroetan gaua eman zuten 2.979 pertsonetatik, 722 batez beste, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 24 aterpetxe eta eskakizun txikiko zentroetan lo egin zuten “etxegabeak” izan ziren; horietatik, 63 emakumeak ziren. Bestalde, etxebizitzarik gabeko 2.257 pertsona, batez beste, sareko zentro eta etxeetan bizi izan ziren; kopuru horretatik, 773 emakumeak ziren.

graf0016770_02_e.png

Estatistika-eragiketa hau Eustatek egin du Estatistikako Institutu Nazionalarekin (INE) lankidetzan Euskal Autonomia Erkidegoan

Ohar metodologikoa: etxerik gabeko pertsonatzat hartzen da, inkesta honen ondorioetarako, erreferentziako aldian eskuarki onartutako gizakientzako bizigarritasun-irizpideak betetzen dituen bizitokia irispidean ez duen 18 urtetik gorako pertsona, bai bizitokia legez bere jabetzakoa bada bai alokatua bada, edo doan okupatua (sektore publikoak edo gobernuz kanpoko erakundeek eskainitakoak eta enplegatzaileek eskainitakoak barne). Beste zenbait egoeraren artean jasotzen dira adikzioak dituzten pertsonak, migratzaileak eta nazioarteko babesa eskatu dutenak, tutoretzapean egon diren gazteak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak, segurtasuna bermatzeko beren ohiko etxebizitzatik irten behar dutenak.

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal Autonomia Erkidegoko etxerik gabeko pertsonentzako zentroen sareak 2018. urtean 2016. urtean baino % 25,6 pertsona gehiago ostatatu zituen egunero batez beste

Eragiketa : 
Etxerik gabeko pertsonentzako baliabideen estatistika
Eragiketa kodea : 
061006
Periodikotasuna : 
Bi urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2019/09/26
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://eu.eustat.eus/elementos/not0016770_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali