2019/10/25eko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTUAK. 2019KO IRAILA
Euskal AEko apartamentu turistikoetako gaualdiak %7,6 gehitu ziren 2019ko irailean
Udako hiru hilabeteetako –uztaileko, abuztuko eta iraileko– turisten balantzea %2,6ko hazkundearekin itxi da
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko apartamentu turistikoetako gaualdiak 2019ko irailean 29.319 izan ziren, 2018ko irailaren aldean %7,6ko gehikuntza dena. Gaualdiek gora egin dute hiru lurraldeetan: %16,6 Gipuzkoan, %5,4 Araban eta %1,4 Bizkaian.
2019ko irailean 8.157 bidaiari-sarrera erregistratu ziren Euskal AEko apartamentu turistikoetan, %11,6ko gehikuntza aurreko urteko hil beraren aldean. Bidaiari-sarrerak %14,1 gehitu dira Gipuzkoan, %12,5 Bizkaian eta %0,8 Araban.
Batez besteko egonaldiaren iraupena 3,59 egunekoa izan da azken irailean, 2018ko irailean izandako batez besteko 3,73 egunen azpitik. Araban, iazko 7,64 egunetatik aurtengo irailean 7,99 egunetara igo da; Bizkaian, 2,84 egunetatik 2,56 egunetara jaitsi da; eta Gipuzkoan, berriz, 2018ko iraileko 3,71 egunetatik igo da azken irailean 3,79 egunetara.
Turisten balantzea 2019ko irailean
Hotelak, landa-ostatuak eta apartamentu turistikoak batera, 344.399 sarrera erregistratu dira 2019ko irailean, %6,1eko gehikuntza dena aurreko urteko hil beraren aldean. Bizkaian Euskal AEko sarrera guztien %47,0 kontzentratzen dira, eta sarreren batura %7,8 gehitu da. Gipuzkoan erkidegoko sarreren %40,1 daude, %6,9ko gehikuntzarekin. Arabak Euskal AEko sarreren %12,9 ditu, eta %2,2 jaitsi dira.
Gaualdiek, establezimendu turistiko hartzaileen orotarakoan, %4,2 egin dute gora. Gipuzkoan eta Bizkaian ostatu-gauak %5,1 eta %5,3 igo dira, hurrenez hurren, baina Araban %1,8 jaitsi dira.
Turisten 2019ko uztaileko, abuztuko eta iraileko balantzea: Sarrerak gehitu dira %2,6 eta gaualdiak %2,8 Euskal AEn
Uztail, abuztu eta iraileko metatuan, 1.097.215 turista sartu ziren hoteletan, landa-ostatuetan eta apartamentuetan, eta horrek ekarri du %2,6ko igoera aurreko urteko aldi beraren aldean. Bizkaian sarrerak %3,8 igo dira, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta; Gipuzkoan ere %3,7 igo dira, baina Araban %4,5 jaitsi dira.
Bestalde, ostatu-gauen kopuruak %2,8ko igoera izan du Euskal AE osoan 2019ko uztailean, abuztuan eta irailean, 2018ko uztail, abuztu eta irailarekin alderatuta. Gipuzkoan %4,3 igo dira, eta Bizkaian %2,5, baina Araban %0,7 jaitsi dira.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62