2019/11/05eko prentsa-oharra
INDUSTRI PRODUKZIOAREN INDIZEA. 2019KO IRAILA
Euskal AEko industria-jarduera %1,9 gehitu zen 2019ko irailean
%0,8ko gehikuntza dago industri produkzioaren indizean 2019ko lehen bederatzi hiletan
Eustaten datuen arabera, 2019ko irailean, lan-egutegiko termino homogeneoetan %1,9 gehitu zen Euskal AEko industria-produkzioa, 2018ko hil beraren aldean. 2019ko lehen bederatzi hiletan %0,8ko hazkundea izan da, 2018ko aldi beraren aldean.
Urtaroen eragina zuzenduta, %0,4 murriztu zen Euskal AEko industria-produkzioa, 2019ko abuztuarekin alderatuta.
2019ko iraileko indizearen bilakaerak, 2018ko irailekoaren aldean, emaitza ezberdinak dakartza sektore industrial handietan. Energia %14,2 gehitu da, Bitarteko Ondasunak %2,3 igo dira eta Kontsumoko Ondasunak, oro har, %3,8 gehitu dira. Azken horien barruan, Kontsumo Iraunkorreko Ondasunak %4,6 gehitu dira eta Ez-iraunkorrak %3,5. Ekipo-ondasunak, aldiz, %0,9 jaitsi dira.
2019ko iraileko hil arteko aldakuntza ere, 2019ko abuztuaren aldean, oso bestelakoa izan da industri talde handietan. Ekipo-ondasunak %9,4 gehitu dira eta Bitarteko Ondasunak %0,3. Aldiz, Kontsumoko Ondasunak, guztira, %0,3 jaitsi dira (Kontsumo Iraunkorreko Ondasunak %6,1 jaitsi dira, eta Ez-iraunkorrak %1,3 igo) eta Energiak %6,3 egin du behera.
Euskal AEko industriako pisurik handieneko sektoreen artean, hazkunderik handienak 2019ko irailean, urte artean, hauek eduki dituzte: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%31,3), Material eta ekipo elektrikoa (%8,2), Metalurgia eta produktu metalikoak (%4,9) eta Zura, papera eta arte grafikoak (%4,8).
Alderantzizko zentzuan, jaitsierarik handienak sektore hauetan izan dira: Elikagaien, edarien eta tabakoaren industriak, %3,8ko jaitsierarekin urte artean; Garraio-materiala, %3,7ko jaitsierarekin; eta Makineria eta ekipoa, %3,1ekoarekin.
Lurraldearen arabera, Industri Produkzioaren Indizearen iraileko urte arteko bilakaera positiboa izan da Bizkaian, non %7,9 igo baita, baina Araban eta Gipuzkoan, berriz, %1,8 eta %1,6 jaitsi da, hurrenez hurren.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62