2019/11/11ko prentsa-oharra
EZKONTZEN ESTATISTIKA. II/2019
Ezkontzak Euskal AEn %12,4 gutxitu dira 2019ko bigarren hiruhilekoan
Ezkontza zibilen ehunekoak gora egiten jarraitzen du, %85,6ra iritsiz
Euskal AEn 2019ko bigarren hiruhilekoan egindako ezkontzak 2.091 izan ziren; hau da, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, %12,4 jaitsi ziren, Eustaten datuen arabera. 57 ezkontza homosexual izan ziren; 30 gizon artean, 27 emakume artean. Gainerako 2.034 ezkontzak heterosexualak izan ziren.
Lurraldea kontuan edukita, ezkontzen kopuruak behera egin zuen hiru lurraldeetan: Araban 258 ezkontza izan ziren, Gipuzkoan 699 eta Bizkaian 1.039. Gainera, 95 senar-emazte Euskal AEtik kanpora bizitzera joan ziren.
Ohi denez, bigarren hiruhilekoan dezente hazi zen ezkontza-kopurua, batez ere ekainean; aldiz, neguko hiletan ezkontza gutxi izaten da.
2019ko udaberrian, ezkontza zibilen ehunekoa %85,6 izan zen, 2018ko hiruhileko berean izandakoa baino 2,2 puntu handiagoa, baina 2019ko lehen hiruhilekoan izandakoa baino txikiagoa, orduan %91,3ra iritsi baitzen. Aipatu portzentajea ezkontza heterosexualena da bakarrik; ezkontza homosexual guztiak zibilak direnez, 2,7 puntu gehitu beharko genituzke.
2019ko bigarren hiruhilekoko 2.091 ezkontzetan, bizilekua Euskal AEn duten 1.994 gizon eta 1.984 emakume ezkondu ziren. 1.684 senarrentzat (%84,5) horixe izan zen lehen ezkontza; 19 alargun eta 291 dibortziatu berriro ezkondu ziren. Emakumeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonenaren antzekoa izan zen: ezkongabeak, 1.689 (%85,1); alargunak, 9; dibortziatuak, 286.
Atzerriko naziotalitatea duten ezkontide-ehunekoa, goraka
Ezkontideen adinari doakionez, senarren %91ek 30 urtetik gora zituzten eta emazteen %84,6k. 2018ko epe berean, proportzioa berdina izan zen gizonen artean, eta apur bat txikiagoa emakumeen artean, %83,3.
2019ko apiril, maiatz eta ekaineko gizon ezkonberrien %8,6 eta emakume ezkonberrien %12 atzerritarrak ziren. Aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, gizonen artean portzentajeak ehuneko 1,3 puntu egin du gora, eta emakumeen artean 1,4.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62