2019/11/25eko prentsa-oharra
ESTABLEZIMENDU TURISTIKO HARTZAILEEN INKESTA. APARTAMENTUAK. 2019KO URRIA
Euskal AEko apartamentu turistikoetako gaualdiak %2,5 gehitu ziren 2019ko urrian
Hotelak, landa-ostatuak eta apartamentu turistikoak batera harturik, %1,5eko gehikuntza izan da gaualdietan urrian
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko apartamentu turistikoetako gaualdiak 2019ko urrian 26.454 izan dira, 2018ko urrikoen aldean %2,5eko gehikuntza dena. Gipuzkoan %15,8 gehitu dira, eta Araban %6,7 jaitsi dira, nola Bizkaian ere %1,3.
Euskal AEko apartamentu turistikoetako bidaiarien sarrerak 8.047 izan dira 2019ko urrian; hau da, %19,1eko igoera izan da aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. Sarrerak %58,7 igo dira Gipuzkoan, eta %6,9 Bizkaian, baina %11,4 jaitsi dira Araban.
Batez besteko egonaldiaren iraupena 3,29 egunekoa izan da urrian, 2018ko urrian izandako batez besteko 3,82 egunen azpitik. Araban iazko 7,20 egunetatik aurtengo urriko 7,59 egunetara igo da, Bizkaian 2,76 egunetatik 2,55 egunetara jaitsi da, eta Gipuzkoan ere jaitsi da batez besteko egonaldia 2018ko urriko 4,15 egunetatik aurtengo urriko 3,02 egunetara.
2019ko urriko turista-balantzea
Hotelak, landa-ostatuak eta apartamentu turistikoak batera, 319.561 sarrera erregistratu dira 2019ko urrian, %5,7ko gehikuntza dena aurreko urteko hil beraren aldean. Bizkaian Euskal AEko sarrera guztien %46,7 kontzentratzen dira, eta sarreren batura %3,1 gehitu da. Gipuzkoan Erkidegoko sarreren %40,3 daude, %11,2ko gehikuntzarekin. Arabak Euskal AEko sarreren %13,0 ditu, eta %0,1 jaitsi dira.
Gaualdiek, establezimendu turistiko hartzaileen orotarakoan, %1,5 egin dute gora. Gipuzkoan %6,3 igo dira gaualdiak, baina Araban eta Bizkaian %5,2 eta %0,6 jaitsi dira, hurrenez hurren.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62